ARGI ALDIAN

Ba al dakigu zer diren mikroplastikoak?

Daniel Montoya
2023ko otsailaren 10a
00:00
Entzun

Bizitzen ari garen aldaketa globala eragiten ari da bioaniztasunaren eta ekosistemen funtzioen eta zerbitzuen galera. Aldaketa globalari buruz hitz egiten dugunean, normalean, burura datozkigu klima aldaketa, habitaten zatikatzea eta galera, baliabideen gehiegizko ustiapena, eta abar. Beste faktore bat gehitu zaio zerrenda horri: mikroplastikoak. Baina, zer dira mikroplastikoak? Zer-nolako eragina dute ekosistemetan?

Petrolioaren eratorrietatik sortutako neurri txikiko —bost milimetro baino txikiagoak— partikula sintetikoak dira mikroplastikoak. Txikiak dira, bai berez hala sortzen dituztelako, bai plastiko handiagoak desegitean sortu direlako. Eguzki izpiek, izpi ultramoreen erradiazioak eta aldaketa termikoak desegiten dituzte plastikoak.

Mikroplastiko mota asko daude. Mota bakoitzak ditu ezaugarri fisiko-kimiko ezberdinak (polietilenoa, polipropilenoa, poliestirenoa, adibidez), baina mikroplastikoek bi ezaugarri nagusi dituzte: alde batetik, nonahi daude, baita lurrean, ozeanoen hondoan, nekazaritzan, airean eta baita zenbait elikagaitan ere; bestetik, denbora luzez irauten dute, eta oso zaila eta neketsua da modu naturalean desagertzea. Ondorioz, mikroplastikoen kutsadura gure ingurunearen zati integrala bihurtu da. Izan ere, mikroplastikoak aurrera eta atzera dabiltza aurreko mendearen erditik aurrera. Esate baterako, hamar mila milioi tona plastiko iristen dira ozeanoetara.

Mikroplastikoek hainbat inpaktu dituzte ekosistemetan. Agian guretzat ezagunenak argazkiak dira, neurri ertaineko plastikoak jateagatik hildako hegaztienak, zabortegienak edo ozeanoen erdian dauden plastiko irlenak. Hala ere, mikroplastikoek eragiten diete banako organismoei eta haien fisiologiari. Kate trofikoko maila ezberdinetako organismo multzo zabal batek irensten ditu, zuzenean edo zeharka, adibidez. Haien neurria oso txikia denez, bakterioen moduko zelula bakarreko izakiek ere irents ditzakete. Mikroplastikoak irensteak ondorio kaltegarriak izan ditzake organismoen hazkundean eta ugalkortasunean, haien elikatzeko gaitasuna mugatu dezake, eta bizi itxaropena gutxitu. Baina mikroplastikoak badira gizakiak sortutako habitat edo substratu bat ere. Nitxo berri bat sortzen dute mikroorganismoentzat: plastifera. Plastifera-n mikrobioen komunitate konplexuak aurki daitezke, eta oso litekeena da horrek ekosistemen produktibitatean eragitea.

Gaur egungo ikerketa mugitzen ari da, nagusi den ikuspegi ekotoxikologikotik, ikuspegi ekosistemiko osoago batera. Ikuspegi ekosistemiko horren oinarria da ikertzea ea norbanakoetan eta populazioetan duten eraginak ondorioak dituen komunitateen eta ekosistemen eskalan. Zantzu batzuek erakusten dute mikroplastikoek balizko eragina dutela bioaniztasunean eta funtzio eta zerbitzu ekosistemikoetan. Mikroplastikoak, adibidez, karbonoz osatuta daude nagusiki, eta, beraz, ekosistemetan baldin badaude, ez dira fotosintesiak edo karbonoaren oinarrizko ekoizpenak sortuak. Ondorioz, aldatu egin ditzakete mikrobioen jarduera eta ziklo biogeokimiko globalak.

Hortaz, mikroplastikoak aldaketa globalaren faktore gisa tratatuak izaten hasi dira jada. Hala, haiei buruzko ikerketa klima aldaketaren eta habitaten galeraren ikerketen pareko zorroztasunarekin egin behar da. Mikroplastikoek eragindako kutsadura mundu guztian handitzen ari denez, haren inpaktuak aztertu behar ditugu, eta baita inpaktu horiek arintzeko neurriak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.