Eraikin publiko, saltoki eta garraioek termostatoak mugatu beharko dituzte

Udan aire girotua gutxienez 27 graduan jarrarazi nahi du Espainiako Gobernuak; neguan, berriz, berogailua gehienez 19 graduan

Termostato bat, neguan tenperatura erregulatzen. BERRIA.
Iker Aranburu - Julen Otaegi Leonet
2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Termostatoak nahierara jartzeko askatasuna amaitzeko bidean dago. Energia aurreztea da orain erakunde publikoek beren buruari jarri dizkioten lehentasunetako bat, eta bide bizkor eta eraginkor bat dute orain jopuntuan: udan aire girotuak gutxiago hoztea, eta neguan, berriz, berogailuak gutxiago berotzea. Berogailuekin adostasun bat badagoela dirudi, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 19 graduan jarri baitute tenperatura egokia; aire girotuarekin, berriz, Gasteizko gobernuak 25 gradu aipatu ditu, baina 27 gradu, berriz, Madrilgoak.

Ikusteko dago zehazki zer termostatok zehazki zer tenperatura jarri beharko duen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio publikoetako bulegoetan hartu beharreko neurriak lantzen ari dira Eusko Jaurlaritza, hiru aldundiak eta Eudel. Irailerako iragarri dituztela aurreratu du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak, beste erakundeetako ordezkariekin bilera egin ondoren.

Proposatu dituzten neurriak, administrazioek aplikatu, aplikatuko dituzte. Ordea, herritarrentzako gomendioak ere badira, eta ohitura horiek «barnera» ditzaten da asmoa. Tapiaren arabera, herritarrek ez dituzte derrigorrean bete beharko, baina «ardurari eta solidaritateari» keinu egiten diete. Gogorarazi dienez, aire girotuaren termostatoa gradu bat jaisteak edo berogailuarena bat igotzeak %7 handitzen du kontsumoa.

Jaurlaritza baino urrunago joan nahi du Espainiako Gobernuak, administrazioen egoitzetan ez ezik, saltokietan, garraio publikoetan eta mota guztietako eraikin publikoetan ezarri nahi baititu bere arauak.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak atzo jakinarazi zuen astelehenean energia aurrezteko neurri sorta bat onartuko dutela ministroen kontseiluan. Gorbatarik gabe agertu zen Sanchez Moncloan bildutako hedabideen aurrera, energia aurrezteko bidean bulegoetan jantzi hori alde batera uztea egin beharreko keinu bat dela erakutsi nahian. «Ahal denean» gauza bera egiteko eskatu zien ministroei eta administrazioko langileei, «jada ez badute egin».

Lantokietan ere bai?

Sanchezek ez zuen xehetasunetan sartu nahi, baina aipatu zuen saltoki handietako egoera: «Merkataritza gune batera joatea nahikoa da ohartzeko baxuegia dela tenperatura». Horietan ez ezik, garraio publikoetara, ostatuetara, saltoki txikiagoetara eta jendaurrera irekita dauden eraikin guztietara zabaldu nahi du Madrilek termostatoen kontrola. Lantokietara ere irits daiteke agindua, gobernuko iturriak aipatuz hedabide batzuek aurreratu dutenez.

Espainiako Gobernuak gas kontsumoa %7 apaltzeko konpromisoa hartu du Europako Batasunarekin, eta horri begira beste agindu bat ekar dezake asteleheneko dekretuak: galdarak maizago berrikustea, gas isuririk ez dutela egiaztatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.