Arrakala nola murriztu

Ortuzarrek, Otegik, Anduezak eta Garridok belaunaldien arteko ituna nola dagoen aztertu dute EHUko udako ikastaroetan. Zaintza eta zahartze eredua birpentsatzeko premiaz aritu dira, besteak beste

Ortuzar, Otegi, Andueza eta Garrido belaunaldien arteko itunaz, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroetan, belaunaldien arteko itunaren inguruan hausnartzeko elkartu ziren atzo Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Eneko Andueza PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusia eta Pilar Garrido Ahal Dugu-ko Euskal Autonomia Erkidegoko idazkari nagusia; Lourdes Perez Aubixa fundazioko kideak gidatu zuen saioa. Hainbat kontu izan zituzten eztabaidagai: belaunaldien arteko arrakala, zaintza, zahartze eredua, egoitzak eta beste. Eta bat egin zuten ideia batekin: badago zer hobetua.

Mahai ingurua hasteko, Perezek esan zuen bizi itxaropenak gora egin duela, eta horrek modua eman duela belaunaldi ezberdinetako jendea elkarrekin bizitzeko. Eta galdera bota zuen: belaunaldien arteko arrakala suertatu da? Ortuzarrek azaldu zuen ez duela uste «haustura bat» egon denik, baina, haren irudiko,«belaunaldi gazteek konpromiso gutxiago» dute. Gazteen egoerarekin «kezkatuta» agertu zen Otegi, eta adierazi zuen politika publikoek ez dituztela aintzat hartzen haien beharrak. «Konpromisoaz» hitz egiterakoan faktore horiek kontuan hartu behar direla dio. «Bai, sumatzen dut belaunaldien arteko arrakala bat». Anduezaren arabera, gizartea geroz eta indibidualistagoa da, baina ez du uste belaunaldien arteko haustura dagoenik. «Zaintzen duen hori zaindu beharra» dagoela azpimarratu zuen.

Itun sozialaren «hausturaz» aritu zen Garrido, eta gazteen bizitzak «prekarioak» direla adierazi zuen. Bestalde, zaintza izan zuen hizpide, eta horiek «berrantolatzea» funtsezkoa dela nabarmendu zuen. «Hor badago arrakala bat, emakumeen eta gizonen artean. Berdintasunean oinarritutako zaintzen sistema publiko bat behar dugu». Otegiren esanetan, administrazio publikoak badu zaintzen inguruko erantzukizuna, eta ez da dena «konpromiso indibiduala edo familiakoa». «Administrazio publikoaren ardura da oinarrizko eskubideak babestu eta bermatzea», erantsi zuen.

Zahartzeari erreparatuta, Garridok adierazi zuen aukera moduan hartu beharko litzatekeela: «Nire bizitzari zentzua ematen dion bizi proiektua eduki nahiko nuke». Hots, zahartze prozesua birplanteatzeko premia sumatzen du. «Beste modu batera egin behar diogu aurre, eta generoaren aldagaia ere aintzat hartu behar dugu». Anduezak esan zuen ez duela uste «zahartze eredu bat» existitzen denik, eta azalpena eman zuen: «Gizartea eboluzionatzen ari da, eta ereduak geroz eta aldakorragoak dira».

Moderatzaileak gogoratu zuen hauteskunde programetan alderdiak kritiko agertu zirela 2008ko gizarte zerbitzuen legearen garapenarekin. Ortuzarrek esan zuen bere ustez «sistema nahiko progresista» dutela, nahiz eta «moldaketa eta hobekuntza» batzuk behar dituen. «Oreka hobea behar da arreta formalaren, instituzionalaren eta informalaren artean». Adierazi zuen instituzioek ezin dutela «dena beren gain» hartu: «Baldintzak sortu eta tresnak jartzea tokatzen zaie instituzioei». Eta gaineratu zuen: «Mekanismo instituzionalak ematen dira. Hobetu daiteke. Bokazioa badago».

Ez zen ados agertu Garrido, eta «berandu eta gaizki» aritu direla azpimarratu zuen. Zahartzaroaren inguruko ikuspegia «okerra» dela iritzi du: «Ez da ikusten aukerarako etapa moduan, arazo moduan baizik». Aldaketa estrukturalak egin behar direla nabarmendu zuen, eta zaintzaren krisia konpondu behar dela. «Optika aldatu behar da».

Anduezaren iritziz, ezin zaio eredu egonkor bati jarraitu: «Egokitzeko parada ematen duen eredu bat diseinatu behar dugu. Kontu transbertsala da». Otegik nabarmendu zuen arazoaren sustraira jo behar dela. Salatu zuen zaintza merkantilizatu egiten dela, eta negozio dela. «Uste dugu osasunarekin, hezkuntzarekin edota zaintzarekin negozioa egitea ez dela etikoki egokia». Pandemiak hauskortasun asko agerian utzi dituela iritzi dio; tartean, zahar etxeen eredua.

Itun politikoa

Azkenik, ea ituna beharrezkoa den galdetu zuen Perezek, eta hori lortzeko modurik ote dagoen. Argi hitz egin zuen Ortuzarrek: «Bai, behar da, eta lortu dezakegu». Bide beretik jo zuen Anduezak ere. Garridok esan zuen «esfortzu» hori egin behar dela. Otegiren esanetan, posible dira akordioak termino partzialetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.