Koronabirusa

Salatu dute ikuskaritzak ez duela enpresarik gelditu

xabier martin
Donostia
2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak atzo salatu zuenez, lan ikuskaritzak ez du enpresa bakar bat ere gelditu, eta «asko dira segurtasun arloa urratzen» ari direnak lantokietan COVID-19aren zabalkundea eragozteko neurri bereziak indarrean jarri zituenetik. Radio Euskadin egin zituen adierazpenok, atzo. Horrekin batera, «oso eszeptiko» azaldu zen elkarrizketarako mahai bat eratzeko aukerarekin, Eusko Jaurlaritzak ez baitie entzun nahi «akordio txikietarako ere».

Lakuntzaren arabera, koronabirusak eragin duen krisia aztertuko lukeen mahaia baino gehiago, «zer politika berraztertuko diren» jakitea da oinarrizkoa. Izan ere, «oso denbora gutxian» ohartzen ari da jendea sindikatuak aspaldian salatzen ari diren hainbat auzi egia direla: esaterako, «sektore publikoaren rola» aldatu egin behar dela, eta «atzerrira joan ziren hainbat enpresa ekartzeko beharra dagoela».

ELAko buruaren ustez, osasun krisiak ekarritako krisi ekonomikoak oso nabarmen utzi ditu «austeritate politika eta ildo neoliberala», eta, egoera hori ikusirik, jakin nahi du «Jaurlaritzaren politikaren zer zati berraztertuko den». Zera galdetu zuen: «Beren politikaren zer zati berraztertzeko daude prest?».Gogoratu zuen Osakidetzaren lantaldeko ia %40k behin-behineko kontratua dutela, eta hori «erabaki politiko baten ondorioa» dela. Sektore publikoarekin jarraituz, zahar etxeetako langileen «prekaritatea» nabarmendu zuen.

Lakuntzak adierazi zuen jendea ohartu dela zeintzuk diren funtsezko alorrak, eta horrek berehalako aitorpen soziala ekarri diela sektore horiei. «Bizitzak aurrera egitea ahalbidetzen duten horiek dira: osasuna, garbiketa, egoitzak, janaria eta abar». Bada, erakunde publikoak sektore horiek «bazter utzi» dituztela kritikatu zuen, eta «prekarizatu» egin dituztela azken urteetan.

«Aitorpen politikoa»

Lakuntzarentzat «gakoa» da politika horiek guztiak berraztertuko ote diren ala ez. Eta horrekin batera, ea dagoeneko gauzatu den aitorpen sozial horrek berekin ekarriko ote dituen aitorpen politikoa eta lan alorrekoa. «Txaloetatik langileen zeregin erreala aitortuko duen erabaki politiko zehatzetara pasatu behar da».

Dena den, ez du askorik espero Jaurlaritzak martxan jarri nahi duen eragile sozialen mahaitik. «Elkarrizketarako beharra dago, baina gobernua erratu egin da lehentasunak jartzean, bakarrik patronalak esaten duena entzuten baitu; komunitate zientifikoak dioena ere ez du entzun». Salatu zuen Osasun Sailak baztertu egin dituela adituak, eta «lagunak eta ideologikoki gertu dauden pertsonak» jarri krisiaren batzordean; «eskandalu handia da hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.