Leialtasun falta ala eskuinaren haustura? UPNren barruan sortu den arrakalak bi ikuspegi azaleratu ditu. Zuzendaritzaren aburuz, lan erreformari buruzko erabakia ez dute bete Kongresuko bi diputatuek, eta transfugen pare jokatu dute. Aitzitik, Sergio Sayasen zein Carlos Garcia Adaneroren arabera, azken bi urteetan Pedro Sanchezen gobernuaren aurka Kongresuan izandako diskurtsoaren kontrako posizioa proposatzen zuen zuzendaritzak, eta boto emaileek ez dute ulertu. Alderdi diziplina hautsi izanaren aurrean, irmo agertu zen atzo Javier Esparza alderdiko presidentea: «[Bi diputatuek] ez dute UPN ordezkatzen. Ezin dute jarraitu». Txio batekin erantzun zion Sayasek: «Javier Esparzak utzi dio UPNko boto emaileak ordezkatzeari».
Bi ikuspegiek zer norabide hartzen duten argituko da aurki. Atzo arratsaldean, UPNko zuzendaritza batzordea bildu zen, eta, bilkura hasi aurretik, emakume batek kartel baten bidez sostengua adierazi zien Adanerori eta Sayasi. Bileraren atarian, Miguel Sanz UPNko presidente ohiak aipatu zuen gertatutakoa «larria» izan dela, eta «triste eta harriturik» utzi duela.
Bilkura amaituta, jakinarazi zuten berme eta diziplina batzordeak espedientea ireki diela bi diputatuei. Halaber, zuzendaritza batzordeak agiri bat atera zuen. Ostegunean eskatu zitzaien Adanerori eta Sayasi diputatu akta itzultzeko. Atzo, hori egin ezean, alderditik kanporatuak izateko prozedurari ekingo diotela iragarri zuten. Zuzendaritzaren ustez, alderdiaren irizpideen kontra bozkatu izana «larria da». Gaineratu dutenez, diputatuek ezkutatu egin zioten alderdiari azken unera arte zer egingo zuten. «Kalkula ezineko mina egin zaie alderdiari eta buruzagiei, eta gure sinesgarritasuna eta fidagarritasuna kolokan jarri dute».
Zuzendaritza batzordearen bileran izan zen Adanero, eta agiriaren aurka bozkatu zuen kide bakarra izan zen. Haren hitzetan, «bilkura zaila» izan zen. «Gauza hauek ez dira atseginak, esan beharrekoa esan dugu, eta eurek berea esan dute». Adanerok argitu du ez duela akta itzultzeko asmorik, UPN bere etxea delako eta alderdiko estatutuek ezarritako irizpideen arabera hartu beharko direlako erabakiak: «UPNko diputatuak gara alderdiak egokitutako organoek kontrakoa ez dioten bitartean».
Denbora beharko da hori dena argitu arte, baina gaurkoa egun erabakigarria izango da. Kongresu arteko organo gorena, Kontseilu Politikoa, batzartuko da Navarra Arenan, 11:00etatik aurrera, egoera eta zuzendaritza batzordearen proposamena aztertzeko. Kontseiluan, militanteen %10 inguruk parte hartzen dute;232 kidek, alegia. Osteguneko gertaerek Esparzaren lidergoa kolokan jarri dute, eta gaurko bilkurak batasun irudia eman nahiko du.
Lan erreformaren aldeko botoaren truke, hainbat kontu hitzartu zituen UPNk PSNrekin. Estrategikoki sozialistengana gerturatu eta PSNren orain arteko bazkideengan zalantzak piztea bilatu zuen UPNk. Aitzitik, kontrako botoarekin, Pedro Sanchezen gobernua higatzeko modua ikusi zuen Espainiako eskuinak, eta analisi horrekin bat egin zuten Sayasek eta Adanerok. Adaneroren arabera, «koherentziaz» jokatu dute: «Bi urte daramatzagu esaten Bilduren botoei esker dela Sanchez presidente». Horregatik, haren ustez, lan erreformaren bozketa erabakigarria zela jakinik, boto emaileek ez zuten ulertuko zergatik ematen ari zitzaizkion babesa Sanchezi.
Ikusteko dago Sayasen eta Adaneroren analisiarekin bat egiten duten ordezkaririk ba al den gaurko kontseilu politikoan. Sayasek ziurtatu du kontseiluan parte hartuko duela. Ezin da ahaztu babes handia izan zuela 2020ko ekainean Esparzarekin izandako barne lehian: orduko hartan botoen %41 lortu zituen.
Geroa Bairen mezua PSNri
UPNren barne krisiak arreta mediatikoa bereganatu badu ere, Geroa Bairen ustez «UPNk emandako hitza ez betetzea bezain larria da PSNk agertutako ahulezia». Uxue Barkosen hitzetan, «Madrilen haien beharrizan taktikoei erantzuteko helburuarekin, eta, Nafarroako politika baldintzatzeko eta ahultzeko ahaleginean, Iruñeko osoko bilkuran udal politikan gogoratzen den atalik tamalgarrienetakoa eragin du». Haren ustez, Enrique Maia Iruñeko alkateari «bigarren aldiz aurrekontuak oparitu dizkiote».
Halaber, espero du Hitzarmen Ekonomikoaren erreforman PSNk ez duela UPNrekin akordiorik lortuko. Barkosek ohartarazi zien sozialistei amai dezatela «geometria aldakorraren jokoa», eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari eskatu zion «ontziaren gidaritza eta lema har» ditzala. Argi du Geroa Baik UPNren eta PSNren arteko akordioa ez zela mugatzen soilik Iruñeko Udalera, eta atzean kontu gehiago egon daitezkeela.
Ramon Alzorriz PSNko eledunak Geroa Bairi erantzun zion akordio programatikoa «zorrotz» betetzen dutela, baina geometria aldakorrarekin aurrera egingo dutela, batzuekin eta besteekin hitzartuz. «Beti egon gara prest talde parlamentario guztiekin hitz egiteko eta hitzartzeko».
EH Bilduren arabera, orain arte ezagutu den akordioak erakusten du «noraino iristeko gai den UPN, alderdiko lehendakariorde eta Iruñeko alkate Enrique Maia jauna udaleko gehiengoaren gaitzespenetik babesteko». Haren irudiko, eskuinaren zatiketak agerian uzten du eskuinak ezin duela jasan Nafarroako erakunde nagusietatik kanpo izatea eta EH Bildu «Nafarroan eta estatuan indar erabakigarria izatea».
Esparza: «Ezin dute jarraitu»
Diputatu akta itzuli ezean Sayas eta Adanero alderditik kanporatzeko prozedurari ekitea proposatu du UPNko zuzendaritzak. Gaur goizean aztertuko du egoera Kontseilu Politikoak, Navarra Arenan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu