Hego Euskal Herriko etxe gehienetan hilabete amaieran nabarituko dute kolpea, eta ez nolanahikoa, baldin eta prezioak oraingo mailan baldin badaude. Kontsumitzaile arrunt batentzat, %30 garestitu da argindarraren faktura urteko lehen hamaika egunetan. Aditu gehienak bat datoz: eskariaren handitzeak, energia berriztagarrien ekoizpen txikiagoak, eta, bereziki, gasaren prezioaren igoerak eragin dute egungo egoera. Gertatzen ari denak politikara ere egin du jauzia, eta Espainiako Gobernuak ikertzeko agindua eman du, baina lehen ondorioen arabera, ez du konpainia elektrikoen partetik jokabide zalantzazkorik ikusi.
Urte amaieratik, maximo historikoetan dago argindarra. Atzo, handizkako merkatuan, batez beste 84,25 euro MWh-eko ordaindu ziren, igandean baino% 2,2 gehiago, baina ostiralean baino 10 euro gutxiago: egun horretan ezarri zen, hain zuzen ere, historiako bigarren preziorik garestiena. Gaur, iluntzean izango da maximoa, 21: 00etatik 22: 00etara, 114,02 euro MWh-eko; eta minimoa, berriz, 05: 00etatik 06:00etara: 55,18 euro MWh-eko.
Zaila da aurreikustea egunotan gertatzen ari denak zenbat egun iraun dezakeen. Energiaren merkatua oso aldakorra izaten da, eta faktore askoren menpe egoten da. Adibidez, abenduren 25ean, ordu batzuetan, ia doan izan zen elektrizitatearen prezioa (1,95 euro MWh-eko), energia eolikoaren produkzioak gainezka egin zuelako, haizete batengatik.
Aurreko astean, energiaren %47,4 berriztagarriek produzitu zuten. Horien ekoizpenean jaitsiera egon den arren, horrek soilik ez luke azalduko prezioen igoera. Horregatik, egunotako hotz boladak eragin duen eskariaren gorakada ere aipatu dute beste aditu batzuek: %15 gehiago aurreko hilean baino eta %5,8 gehiago iazko epe berarekin alderatuta. Baina zifra horiek ere ez datoz bat prezioaren %30eko igoerarekin.
Nola islatzen da igoera kontsumitzaileen fakturan?
Gertatzen ari dena ulertzeko, kontsumitzailearentzat ezinbestekoa da argindarraren faktura ulertzea. Kontsumoak ordaindutakoaren %35-40 suposatzen du. Gainerako zatia bidesarien kostu finkoek (horrekin elektrizitatearen banaketa ordaintzen da) eta zergek osatzen dute. Kontsumitzaileen elkarteen arabera, joerak orain bezala iraungo balu, 15 euro gehiago ordainduko ditu kontsumitzaile arrunt batek hil amaieran.
Halaber, bi tarifa mota daude:arautua dutenek (PVPC)nabarituko dute gehien, kontsumitutako elektrizitatearen kostua eguneko orduko prezioen araberakoa delako. Merkatu librean dauden kontsumitzaileek, berriz, KWh-ko ordaintzen dute konpainia merkaturatzailearekin adostutako prezioan, eta tarifa finkoak izaten dituzte. Kontsumitzaile gehienak PVPCan daude, merkeagoa delako gaur egun, nabarmen. Eta kontagailu digitala dutenek (gehienek) ordukako prezioa ordaintzen dute.
Nola finkatzen da argindarraren prezioa?
Hori da gertatzen ari denaren gako nagusietako bat. Elektrizitatea sortzen duten enpresek eta merkaturatzen duten konpainiek egunero egiten dituzte eskaintzak hurrengo eguneko ordu bakoitzerako. Eskaintzaren eta eskariaren arteko orekak zehazten du prezioa. Prezioa ezartzeko orduan, energien mix-a egiten da: horretan energia merkeagoek dute lehentasuna, hala nola berriztagarriek eta nuklearrek. Eta garestienak, ziklo konbinatuko zentraletan edo ikatzean oinarritutakoak adibidez, sisteman sartzen azkenak dira. Energiagatik ordaintzen den azken prezioa eskaria estaltzen duen azken eskaintzak zehazten du. Beraz, merkeenekin eskari guztia hornitzea lortzen bada, energiaren truke prezio baxuagoa ordaintzen da. Hala ere, horiekin eskaera guztia betetzea lortzen ez badute, beste iturri garestiagoak gehitzen dira, ikatzezko zentral termikoek edo ziklo konbinatukoek sortzen dituztenak kasu. Azken horrek gas naturala erabiltzen du iturri nagusitzat.
Zer lotura dauka gasaren garestitzeak?
Giltzarria da. Gasaren prezioa asko garestitu da azken aldian; batetik, hornidura arazoak daudelako Aljerian, eta, bestetik, eskaera askoz handiagoa delako munduko zati askotan, Europan hotz boladagatik, eta batez ere Asian, eta zehazki Txinan, jardun ekonomikoaren itzuleragatik.
Baina ekuazio horri beste funtsezko puntu bat gehitu behar zaio: CO2 isurketen eskubideengatiko ordainketak: enpresek gehiago ordaindu behar dute horregatik, eta hori konpainia elektrikoek beren eskaintzetan beste gainkostu bat bezala sartzen dute kontsumitzaileen fakturetan.
CO2 isurketen auziak zeresan ugari eman du energien merkatuan ezarri zenetik. Izan ere, gas zentralek erositako isurketa eskubide horien prezioa beste energien ekoizle guztiek ere kobratzen dituzte, baita igorle ez direnek ere, berriztagarriek, nuklearrek eta hidroelektrikoek, esaterako. Espainiako Gobernuak muga batzuk jarri zizkion horri 2007an, baina bi urte geroago indargabetu zuen erabakia. Datu bat: aurreko astean, sortutako energiaren% 47,4 berriztagarriek produzitu zuten eta ekoizpenaren %72,4 CO2 emisiorik gabekoa izan zen, Red Electrica de España (REE) operadoreak jakinarazi duenez
Jose Bogas Endesako kontseilari delegatuak atzo esan zuenez, energia elektrikoa garestia da «sektore elektrikoak bere gain hartu dituen karga batzuengatik», eta azpimarratu zuen ez duela zentzurik horiek «berak bakarrik» ordaintzeak.
Argindarra preziorik garestienean da oraindik ere
Gasaren igoerak eta CO2 isurketengatik konpainiak ezartzen dituzten gainkostuek sorrarazi dute egungo egoera. Fakturak %30 inguru garestitzea aurreikusi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu