Koronabirusa

Gaitzei aurre egiteko ahalmena

Sendo behar da immunitate sistema eritasunei aurre egiteko; izurriak lehen lerrora ekarri ditu gorputzaren babes mekanismoei buruzko jakingarriak. Aldagai askok eragiten dute

Antigorputzak atzemateko testak, artxiboko irudi batean; immunitate sistemaren erantzuna neurtzen dute. ROBERT GHEMENT / EFE.
arantxa iraola
2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Gaixotasun bat ez da bataila bat, izurri bat ez da gerra bat, baina, Biocruces Bizkaiako ikertzaile Francisco Borrego immunopatologoari immunitate sistema zer den galdetu, eta irudi beliko bat hautatu du azalpena emateko, eta argigarria da: «Immunitate sistema gure barruan dugun armada bat dela esan dezakegu; defentsa bat da gorputzak arrotza dela deritzon ororen aurrean. Ez du zertan kanpotik datorren zerbait izan. Birusak, bakterioak eta bizkarroiak atzeman ditzake, eta, adibidez, gure gorputzaren barruan eraldatu eta minbizidunak bihurtu diren zelulak ere bai». COVID-19aren izurri betean, immunitate sistemari buruzko jakingarriek berebiziko garrantzia hartu dute; baita zientzialariek oraingoz gorputzak gaitz horri erantzuteko duen erari buruz eginiko aurkikuntzek ere. Hona hemen horiei buruzko zenbait argibide, Francisco Borrego ikertzailearen azalpenei atxikita:

BI ADAR DIRA

Oro har, immunologoek esplikatzen dute gorputzak bi immunitate mota dituela arrotz gisakotzat dituenen aurka egiteko: «Alde batetik, jaiotzetiko immunitatea deitua dago; edozein erasoren aurrean, oso azkar erantzun ohi du. Normalean, ez da espezifikoa izaten», azaldu du Borregok. Azken azalpen horrek esan nahi du immunitate mota horrekin martxan jartzen diren defentsak ez direla propio organismora heldu den patogeno horren kontra gorputzak garatutakoak; orokorrak dira. Atzetik heldu ohi da bigarren immunitate mota: «Moldaerazkoa». Horren bidez garatzen den erantzuna «propio zuzendurik dago» heldu den patogenoaren aurka egiteko. Immunitate hori beti «geroago» dator, ordea, eta garrantzitsua da gorputzean aurrez beste immunitatea esnatzea. «Hark, nolabait ere, bidea prestatzen du gero beste immunitatea heltzeko». Bigarren immunitate mota ulertze aldera, beste bi kontzeptu ere ikasi behar dira, bi klasetakoa izaten baita. Immunitate humorala deitua dago alde batetik: «Antigorputzen bidezkoa». Immunitate zelularra esaten diote besteari: «T linfozitoen bidez garatzen da».

«HARMONIA» BEHAR DA

Borregok adierazi du benetan erantzun «eraginkorra» lortze aldera gakoa dela bi immunitate klaseen erantzun «harmonikoa»: «Osagai guztiek beren lana egin behar dute era egokian, une egokian». Oreka inoiz galdu gabe: «Izan ere, erasoari aurre egiteko garatzen den erantzuna indartsuegia bada, horrexek kaltea eragin dezake». Aldagai genetikoek eragina dute prozesu horretan, bizi ohiturekin lotutako beste hainbatek ere bai: «Garrantzitsua da, esate baterako, elikadura osasungarri bat izatea». Edadeak ere eragina izaten du: zahartu ahala, immunitate sistemaren erantzuna makaldu egiten da.

COVID-19AK «AZTORATUTA»

Ikertzaileak koronabirusaren inguruan harritu dituen ezaugarrien artean dago hau: zenbaitetan, kutsatutako pertsonenganimmunitate sistemaren erantzun «aztoratu» bat eragiten du, eta erantzun horixe da sarri askotan hainbat pazientek lehen sintomekin hasi eta hainbat egunetara izaten duten osasun egoeraren larritzearen motiboa. «Izan ere, une horietan immunitate sistemak erantzuten du euliak kanoikadaka akabatzen jardungo balu bezala», esplikatu du Borregok. Kontrolik gabe aritzen da, anabasa batean. «Eta horrexek dakar, hain zuzen ere, sarriaskotan pazienteek erietxera joan beharra, eta zainketa intentsiboetako unitateetara ere bai».

OROIMENA HOR DA

Moldaerazko immunitateak ezaugarri garrantzitsu bat du, immunitate sistemaz jardutean usu nabarmendu ohi dena: «Memoria du». Alegia, arrastoa uzten du. Horrek zera esan nahi du: aurrez heldu zen patogeno bat berriz organismora heltzen bada, gorputzak oroitu egiten du nola jokatu zuen haren kontra eta, ondorioz, erantzuna «azkarragoa eta eraginkorragoa» izango da. «Hain zuzen ere, oro har, berrinfektatzen den pertsonari ez zaio deus gertatuko, edo sintomak aurrekoan baino arinagoak izango dira», nabarmendu du Borregok. Lasaigarria da, pandemia baten erdian, immunitate sistemaren ezaugarri horretaz jabetzea, baina, COVID-19ari dagokionez, dudak badira oraindik, eritasun berria baita, eta haren kontrako erantzunaren inguruko galdera asko erantzunik gabeak baitira. «Ez dakigu, esate baterako, memoria horrek noiz arte iraungo duen. Antigorputzek zenbat iraungo duten ere ez. Galdera garrantzitsuak dira, baina denbora behar da horiek argitzeko». COVID-19aren kasuan «berrinfekzio» egiaztatuak badira dagoeneko, baina kasuak ugaritu ahala eman ahal izango dituzte ikertzaileek benetan gertatzen denari buruzko argibide zehatzagoak.

TXERTOA, ZEHATZAGOA

Zertan ezberdintzen dira gorputzak berez sortzen dituen defentsak txertoa jarrita lortu ohi direnekin? Borregoren arabera, txerto asko, oro har, eta koronabirus honen aurka ikerketa fasean dauden gehienak ere bai, jomuga duten birusaren «zati baten» kontra egiteko pentsatuta daude zehazki; COVID-19aren kasuan, adibidez, gehienak prestatzen ari dira birusak organismoan sartzeko darabilen proteinaren aurka egiteko. Txerto eraginkorra eta segurua lortuta ere, bolada batean erantzunik gabeko galderak egongo direla onartu du Borregok: «Denbora beharko da jakiteko txerto horren dosi bat, bi edo hiru beharko diren, eta zenbateko tartearekin jarri beharko diren. Gauza horiek apurka jakingo ditugu». Zenbait talderi begira, gainera, beti tentuz jokatu beharko dela zehaztu du; adinarekin erantzun immunitarioa apaltzen den heinean, adibidez, adineko pertsonetan ere txertoek zenbaitetan eraginkortasuna galtzen dutela oroitarazi du, eta xehetasun askori erreparatu beharko zaiela. «Ikusi egin beharko dugu zer gertatzen den».

IMMUNITATE GURUTZATUA

Ikertzaileek naro jardun dute, koronabirusaren gaineko ikerketetan sakondu ahala, immunitate gurutzatuaren inguruan ere. Zer den ulertzen hasteko, horra Borregoren hitzetan estreinako azalpena: «Pertsona batek lortu du, adibidez, memoria patogeno jakin baten aurka; patogeno horrek antza izan dezake gero helduko den beste batekin». Hain zuzen ere, immunitate gurutzatuaren arloko ikerketetan baloratzen dute jada lortuta dagoen «memoria» batek zer «balio» izan dezakeen geroago hel daitezkeen beste patogeno berri eta «antzekoen» aurrean. COVID-19aren kasuan, zehazki, jakina da gaitza eragiten duen birusa hotzeriaren zenbait birusen antzekoa dela, eta aurrez birus horiekin infektatutako pertsonek oroimen horri «balioa» atera diezaioketen aztertzen ari dira orain hainbat ikerketa talde. Itxaropentsu, baina zuhur. «Ikuspegi teorikotik hitz egin behar da oraino immunitate gurutzatuaz», ohartarazi du Borregok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.