Alderdiak bidea egiten ari dira uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako. Atzo aurkeztu zituen Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak programa, kartela eta leloa. Kartelak laburbiltzen du programa: berdea, morea eta gorria da.
Gorrotxategiren hitzetan, ez dago galtzeko denbora gehiago. Horregatik, ezkerreko aliantza baten alde egin du: «Ziurtatzeko egungo krisitik ez garela aterako 2008ko akatsak errepikatuz». Koalizioa «gobernatzeko prest» dagoela uste du, eta hori dio haienleloak ere: Gobernatzeko prest.«Gobernatzeko prest gaude, gobernatu dezakegu», erantsi du. Programaren xehetasunak ere azaldu ditu. Hari berdea euren identitatearen ikurtzat daukate. Horri dagokionez, «itun handi bat» egin nahi dute, industria jasangarriaren, trantsizio energetikoaren etaekonomia zirkularraren, garraio publiko «eraginkor eta kalitatezkoaren» eta energiaren enpresa publiko baten alde. Gainera, zientziako inbertsioa handitu nahi dute, EAEko BPGaren %3ra iritsi dadin.
Badirudi Eusko Legebiltzarrera iristeko bidean ere koronabirusa presente egongo dela. Gorrotxategi «pandemiaren ondoriozko egungo krisian» hartu beharreko neurriez ere aritu da. «Herritar arruntek ez dituzte ordaindu behar krisiaren ondorioak», nabarmendu du. Bide horretan, Espainiako Gobernuak hartutako neurriak «eraginkorrak» izan direla dio, baina autogobernuaren bidez hobetu daitezkeela, eta hala egin behar dela. «Horietan sakondu behar dugu, eta mahai gainean beste hainbat jarri, urteetan EAJren gobernuak ekarritako desorekak eta desberdintasuna zuzentzeko».
Kanpaina hasteko astebete falta dela, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzetan, ez da «ez abertzalea, ez sozialista» izango uztailaren 12tik aurrera EAJren eta PSE-EEren artean sortuko den balizko gobernua. «Sozialistek saltzen jarraitu ahal izango dute EAJ moderatzeko daudela gobernu horretan». EAJ, berriz, gauzak «oso erraz» jartzen dizkion batekin elkartuko dela uste du Otegik. Haren iritziz, gobernu horrek «elkar neutralizatzen du, eta ezin dio aurre egin dauden erronkei».
Hauteskundeetara begira, Otegik «bi aukera handi» ikusten ditu. Horietako bat EH Bilduko lehendakarigai Maddalen Iriarte buru duena da: «Aukera aurrerakoia da, uste duena ez dela irteera puntura itzuli behar eta gauzak aldatu behar direla». Beste aukera Iñigo Urkulluk ordezkatzen duena dela dio: «Irteera puntura itzultzea planteatzen du».
Otegik ziurtatu du oraindik ere prentsatzen duela Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ez zituela uztailaren 12rako deitu behar Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. «Osasuna da lehenengoa, eta hori lehenetsi behar da».
Urkulluk, pentsatzeko deia
Urkulluk, ordea, uste du parte hartzea handiagoa izango dela uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 2016an egin zirenetan baino. Herritarrei hausnartzeko eskatu die, «garrantzitsua» izango delako sortzen den gobernuak gaitasuna izatea koronabirusaren pandemiaren ondorengo «lau urte gogorri eta zaili» aurre egiteko. «Gonbita egiten dut hauteskunde hauen garrantziaz pentsatzeko».
Hurrengo legealdiari ere erreparatu dio Urkulluk: «Datorren legealdian beharrezkoa izango da herri akordioak egitea Eusko Jaurlaritza berria osatuko duten alderdiekin baino gehiagorekin».
Carlos Iturgaiz PP-Ciudadanos koalizioaren lehendakarigaiak ziurtatu du Urkulluren eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezen arteko haserrea «antzerkitxoa» izan dela eta berriro egingo dutela EAJren eta PSE-EEren arteko gobernua, uztailaren 12aren ondoren. «Bi alderdiek egun Eusko Jaurlaritzaren oinarri den formula bera erabiliko dute, eroso daudelako».
Equo Berdeek ere atzo aurkeztu zuten programa. Arabarentzako, Bizkaiarentzako eta Gipuzkoarentzako berreraikitze «berdea eta justua» du oinarrian. Ohar bidez nabarmendu dutenez, euren hauteskunde programak hainbat eragilerekin izandako bileretako ekarpenak jasotzen ditu. Haien iritziz, beharrezkoa da herritarren ekinaldiak eta erakundeak «berriro konektatzea»: «Akordio zabalak lortu behar dira alderdien eta gizarte zibilaren artean, ekonomia eta ongizate eredu berdea eta justua berreraikitzeko».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Gorrotxategik ezkerreko indarren aliantza lehenetsi du
Otegiren iritziz, EAJren eta PSE-EEren arteko gobernua ez da izango «ez abertzalea, ez sozialista». Urkulluk 2016an baino parte hartze handiagoa espero du uztailaren 12rako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu