Nord Stream 2 negurako hasiko da gasa bidaltzen Alemaniara

Errusiak geopolitika astindu duen gasbidea amaitzea lortu du; Europa ekialdeko herrialde batzuk inoiz baino kezkatuago daude. Itsaso Baltikoaren azpitik iritsiko da gasa Europara

Nord Stream 2 negurako hasiko da gasa bidaltzen Alemaniara.
xabier martin
2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
Denborak esanƒgo du Europako Batasuna Errusiaren «are mendekoago» egingo ote duen, baina jadanik argi dago Nord Stream 2 gasbidea azpiegitura nagusia bilakatuko dela datozen urteetan, Errusiatik Europara gasa eramateko lasterketan. Gazprom konpainiaren kontseilari ordezkari Alexei Millerrek eman zuen albistea, atzo: Nord Stream 2 bukatutzat jo dute, eta, urtea amaitzerako, Errusiatik Alemaniara gasa eramaten hasiko da, Itsaso Baltikoaren azpitik.

Proiektuak kezka geopolitiko handiak eragin ditu azken urteotan, batik bat Polonian eta Ukrainan, azpiegitura berriak apaldu egingo duelako handik doazen beste gasbideen (Jamal eta Brotherhood) jarduera. Batera edo bestera, amaitu dute Gazpromek zuzendu eta nazioarteko beste zenbait konpainiarekin batera eraikitako azpiegitura. Frantziako Engie, Alemaniako Unuper eta Wintershalll, Austriako OMV, eta Erresuma Batuko Shell dira eraikuntza lanetan aritu diren Europako konpainia horiek. 10.000 milioi euro inguruko kostua izan du. 2021. urtean jadanik, 5.600 milioi metro kubiko gas eraman dezake hodiak, Gazpromen arabera, eta, urtero, Europa osora 55.000 milioi metro kubiko gas garraiatu ahal izango du Narvako badiatik (Errusia).

Europa ekialdean larritasun handia dago, ez Europak Errusiarekin duen mendekotasun energetikoarengatik, baizik eta Poloniako eta Ukrainako gasbideen jarduera apaltzeak galera ekonomiko handia eta, batez ere, galera geopolitiko bat eragingo dielako herrialde horiei. Haien lurretatik igarotzearen truke, tasa bat ordaindu behar du esportatzaileak, Errusiako Gazpromek, alegia. Gas hori Nord Stream 2tik igaroz gero, diru sarrera horiek galtzeko bidean daude hala Polonia nola Ukraina. Izan ere, Vladimir Putinek burdinazko eskuz zuzentzen duen potentziak atzean utziko baitu batik bat Ukrainako gas hodiaren mendekotasuna.

Urtebeteko geldialdia

AEBak proiektua geratzen saiatu dira, uste dutelako Nord Stream 2 gasbideak Errusia indartzen duela, eta Ukrainaren segurtasun energetikoarentzat arrisku handitzat jotzen dutelako. Era berean, Washingtonek sarritan azpimarratu du Europa «Errusiaren mendeko handiagoa» bihurtuko duela gas hodi berriak. Dena den, Joe Bidenen administrazioak uztailean aitortu zuen jada ezin zela gerarazi proiektua, eta amore eman zuen Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin batera egindako agerraldian. AEBek konpromisoa hartu zuten azpiegituraren lanak ez oztopatzeko, eta Alemaniak neurriak hartuko zituen trukean, Errusiak Europan duen nagusitasun energetikoa «murrizteko». Gainera, Berlinek finantzaketa bideratuko du Ukrainan energia berriztagarriak sustatzeko.

AEBek, ordea, gasbidearen lanak geratzea lortu zuten 2019ko abenduan, isun ekonomikoak tarteko. Suitzako Allseas konpainiak uko egin zion proiektuari, eta hura zen itsaso azpiko tartea eraikitzearen arduraduna. Orduan, Putinek iragarri zuen Gazpromek eta Errusiak hartuko zutela proiektuaren ardura osoa, baldin eta beste enpresen ukoak iristen baziren. Nord Stream 2 urtebete egon zen geldirik, haren alternatibak aztertzen ziren bitartean; baina, azkenerako, Moskuk hartu zuen bere gain eraikuntzaren azken fasea, eta Nord Stream 2 bukatutzat jo zuten atzo.

Gas merkeagoa, ustez

Gas hodiak bost herrialderen lurrak edo urak zeharkatzen ditu: Errusia, Finlandia, Suedia, Danimarka eta Alemaniarenak. Gazpromeko kontseilari ordezkari Millerrek esan du gasa merkatu egingo duela Europako erabiltzaileentzat, gasbidearen ibilbidea laburragoa delako Ukraina zeharkatzen duenaren aldean. Gasak 2.000 kilometro gutxiago egin beharko ditu Greifswaldera (Alemania) iristeko, Nord Stream 2 bideari esker.

Berlin izan da, Moskurekin batera, gasbide berria egitearen defendatzailerik handiena; haien interesek bat egin dute Nord Stream 2 proiektuan. Orain, zalantza nagusia da Ukrainako Brotherhood gasbidea zer-nolako egoeran geratuko den eta horrek nola eragingo dion Errusiaren aurrean Mendebaldeko aliatuaren rola jokatzen duen herrialde estrategiko bati: Ukrainari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.