ana galarraga aiestaran
Zientzia. ARGI ALDIAN

Feminismoaren ekarpena zientzian

2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Ikerketa feministagoa behar dugu»; hala dio Irati Romero Garmendia ikertzaile biomedikoak, Elhuyar aldizkarian eta Zientzia kaiera blogean gaur bertan argitaratutako elkarrizketan. Haren esanetan, ikerketa-munduko balioak oso matxistak dira; adibidez, lehia eta indibidualtasuna sustatzen dira; argitalpenen kantitateari ematen zaio garrantzia, ez kalitateari; eta bizitza pertsonala sakrifikatzea txalotzen da. Aldiz, zigortu egiten dira emetasunarekin lotutako portaerak, adibidez, norberaren eta ingurukoen zaintza, eta emakumea izatea bera, esaterako, batzarretarako hizlariak edo ordezkariak aukeratzean.

Alabaina, Romeroren ustez, ikerketa-munduak azken balio horiek bere egingo balitu, zientzia hobea izango litzateke; besteak beste, fokua ez litzatekeelako argitaratzean jarriko, baizik eta zer, zergatik, nola eta norentzat ikertu, eta baliabideak ere hobeto bideratuko lirateke.

Romeroren antzeko lekukotza eman dute beste elkarrizketatu batzuek ere. Izaro Zubiria Ibargunenek, esaterako, albaitaritza ikasi zuen, eta lehen sektorean egin du lana, tartean, baita ikerketa-proiektuetan ere. Eta garbi dio: «Lehen sektorean eta ikerketan emakume izateak desabantailak ditu». Eva Perez-Pons Andradek, berriz, Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza egin du, eta hari ere salagarriak iruditu zaizkio unibertsitate giro maskulinoa eta hierarkizazioa.

Emakume ikertzaile gazte horien hitzak, baina, ez dira iritzi soilak. Azkenaldian, zientzia-sistemari egindako kritika zorrotz eta sendoenetakoak feminismotik (feminismoetatik) datoz.

BERRIA-n bertan, Estitxu Villamor Lomas eta Uzuri Albizu Mallea zientzialariek idatzi izan dute zientziaren ustezko neutraltasunaren aurka. Hau zioten Irakaskuntzaz, zientziaz eta 'backstage'-az artikuluan: «Zientzia egiten dutenak gizartean inskribaturiko gorputzak dira, eta ez adimen testuingururik gabeak. Eta gorputzok, zientzia egiten dutenean, pentsatzeaz gain, sentitu ere egiten dute, eta desiratu, proiektatu, komunikatu, ekin».

Feminismoak zientzia-eremua aztertzean agerian jarri dituen bi ideia bota dituzte egileek bi esalditan: batetik, zientzialariak gizartearen parte direla, eta, bestetik, pertsonaren arlo guztietan jarduten duten gorputzak direla. Eta zer? galdetuko du, agian, baten batek: bada, gizarte honetako gainerako pertsonek dituzten aje, estereotipo eta zamak dituztela zientzialariek ere, eta iraunarazten eta eraikitzen dituzten egiturak sendotu eta egonkortu egiten dituztela.

Horretaz jabetzea eta ohartaraztea izan da feminismoek zientziari egin dizkioten ekarpenetako bat. Horrez gain, zientzia ikuspegi horrekin egiteak dakartzan ondorioak ikusgai egin dituzte, medikuntzatik hasi eta adimen artifizialeko algoritmoetaraino. Eta zientzia eta zientzialarien bizitzak hobetzeko proposamenak egin dituzte. Aldarrikapen nagusia da komunitate zientifiko inklusiboago bat (demokratikoago bat) hobea dela, hobeto barnera ditzakeelako berez zabalagoa eta askotarikoagoa den komunitatearen balioak, lehentasunak eta helburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.