Bukatu da aurtengo Euskaraldia. Edo, hobeto esateko, bukatu da euskararen erabilera sustatzeko ariketa erraldoiaren hamabost eguneko epea, baina orain beste etapa bat irekitzen da, eta horrek ere baditu bere zereginak eta xedeak: hamabost egunean iraulitako ohiturei, finkaturiko harreman berriei eta irabazitako guneei eusteko garaia da gaur hasi eta hurrengo Euskaraldira artekoa.
Ariketaren balorazioa egiteko agerraldian, ideia hori nabarmendu zuten atzo eragileek: «Euskaraldiak inertziak apurtzeko babesa eman digu egunotan», esan zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak, «eta aldatu ditugun dinamikei ahalik eta gehien eusteko garaia da orain».
Zupiriak esan duenez, Euskaraldiak erakutsi du posible dela «ohiturak aldatzea» eta euskaraz «uste baino gehiago» bizitzea. Horregatik, dei egin du kanpainaren txapak emandako «ahalmenak» baliatzera eta Euskaraldian «lortutako adostasunak eta identifikatutako guneak» erabiltzera euskaraz aritzeko.
Ariketa sozial masiboa
Aurtengo Euskaraldia «ariketa sozial masiboa» izan da, Euskaltzaleen Topaguneko Kike Amonarrizek esandakoaren arabera. Orotara, 179.780 lagunek eman dute izena «hizkuntza ohiturak aldatzea eta inertzia linguistikoak astintzea helburu izan duen ariketan».
Herritarrek eta eragileek batere aldekoa izan ez den testuinguruan egin dute hori guztia. COVID-19aren izurriak eragindako egoera ez da egokia izan pertsonen arteko harremanetan oinarritzen den ariketa baterako. Hala ere, «herri gogoa», Amonarrizen hitzetan «hainbat hamarkadatan gauza harrigarriak egitera eraman gaituena», gailendu egin da berriro, eta erakutsi du Euskal Herrikoa «gizarte bizia» dela.
Aurten ere ahobizi eta belarriprest izateko aukera izan dute Euskaraldian parte hartu dutenek. Euskal Konfederazioko Amets Lahetjuzanek nabarmendu du «roletan sakontzen jarraitu beharra» dagoela: «Oraindik ere, belarriprest izan daitekeen jende asko dago, zenbait arrazoi direla medio Euskaraldian modu aktiboan parte hartzea erabaki ez duena». Jende multzo hori aktibatzea jo du hurrengo Euskaraldirako zeregintzat.
Baina aurtengo Euskaraldiaren ezaugarririk nabarmenena ariguneak izan dira, herritarrei euskaraz aritzeko aukera eman dieten saltoki, elkarte, enpresa eta bestelako lekuak: «Euskara lasai erabiltzeko gune babestuak», Lahetjuzanek gogorarazi duenez. Euskal Konfederazioko ordezkariak nabarmendu du leku horiek «adostasunaren ondorio» izan direla, eta aintzat hartu du egoera zail honetan urratsa egitera deliberatu direnen prestutasuna.
Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea institutuko Mikel Arregik herri batzordeek eginiko lana goraipatu du: «Hilabete zailak bizi izan ditugu, eta ez da erraza izan herrietako batzordeen dinamikari eustea eta kalean lan egitea». Halere, nabarmendu du aurten aurrekoan baino udalerri gehiagotan antolatu dela Euskaraldia, «tokian tokiko euskalgintza, erakunde eta euskaltzaleei esker». Batzorde horien lanari jarraipena ematearen alde agertu da Arregi.
Instituzio, gizarte eragile eta norbanakoen arteko «lankidetza» ere goretsi du Arregik: «Elkarlanak elkarrekiko konfiantza eta aitortza eskatzen ditu; ikasketa prozesu bat ere izaten da tarteka. Baina herri gisa elkartzen gaituen horri begira, ikasteko eta lankidetza jarraiak eraikitzen segitzeko asmo irmoa daukagu».
Eragileak pozik agertu dira lortutakoarekin. Egia da egoera ez dela samurra izan, eta zailtasunek ekarri dutela aurten iaz baino lagun gutxiagok izena ematea —45.000 inguru gutxiagok, datuen arabera—. Aurtengo Euskaraldiko koordinatzaile Arrate Illarok argi du ezohiko egoerak berebiziko eragina izan duela horretan, baina esan du aurrerago aztertuko dituztela eragina izan duten faktore guztiak: «Adibidez, detektatu dugu duela bi urte izena emandako batzuek aurten ez dutela izena eman, pentsatzen zutelako ez zela beharrezkoa, eta orduan izena emanda nahikoa zela aurten ere parte hartzeko».
Aurtengo Euskaraldiari bukaera emateko ekitaldian, Euskal Herri osoko instituzio, euskalgintzako elkarte, komunikabide, kirol talde, unibertsitate, enpresa eta bestelako eragileen ordezkariak egon ziren.
EUSKARALDIAn BERRIA bizi
Eta orain, aldaketei eutsi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu