«Biktimak eta giza eskubideak kontrajarri nahi izan dituzte»

Sarek euskal presoen «bizi osorako zigorrak» salatzeko elkarretaratzeak egin ditu dozenaka herritan, Arrasaten egin behar zuen martxa «presioen» ondorioz bertan behera utzi eta gero

Arrasateko eguerdiko agerraldiak ehunka pertsona bildu zituen, eta Sarek Euskal Herri osoan eginiko protesten epizentroa izan zen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
Arrasate
2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Sare euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak milaka pertsona bildu zituen atzo Euskal Herriko 50etik gora herritan antolaturiko elkarretaratzeetan, «Bizi osorako zigorrik ez! Giza eskubideak, elkarbizitza, konponbidea» lelopean, euskal presoei ezarritako «salbuespen neurriak» salatzeko. Ekinaldia zalapartaz beteriko egunen ostean heldu zen, Sarek Arrasaten (Gipuzkoan) hasiera batean antolaturiko martxa «presio eta manipulazioen» ondorioz bertan behera utzi eta gero.

Atzoko protesten epizentroa, hala ere, Arrasaten mantentzea erabaki zuen presoen eskubideen aldeko mugimenduak, eta Bilbon, Donostian, Gasteizen eta dozenaka herritan eginiko elkarretaratzeekin batera, ehunka pertsonak bat egin zuten Monterron parkeko anfiteatroan antolaturiko ekitaldian ere. Bertan, Nahikari Iturbe Sareko bozeramaileak mugimenduaren irakurketa plazaratu zuen, batik bat Espainiako 7/2003 Legearekiko aurkakotasuna adierazteko, «euskal presoei bereziki aplikatzeko sortua» izanik, «bizi osorako kartzela zigorrak» ahalbidetzen dituela uste dutelako. «Bere burua demokratikotzat izendatzen duen estatu eta jendarte batek ere ez lukete halakorik onartu beharko» adierazi zuen Iturbek, eta 7/2003 Legea aplikatuz zigorra luzatu dieten presoak «legez» kalean egon beharko luketela azpimarratu.

Ekitaldiaren aurretik hedabideen aurrean eginiko agerraldian, Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak azaldu zuen lege horrek egun 60 euskal presori eragiten diela, eta zehaztu hamabostek «40 urteko espetxe zigorrak» dituztela. Horietako bat da 31 urtez preso egon den Unai Parot, eta hasiera batean antolaturik zegoen Sareren 31 kilometroko martxa haren omenezko ekitaldi bat zela argudiatuz, PPk, Voxek eta ETAren biktimen hainbat elkartek ekinaldi horren aurkako kanpaina bat abiatu zuten duela egun batzuk.

Oiartzabalek argi utzi nahi izan du, ordea, martxa hura «ez zela antolatu, inondik inora, ez omenaldirik ez ezeri gorazarre egiteko», eta salatu du «hori garbi edukita ere, talde politiko eta instituzio ezberdinek» ultraeskuinari «bidea ireki» diotela, «beraiek nahi zuten konfrontazio eremu hau sortzeko». Iturbek, berriz, adierazi du gertaturikoak «espetxe politikan edozein aldaketa errefusatzen duten horien jarrera indartu» duela, eta une historikotzat jo duen garai honetan, «arduraz jokatzeko» eta «etorkizunaren aldeko apustua» egiteko beharra aldarrikatu du.

Giza eskubideen defentsa

Presoen eskubideen alde antolaturiko ekinaldiaren aurka jasandako kanpainaren harira, Iturbek seinalatu du batzuek «indarkeriaren biktimak eta pertsona guztien giza eskubideen errespetua kontrajarri» nahi izan dituztela, eta horiei gogoratu die«giza eskubideak ezin direla partzelatan bereizi, ezta batzuk defendatu eta beste batzuk mespretxatu ere». Hala, Sarek «pertsona guztien giza eskubideak» defendatzen jarraituko duela adierazi du, «biktimekiko errespetua» eta mugimenduak«giza eskubideen edozein urraketaren aurrean» egin dituen salaketak «erabat bateragarriak» direla argudiatuta.

Alde horretatik, presoen eskubideen urraketak salatzeak «biktimei min handiagoa egiten diela dioen argudio faltsua» baliogabetzeko beharra nabarmendu du Iturbek, eta «elkar ulertzeko espazioak» aldarrikatu ditu: «Bizikidetzan aurrera egin ahal izateko, guztioi dagokigu ahaleginak egitea».

Helburu hori lortzeko, baina, «salbuespen legedia bertan behera gera dadin lanean jarraitzea» «ezinbestekoa» dela ohartarazi du Sareko bozeramaileak, nahiz eta onartu mugimenduak azken hilabeteetan urruntze politika desegiteko egin dituen «urratsen» inguruan «balorazio oso positiboa» egiten dutela: «Guztion artean, urratsez urrats, baina atzera begiratu gabe, euskal presoek eta bere senideek oraindik ere jasaten duten eta haien eskubideak urratzen dituen salbuespen legediaren amaierara eramateko bidea zabaltzea lortu dugu».

Horiek horrela, «isilarazi nahi izan duten [presoen eskubideen aldeko] aldarria» Euskal Herriko «plaza guztietan ozen adierazi» dela ospatu du Iturbek, eta herritarrei eskerrak eman dizkie eskainitako babesarengatik: «Aste zalapartatsu xamarra izan da guztiontzat, eta ez da batere erraza izan, baina jakin izan dugu honi guztiari aurre egin eta biderkatuta gure aldarria adierazten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.