Mende bat pasioz taupaka

Osasuna bide zirraragarria eginda iritsi da ehungarren urteurrenera. Kemena eta borroka izan ditu beti ardatz, baita harrobiaren eta harmailen sostengua ere. Zaleen atxikimendua erabatekoa da, eta kluba bazkideena da oraindik ere. Osasun betean ospatuko du mendeurrena, garai berriei adi.

Osasunak 1921ean izandako taldearen irudia. IRUÑEKO LIBURUAREN ETXEA.
enaut agirrebengoa
2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Gaur ehun urte entzun zen Osasunaren lehen taupada, 1920ko urriaren 24an, Iruñeko Gazteluko plazako Kutz kafean. Pasio baten jaiotza izan zen, mende batez grina berezia piztu eta zale askok bere sentitu duen proiektu baten abiapuntua. Gol baten zirrara, istorio baten lilura, harmailetako burrunba... Zenbat zale, hainbat bide dago gorritxo bihurtzeko. Baina behin zaletasuna zainetan sartuta, denei iristen zaie bihotzeraino. Horregatik, Nafarroako klubak zaleen atxikimendua izan du beti zutarri. Osasuna gaixotasun bihurtu da askorentzat, gauzak oker izan direnean batez ere. Sufritzera ohitu behar izan dute, baina ez dago ataka zailetik atera osteko adrenalina bezalakorik. Eta gorritxoek, lehenago edo beranduago, beti lortu dute egoera latzetatik onik ateratzea.

Gainera, garaipen eztia ere gozatu dute lantzean behin. Esaterako, ezagun dute Europako gau magikoen xarma eta Espainiako Kopako final batek sortzen duen ilusio alderaezina. Titulu bat altxatzea zer den ere badakite: Bigarren Mailako txapeldun bihurtu ziren 2018-2019ko denboraldian, Jagoba Arrasateren esanetara. Bizkaitarrak proiektu sendoa hezurmamitu du, eta gorritxoak elitean kokatu ditu berriro. Hala, Osasuna osasun betean iritsi da mendeurrenera. Taup-taup.


Osasunak 1921ean izandako taldearen irudia. IRUÑEKO LIBURUAREN ETXEA

ESTHER ALDABEHistorialaria

«Euskara indar handiz aldarrikatzen zen garai batean jaio zen kluba»

Sportiva eta New Club taldeen batasunaren emaitza izan zen Osasuna. Hogei lagun inguru bildu ziren Kutz kafean, nafar guztiak ordeztuko zituen klub bat eratzeko asmoz. Lehen zuzendaritzek garbi islatzen zuten aniztasun hori, Esther Aldabe historialariak azaldu dueneaz. «Klub bakoitzak bere ideologia zeukan garai hartan, baina Osasunan edonori egin nahi zioten tokia. Oso joera ezberdinetako pertsonak zeuden: nazionalistak, euskaltzaleak, ezkertiarrak, errepublikazaleak...». Aurrerago frankismoaren alde egin zuen jendea ere bazegoen agintarien artean. «Aktiboena Antonio Lizartza izan zen, Nafarroan erreketea antolatu zuena. Zuzendaritzan izan zen gerraren aurretik, eta presidente bihurtu zen gero».

Sortzaileek argi eta garbi zuten gauza bat: klubari euskarazko izena jarri beharra zegoen. Hainbat aukera zeuden Indarra, adibidez, baina jaramon egin zitzaion Eladio Zilbetik beste kide batzuekin batera egindako proposamenari. Hala, Osasuna deitu zuten. «Euskara indar handiz aldarrikatzen zen garai batean jaio zen kluba. Euskararekiko engaiamendu handia zuten lehen agintariek; batzuek senitartekoen bidez jaso zuten, eta beste batzuk orduan hasi ziren ikasten. Gainera, elkarte asko sortu ziren euskara zabaltzeko, eta beste futbol talde batzuek ere euskarazko izena zuten».

1935ean iritsi zen aurrenekoz Osasuna Lehen Mailara, Natalio Cayuelaren agindupean. Kluba geroz eta errotuago zegoen. Baina 1936ko gerrak erabat aldatu zuen jokalekua. Cayuela fusilatu egin zuten 1936an, haren anaia Santiagorekin batera. Patu bera izan zuten klubeko zuzendari izandako Zilbetik, Fortunato Agirrek, Alberto Lorenzok eta Ramon Bengaraik. Azken horren inguruko liburu bat idatzi du Aldabek. «Oso pertsona garrantzitsuak egon ziren klubean 30eko hamarkadan, baina frankismoak, beste kasu askotan bezala, ezkutatu egin zuen klubaren jatorria. Bada, estalitako guztia argitara ateratzen ari gara orain, hainbat egitasmoren bidez».

ENRIQUE MARTIN MONREALOsasunako jokalari eta teknikari ohia

«Etxeko jokalariak dira ehun urteko bide honen oinarria»

Gorabehera askoren ostean, Osasunak loraldia izan zuen 1980ko hamarkadan. Fermin Ezkurra zen presidentea, eta aulkian Pepe Alzate, Pedro Mari Zabalza eta Ivan Brzic eseri ziren. Bada, garai loriatsu hori bertatik bertara bizi izan zuen Enrique Martin Monrealek. «Osasuna Hirugarren eta Bigarren Mailan ikustera ohituta nengoen, baina Lehen Mailara igo ginen nire lehen urtean, 1980an. Kromoetan nituen jokalarien aurka jokatu behar nuen, nire etxeko taldean! Denboraldien joanean, egonkortu egin ginen elitean, eta Europan ere lehiatu ginen. Sekulako urteak izan ziren».

Martinek aurrealde mitikoa osatu zuen Patxi Irigibel eta Jose Manuel Etxeberriarekin. «Ohorea» izan omen zen haiekin jokatzea. «Idoloak ziren niretzat, eta asko gozatu nuen haien alboan. Zortea izan genuen lesioekin, eta denboraldiko 30-35 partida inguru jokatzen genituen. Bitxikeria gisa, hirurok gol kopuru berbera sartu genuen Lehen Mailan: 36. Baina dena esaten hasita, ni gazteagoa nintzen, eta haiek baino hiruzpalau denboraldi gehiago jokatu nituen».

Teknikari moduan ere arrasto sakona utzi du Arrizabalagakoak. Mirari handiak egin ditu; garrantzitsuena, 2015ean, klubaren historiako krisirik handienak eztanda egin ostean. Aurreko sasoietan partidak erostea egotzi zioten talde gorritxoari, eta, hori gutxi balitz bezala, Nafarroako Ogasunarekin zuen alimaleko zorra azaleratu zen. Bederen, taldea Bigarren Mailan mantentzea lortu zuen Martinek, Sabadelleko partida agonikoan. «Ez dut uste jaitsita taldea desagertuko zenik, baina batek daki. Jendea negar zotinka ikusten nuen harmailetan. Baina egoera erradikaletan bizirik irauteko sena izan du klub honek; 97ko salbazioa ere horren adibide da».

Halako egoeretan, are garrantzi handiagoa hartu omen du klubaren euskarrietako batek: harrobiak. «Etxeko jokalariak dira ehun urteko bide honen oinarria. Eta kanpotik etorri direnekiko errespetu osoz diot, ekarpen handia egin baitute. Baina egoera zailenetan, etxeko jokalariaren iraupen sena eta sentimendua beste edozein jokalariren gaitasun teknikoaren gainetik dago. Hori garbi ikusi dut beti».


Osasunak Realaren aurka 1920ko hamarkadan jokatutako partida baten irudia. IRUÑEKO OSASUN ETXEA

PATXI PUÑALOsasunako jokalari ohia

«Zaleek hauspotu egiten zaituzte une txarrenetan. Altxorra dira»

Ikur asko izan ditu Osasunaren harrobi oparoak, eta Patxi Puñal da nagusietako bat. Beste inork baino partida gehiago jokatu ditu elastiko gorritxoarekin: 513. Hamar urterekin iritsi zen klubera, eta 38rekin utzi zuen. Bizitako momentu guztietatik bat aukeratzeko eskatuta, ez du zalantzarik: «2005eko Kopako finala aukeratuko nuke; ez bakarrik final bat jokatzeagatik, baizik partida hark Nafarroa osoarentzat izan zuen esanahiarengatik. Giro oso berezia sortu zen: hiri guztia zegoen banderaz josita, eta jendeak ez zuen beste hizketagairik. Futbola gustatzen ez zitzaion jendea ere kutsatu zen». 

Bertigo apur bat ere sentitzen du urte haietan lortutako guztiari erreparatzean. «Taxoaretik ateratako lagun talde bat baino ez ginen, eta begira noraino iritsi ginen: Kopaz gain, laugarren izan ginen ligan, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatu genuen, eta finalaurrekoetaraino iritsi ginen UEFAn». Puñalek, Martinek bezala, funtsezkotzat jo du harrobikoen ekarpena. «Beharrezkoa izan da beti hemengo jokalariez osatutako nukleo gogor bat izatea. Harrobikoek esfortzua eta konpromisoa bermatzen dizute, eta nortasun horrek beti erraztu du zaleen atxikimendua lortzea». Hain zuzen ere, laudatu egin du zaleen babes eskuzabala. «Zelaian gauzak zenbat eta estuago izan, orduan eta sutsuago hauspotzen zaituzte. Osasunaren altxorra dira».

2014an piztutako krisia atzean utzita, kluba norabide onean ikusten du Puñalek. «Urak bare daude instituzionalki, eta, kirol arloan, itxura du Jagobaren proiektua sustraitu egingo dela elitean».

AMAIA MARKOTEGIOsasunako bazkide konpromisarioa

«Genero ikuspuntua oraindik lantzeko daukala iruditzen zait»

Analisi kritikoagoa egin du Amaia Markotegi bazkide konpromisarioak. «Parte hartzeko eta kontrolerako mekanismoak falta zaizkio oraindik. Dena oso ondo dagoela esaten digute, baina kezkaz ikusten dut, adibidez, estadioaren berritzean gainkostu handiak daudela». Emakumezkoen presentziari dagokionez ere, hutsune handiak daudela deritzo. «Nesken taldea geroz eta hobeto dabil, baina iruditzen zait linbo moduko batean dagoela. Eta genero ikuspuntua oraindik lantzeko dauka, adibidez, bazkideoi zuzentzerakoan eta saltzen dituen jantziei dagokienez».

Markotegirentzat, «familia giroko bizipen bat» da Osasuna, eta «bazkideen estatusak» egiten du berezi. Bazkideen esku dagoen klub apurretako bat da, Athletic, Bartzelona eta Real Madrilekin batera. «Horregatik, klubaren parte sentitu izan naiz beti». Bi partida ditu bereziki gogoan iltzatuta, Europan jokatutakoak: Hanburgoren eta Girondinsen zelaietan jokaturikoak. «Gehien gustatzen zaizkidan gauzetako bat da Osasuna doan tokira joatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.