Pastor
DARWIN ETA GU

Eibarko tranpa

2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Errepublika? Zein? Espainiakoa? Frantziakoa? Gurea, orain arte inoiz izan ez duguna? Gehien-gehienetan errepublika esaten dugu Euskal Herri penintsularreko herritarrok. Hitz hori, ez Espainiako Errepublika. Abertzale askok ere bai. Euren burua burujabetzaren aldekotzat dutenen ahoan errepublika berba entzuteak Espainiakoari buruz ari direnean belarriko mina ematen dit.

Ez txarto ulertu: Espainiako bandera errepublikanoak ez dit sentimendu negatiborik eragiten, besteak bezala. Hura ikusi eta errespetua sentitzen dut. Izan ere, artean lortu gabe zeuden eskubideak eskuratu ziren garai haietan. Gainera, faxismoaren kontrako ikurra izan zen errepublika haren aldeko defentsa. Familian bizi izan genuen. Gure aita eta aitona Espainiako II. Errepublikaren alde borrokatu ziren. Gerra amaituta, Maroko espainiarreko diziplina-batailoi batera eraman zuten aita. Aitonak eta osabak Herrialde Katalanak banatzen dituen muga zeharkatu zuten. Saint Cyprien-eko barneratze-eremuan sartu zituzten. Hain txarto tratatu zituzten han, non osabak nahiago izan zuen Francoren kartzela batera joatea arriskatu Frantziako bandera kolonietan defendatu baino. Izan ere, frantsesek legioan sartu eta Indotxinarantz abiatzea proposatu zioten, baina hark ezetz erantzun zien. Aitonaren arrastoa galdu egin zen.

Euskaldunok larregi idealizatu dugu Espainiako Errepublika. Gure gaitz guztientzako botika izango balu bezala. Ez dakit iruditeria horretan norainoko garrantzia duen Eibarrek. Baina badu, izan. Hango udaletxean errepublika hura aldarrikatu zuteneko 90. urteurrena ospatu da. Batzuetan pentsatu izan dut ez ote zen hobea izango Espainiako II. Errepublika Tordesillas, Tarazona edo Lucenan aldarrikatu balute. Hamaika leku daude, eta Eibarren izan behar. Euskal Herrian. Destinoaren tranpa? Kasualitatearena? Berdin dio. Eibar amu ederra da, nire iritziz, epe erdian gauzatuko ez den eta epe luzean euskaldunoi askatasuna bermatuko ez ligukeen erregimen politikoaz amets egiteko.

Badugu arrazoirik hainbesteko ezkortasuna izateko. Historiak horixe erakutsi digu. Euskal errepublika utopia dela esango dute. Nik utopikoagotzat jotzen dut saldu nahi diguten Espainia konfederal eta justua, bertako herrien etorkizuna erabakitzeko eskubidea onetsiko lukeena. Zenbait mende eta erregimen izan dituzte, bada, aukera hori bideragarria dela frogatzeko, baina ez dute nahi izan. Peixotok azaldu berri du elkarrizketa batean Telesforo Monzonek zer esan zion Argalari: «Ni lehenbizi naiz abertzalea, gero kristaua eta gero demokrata». Bada, gure lagun asko espainiarrak dira lehenbizi. Eta gero, gainontzeko guztia, zeuek aukeratu ordena: demokratak eta katolikoak, edo ateoak eta demokratak.

Horregatik, nahikoa eszeptikoa naiz errepublikak hitza—pluralean— entzuten dudanean. Ez dut iberismo idilikoan sinesten. Orain, penintsulako herri guztiak errepublika izatea da gure asmoa? Guri dagokigu Gaztela errepublika bihurtzea, bertan nonbait omen dagoen potentzial errepublikanoaz baliatzea geure errepublika bultzatzeko?

Ongi etorria izan dadila Espainiako Errepublika. Hirugarrena izango litzateke, baina ez euskal lurrean. Izan ere, Eibarren Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zutenean Frantziako III. Errepublikan bizi ziren beste aldeko haurrideak. Bosgarrena dute orain. Espainiarrentzat hirugarrena izango litzatekeena zortzigarren errepublika metropolitarra izango genuke berton. Bien-bitartean, hamar urte barru, Espainiako II. Errepublikaren mendeurrena izango da. Noiz ospatuko dugu geurea?

Espainiako Errepublikaren bandera ikusi dugu plaza eta kaleetan, apirilaren 14aren harira. Bandera hori errespetatu egiten dut, baina zirrara berezirik gabe. Neure egiten ditut Josep Lluis Carod Rovirak Twitterren hedatutako hitzak: «Errespetu osoa Espainiako bandera errepublikanoarentzat, Riegoren ereserkiarentzat eta Marseillesarentzat, baina ez dira ez gure bandera, ez gure ereserkia». Horixe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.