Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Zenbat birus

2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Pandemia honetan urte bat igaro ondoren, oraingoz hainbat galderak ez dute inolako erantzunik. Ezezaguna da, esate baterako, zergatik bizikideak diren pertsonen artean batzuk kutsatzen diren eta ondokoa ez, zergatik batzuek sintomak garatzen dituzten eta beste batzuek ez. Erantzunik gabeko beste galdera bat da zenbat birus kantitate sartu behar den pertsona bakoitzaren barruan infekzioa hasteko, hau da, birusaren dosia ezagutzea.

Infekzio askotan ezezaguna da birusaren dosi hori, esate baterako gripearen kasuan. Beste batzuetan, gutxi gorabeherako datuak ezagunak dira; elgorriaren birusaren kasuan, aldiz, 0,2 birus unitate sudurretik sartzea nahikoa dela uste da infekzioa hasteko.

Azken astean berri bat ailegatu zaigu esanez Erresuma Batuan COVID-19 Human Challenge proiektuakhori jakin nahi duela zehazki. Proiektu horretan bertako gobernuak eta hainbat erakundek (unibertsitateak, fundazioek, enpresek) parte hartzen dute, eta beraien helburua da birusaren funtzionamendu zehatza ezagutzea infekzioa prebenitzeko aukera onenak bilatzeko asmoz. Hori guztia egiteko, boluntario gazteak (18-30 urte bitartekoak) eta osasuntsuak erabiliko dituzte. Giza erronka horretan bitxiena da boluntario osasuntsu horiek apropos kutsatuko direla birusarekin, beraien sudurretik zipriztinduko da birusa, eta gero berrogeialdian hamalau egun igaroko dituzte ospitalean, osasun langileek hurbiletik zaintzen dituzten bitartean bere egoeraren gorabeherak aztertuz.

Horretatik guztitik lortu nahi dena da birusa sudurrean nola garatzen den jakitea eta sintomak agertu aurretik pertsonen infekzioaren lehen urratsak aztertzea. Ikerketa horren bidez, zientzialariek infekzioa eragiteko behar den koronabirus kantitate txikiena zehaztu ahal izango dute,gorputzeko sistema immunologikoak nola erreakzionatzen duen une oro jakingo dute edo zein pertsonak garatuko dituzten sintomak eta zeintzuk ez.

Erronka horretan alderdi etikoa ere eztabaidan egon da, ea etikoa litzatekeen osasuntsu dauden pertsonak nahita kutsatzea. Argi dagoena da edozein ikerketa etikoa izateko lortu nahi den helburua ikusi behar dela, eta, kasu honetan, pandemiaren kontra borrokatzeko interes kolektiboa, gizartearena, dago mahai gainean. Ikerketa mota horietan ziurtatu egin behar da parte-hartzaileen autonomia eta beraiek aukeratzeko gaitasun osoa izan behar dute; ziur egon behar da ez dagoela inolako elementurik haren onarpena akastuna izan daitekeela pentsatzeko. Ikerketa horrek jadanik onespen etikoa lortu du.

Zientzian beti galderak erantzun ahal izateko ikerketak egin behar dira eta arrisku-onura erlazio horretan onuraren alde baldin badago balantza aurrera egin behar da. Birus honekin zenbat eta galdera ikur gutxiago izan hainbat eta menperatuago izango dugula espero baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.