Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala lortu du: Batuz aldatu. Atzo egin zuten haren aurkezpena, Donostiako Kursaalean, agiriarekin bat egin duten eragileen ordezkariekin batera. Hizkuntza politiketan jauzia egiteko garaia dela aldarrikatu zuten, eta argi dute helburua: euskara eroso erabiltzeko baldintzak sortzea. Euskal Herriko hainbat arlotako 99 eragilek egin dute bat dokumentuarekin.
Adostasuna lortzen ez dira hutsetik hasi. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak gogorarazi du 2016an Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa garatzeko eta adosteko gai izan zirela ehun eragile baino gehiago. Erantsi duenez, protokoloa aurkeztu eta gutxira hasi ziren hizkuntza politiketan «jauzia» egin behar delako ideiari tiraka. «Hizkuntzak gure eguneroko eremu guztiak hartzen ditu, eta horregatik erabaki genuen bazela garaia ganoraz askotariko eragileekin hitz egiten hasteko hizkuntzaz eta hizkuntza politikaz». Prozesuarekin jarraitzea erabaki zuten pandemiaren ondoriozko «testuinguru berri eta aldakorrean», hizkuntza politiketan «jauzia» egitea «are eta beharrekoagoa» dela iritzita. Iazko abenduan jo zuten beste kolpea: Bilbaok esan duenez, konpromisoa hartu zuten gizarte eragileekin hizkuntza politiken inguruko adostasunak abian jartzeko. Sei hilabete geroago, Kursaalean batu dira, «prozesu aberats» batetik igarota.
Atzera begiratu ondoren, etorkizunerako erronka berriak zehaztu dituzte. Elkarreko Joanmari Larrartek eta Euskal Monetako Eva Mutiok aletu dute adostasunaren muina. Dokumentuan jasotzen dutenez, euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea dute xede nagusi, eta, horretarako, hizkuntza eskubideak eremu guztietan bermatu beharko dituzte, «hala nahi duen edonork ez dezan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik izan». Hau da, finean lortu nahi dutena hauxe da: herritarrek, «ahalegin berezirik» egin beharrik gabe, euskara eroso erabiltzeko baldintzak izatea, euskaraz hitz egiteagatik deseroso edo baztertuak sentitu gabe. «Hortaz, jokaleku horretan, hizkuntza eskubideak bermatuko dira, eta euskaraz duintasunez bizi ahal izateko baldintzak beteko dira».
Larrartek eta Mutiok mahai gainean jarri dute adostasunaren garrantzia. «Euskal hiztunen eskubideek bermatu gabe jarraitzen dute», esanez hasi da Larrarte. Hori horrela, hizkuntza politikak «berrikusi, indartu eta jauzi berria» egiteko garaia dela nabarmendu du, aurrerapenak izan diren arren, «aski» ez direlakoan. Hizkuntzarena «gizarte osoa zeharkatzen duen auzi bat» delakoan, gizarte eragileek zeresana badutela esan du Mutiok: «Nork bere esparru eta harreman sareetatik jardunez eta eraginez, denon eskubideak bermatzeko urratsak egin behar ditugu, gizarte berdinzaleagoa eta kohesionatuagoa lortzen giltzarria baita». Adierazi du adostasunak horretarako «bultzada» izan nahi duela.
Helburua erdiesteko aurretik egin beharreko urratsen berri ere eman dute. Dokumentuaren arabera, erabilera erosora igarotzeko, bi mailatako baldintzak hartu behar dira gogoan: maila indibidualekoak eta kolektibokoak. Maila indibidualekoak norbanakoen erabilera erosoan zuzenean eragiten duten aldagaiak dira, hizkuntza erabiltzeko konpetentziari lotutakoak. Horren barnean, garrantzi handiena euskara erabiltzeko gaitasuna izateari eman diote, baina baita euskara erabili nahi izateari ere.
Bi motibazio mota landu behar direla uste dute: motibazio afektiboa —komunitatearen parte izatea, identitatea, euskararekin izaniko gozamenezko bizi esperientziak...— eta motibazio pragmatikoa —lotuta dago bakoitzaren garapen pertsonalean eta profesionalean euskaraz aritzeak ekarriko dizkion onurekin; beraz, zerikusia izango dute instituzioetatik garatutako politika publikoek, baita pribatuek ere—. Maila kolektiboko edo egiturazko baldintzak, berriz,«anitzagoak eta askotarikoagoak» direla nabarmendu dute dokumentuan: elebidunen dentsitatea, erabilera babesteko edo sustatzeko arauak eta politikak...
Ezagutza unibertsalizatzera
Euskararen erabilera erosoa lortze aldera, bi ardatz finkatu dituzte. Alde batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu behar dela iruditzen zaie: «Edonork, edonon, euskara erabiltzeko eragozpenik izango ez badu, ezinbestekoa da elkarrizketako partaide guztiek euskaraz gaitasun nahikoa izatea». Zehaztu dute hori lortzeko zer eremutan jarri behar den arreta ere: hezkuntza sisteman, helduen euskalduntzean —zerbitzua doan jasotzeko eskubidea aldarrikatu dute— eta hizkuntzaren transmisioan edo sozializazioan. Ezagutzaren unibertsalizazioa lortu arte, garrantzitsutzat jo dute ulermena unibertsalizatzea. Beste aldetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortzea, garatzea eta lotzea defendatu dute.
Helburua eta hori lortzeko urratsak finkatzearekin batera, konpromisoak ere jasotzen ditu agiriak: bertan adosturiko edukia gizarteratzea, administrazioarekin eta bestelako eragileekin izandako hartu-emanetan dokumentuan zehaztutako hizkuntza politikari buruzko ikuspegiak eta proposamenak defendatzea eta sinatzaileek elkarlanean segitzea.
Babes zabala
«Euskal Herri osoko eragileekin egin dugu lan: dokumentu hau Ainhize-Monjolosetik [Nafarroa Beherea] Tuterara [Nafarroa Garaia] iritsi da, eta hori oso handia izan da», esan du Bilbaok. Gainera, eremu askotako erakundeek bat egin dute: BERRIA Taldea, Bilgune feminista, Athleticen eta Realaren fundazioak, Mondragon Unibertsitatea, Irrien Lagunak... Bat egin duten eragileen ordezkariekin batera, ekitaldian izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran, baita EAJ, EH Bildu, Geroa Sozialberdeak, Elkarrekin Podemos-IU eta EH Bai indar politikoetako ordezkariak ere. Gainera, ekitaldiaren aurretik, Ahal Dugu-k euskararen araudiak berrikusteko eskatu du, «lan eskaintza publikoetan eskatzen diren hizkuntza eskakizunen berme juridikoak handitzeko». Horri lotuta, Eusko Legebiltzarrean legez besteko proposamen bat erregistratu dutela adierazi du.
Hizkuntza politiketan «jauzia» egitera deitu dute ia ehun eragilek
Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza politiketan eragiteko adostasun sozial berria aurkeztu du. Euskara eroso erabili ahal izateko baldintzak lortzea du helburu, ezagutza unibertsalizatzea sustatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu