Pertsonaia beltza eta ahots zuria? Kritikak izan dira Portugalen Pixar animazio film enpresaren azken lanaren bikoizketa dela eta. Soul, Uma Aventura com Alma pelikulako protagonista beltza da, estreinakoz estudioaren 35 urteko historian: Joe Gardner jazz musikaria. Portugalen, AEBetan eta Frantzian ez bezala, profesional zuri batek jarri dio ahotsa pertsonaiari. Izan ere, jatorrizko lanean Jamie Foxx estatubatuarraren boza entzuten da Gardnerren ahotik, eta bertsio frantsesean Omar Sy aktorearena —Intouchables filmean ikusi dugu Sy, besteak beste—. Portugalen, ostera, pertsona zuri bat aukeratu dute zeregin horretarako. Espainian ere bai.
Kezka Lisboako hedabideetara iritsi da. Publico egunkarian, esaterako, As vozes negras importam titulatu du Rodrigo Nogueira kazetariak, Black Lives Matter mugimendua gogoan. Horrekin bat egin dute Mayra Andrade, Mara Tavares eta Dino D'Santiago kantariek. Hirurak beltzak. Kasualitatea ote?
Diskriminazioa salatu dute Portugalen. Hemen ere, beste testuinguru eta maila batzuetan gerta badaiteke ere, antzeko diskriminazio egoerak bizi ditugu. Zenbaitetan, badirudi euskaldunaren ahotsak ez duela errespeturik merezi. Aste honetan bertan izan dugu adibide bat:Eguberrietan Mari Domingiren rola egiteko EITBk kontratatu zuen aktoreak euskaraz ez dakiela salatu du EH Bilduk. Antza denez, emakumeak buruz ikasi zituen umeei eman beharreko erantzunak. Inprobisaziorik ez. Bat-batekotasuna nahi baduzu, bertso saio batera joan.
Errespetu osoz diot, baina ez dut uste Mari Domingi edo Olentzero izateko ezinbestekoak direnik berebiziko dohain artistikoak, Oscar saria irabazteko modukoak. Ezaugarri fisiko edo jatorriak ere ez, gauden garaietan gaudela. Zer ardura du orain ez dakit nongo doinuaz mintzatzen badira? Baina euskaraz jakin dezatela, mesedez.
Hizkuntzari dagokionez, euskaldunok ez dugu asko eskatzen. Erraza da gu gozatzea eta gero, besterik gabe, ziria sartzea. Horrexegatik gertatzen dira, noizean behin, Mari Domingi erdaldunarena bezalako kontuak. Hizkuntzaren arloan erasoan ez, defentsiban ibiltzen gara. Barkatzeko eskatzen edo. Eguberrien atarian geundela, albistea hedatu zuen Vocento taldeak: Leioan Olentzerok errieta egin zien umeei, gutun asko erdaraz heltzen zitzaizkiolako. Espainola ondo ulertzen ez zuenez, arriskua zegoen erdaraz idazten zuten haurrek oparirik ez jasotzeko.
Sute ederra piztu zuen Bizkaiko egunkariak. Irakurle unionistak —españolazos esaten zen lehen— adurra zeriela hasi ziren iraintzen: Olentzero analfabeto mozkortia da; euskarak ez du ezertarako balio; euskararen kontura bizi dira... Leioako udalaren erantzuna? Moduak ez zirela egokienak izan, baina eskaria testuinguruan ulertu behar zela, euskara bultzatzeko zela eta abar. Bada, hortxe dago gakoa: jende hori euskara bultzatzearen kontra azalduko da beti, egiten duzuna egitenduzula.
Euskararen kontura bizi omen gara euskaldunok. Beraiek erdararen kontura bizi diren bezalaxe, esango nuke nik. Frantsesek eta espainolek lana lortzeko modurik izango lukete frantsesa edo espainiera gabe? Haiei esker egiten dute lan, haien kontura bizi dira. Ba al dago Sevillako udaletxean espainieraz ez dakien funtzionariorik? Eta Bordeleko auzitegian frantsesez egiten ez duen epailerik?
Frantziako Gobernuak kultura frantsesaren munduari dirulaguntzak ematen dizkionean normaltzat jotzen dute; laguntzak euskarari heltzen zaizkionean, berriz, gogotik kritikatzen dute. EITBko langileak euskararen kontura bizi dira, baina RTVEkoak ez dira erdararen kontura bizi, ez. Alta, ingelesa irakastetik edo itzultzetik bizi denari ez diote esaten hizkuntzaren kontura bizi denik.Haren aurrean makurtzen dira. Ingelesak prestigioa du eta seme-alabek behar dute. Euskararen gaia ateratzen denean, orroka hasten dira. Euskarak ez du deus balio. Eta gu, bitartean, ia-ia barkamena eskatzen. Konplexu gutxiago eta aurrera. Basque voices matter. Inoiz ikasiko dugu?
DARWIN ETA GU
'Basque voices matter'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu