Atzo amaitu zen Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari osoko zuzenketak aurkezteko epea. Elkarrekin Podemosek eta PP+C's-ek iragarria zuten osoko zuzenketak jartzeko asmoa, baina ikusteko zegoen EH Bilduk zer egingo zuen. Atzo, Eusko Legebiltzarrean, gobernuaren kontrol saioan, Maddalen Iriarte bozeramaileak iragarri zuen taldeak ez zuela osoko zuzenketarik aurkeztuko, elkarrizketarako borondate «zintzoa» duela erakusteko. Legebiltzarreko osoko bilkuran, Iriartek adierazi du Jaurlaritzak prestatutako aurrekontu proiektua ez dela «herrialde honek behar duena», baina aitortu du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren jarrerak «aukera bat» zabaldu diola akordio bati. Hortaz, aurrekontuak «hobetzea» izango da EH Bilduren asmoa, Iriarteren esanetan.
Azken egunetako bilakaera ikusita, espero zitekeen indar subiranistaren erabakia; Jaurlaritzarekin aurrekontuak negoziatzeko bileretan jarraitzen duen talde bakarra da, eta asteazkenean batzartu ziren azkenekoz. Bilera hartatik, EH Bilduko iturriek azaldu zuten bi aldeek elkarri proposamenak egin zizkiotela bilkuran, eta EH Bilduk «akordio onena lortzeko lanean» segitzen zuela.
Hori horrela, 32 zuzenketa partzial aurkeztu dizkiote aurrekontu proiektuari. Guztira, 118 milioi euroren erabilera aldatzea proposatu du, «azaroaren 10ean gobernuari helarazi zion proposamenarekin koherentzian». EH Bilduk nabarmendu duenez, hobekuntzak planteatu dituzte nagusiki osasunean, klima larrialdiaren aurkako politiketan, ongizate energetikoan, politika sozialetan, zahar etxe eta egoitzetan, eta zaintza arloan eta gazterian.
Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eskerrak eman dizkio EH Bilduri. Uste du bere gobernuak aurkeztutako proiektua «eraldatzailea» dela, eta gogoan izan du gobernua eta oposizioko lehen taldea negoziatzen aritu zirela duela bi urte: «Nire hirugarren legealdi honetan, eta aurrekontuei dagokienez, bide berri bat irekitzen da; duela bizpahiru urte, asko aurreratu genuen negoziazioetan. Guk beti erakutsi dugu gure prestasuna, baina azken momentuan ez genuen akordiorik lortu».
Ados jartzeko aukera zabalik egonik, ordea, Urkullu beste esparru batzuetara begira jarri da: «Argi dago aurrekontuek badutela nahikoa garrantzia adostasun zabalagoak garatzeko eta ehuntzeko. Aurrekontuen negoziazioa irekita mantentzeak beste akordio batzuk lortzeko aukerak zabaltzen ditu. Aurrekontuekin batera, dena izango da beharrezkoa eta baliagarria aurretik dauzkagun erronkak aukera bihurtzeko». Zehaztu ditu balizko akordio baterako arloak ere: «Hezkuntza, autogobernua, osasuna, klima aldaketa, gizarte politikak, gazteria aipatuko nituzke. Legebiltzarrean lantaldeak ditugu gai hauetan aurrera egiteko».
Errealitatetik «urrun»
PP+C's koalizioak, ordea, osoko zuzenketa eta 1.500 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, iritzita Jaurlaritzaren egitasmoa errealitate sozioekonomikotik «urrun» dagoela eta hura osatzeko aurreikuspenak «zaharkituta» geratu direla. Izan ere, koalizioak argudiatu du espero zela Euskal Autonomia Erkidegoko barne produktu gordina %9 haztea baina errealitatean %5 haziko dela.
Luis Gordillo bozeramaileak azaldu du Jaurlaritzaren arazoa dela aurrekontuak «gauzatzeko ezintasuna», gobernuak mila milioi baino gehiago dauzkalako aurrekontuetan jasota baina gauzatu gabe. Diru kopuru hori «kutxan gordeta» eduki beharrean, Gordillok eskatu du familiei eta ekoizpen sektoreari emateko, eta horretarako beharrezkotzat jo du «kontabilitate egokitzapenak» egitea. Egokitzapen horiek kolpe bakarrean egin ordez, hirutan egitea proposatu du: heren bat —350 bat milioi— 2022an eta gainerakoa hurrengo bi urteetan. Gainera, PP+C's-en nahia da «zerga presioa murriztea».
Elkarrekin Podemos-IUk, berriz, osoko zuzenketa eta 197 partzial jarri ditu, argudiatuta aurrekontu proiektuak ez diola erantzuten «erronka historiko bati, bereziki pandemiatik eratorritako krisi ekonomikoari». Koalizioak uste du «2008ko krisiko paradigmaren antzekoarekin» prestatutako proiektua dela eta, beraz, «murrizketa sozialen aurrekontuak» direla: «Aurten bageneukan aukera zerbitzu publikoak babesteko eta indartzeko, eta aukera hori galdu egin da».
«Aukera bat» aurrekontuei
EH Bilduk ez dio osoko zuzenketarik jarri Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari, «elkarrizketarako borondate zintzoa» erakusteko. Eskertuta erantzun du Urkulluk: «Bide berri bat irekitzen da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu