Luze begiratu behar da atzera abiadura handiko trena (AHT) amaitzeko jarri zituzten lehen epeetara iristeko. 2000ko hamarkadan, Nuria Lopez de Gereñuk ohartarazi zion Ezker Batuari, hura Ibarretxeren gobernu koalizioan sartzeko negoziatzen ari zela, eta, trenbide azpiegitura horrekiko zituen errezeloei erreferentzia eginez, «prest» zegoela proiektuaren ibilbideaz negoziatzeko, baina «epeak betetzea» lehentasun jarrita. «Ezin dugu denbora gehiago galdu, eta 2010erako martxan egon behar du, Interes Orokorreko Europan Zeharreko Sarea izanik, ezinbestekoa baita», adierazi zuen.
Garraio sailburu zenean mintzatu zen hala Lopez de Gereñu, 2005. urtean, baina kargu berean aurretik izan zen sailburuak, Alvaro Amannek, are eta ozenago aldarrikatu zuen 2010eko epemuga hura, Argia-k egindako elkarrizketa batean: «Herritarrok gorriak ikusiko ditugu Euskal Y-a 2010erako amaitu ezean».
Geroztik, sailburuz sailburu, lau urtetik lau urtera, atzeratuzjoan da Euskal Herrian egindako azpiegitura lan handienaren amaiera data. Hala egin dute Ana Oregik, Arantxa Tapiak eta Iñaki Arriolak. Azken horrek jarri zion azken amaiera data, 2028rako. Modu bitxian amaituko dira, gainera, Gasteizko eta Bilboko geltokiak behin-behinekoak izango baitira trenak martxan jartzen direnerako.
Beraz, hasierako helburutik urrun, bi hamarkadaz atzeratu dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak euskal Y-aren amaiera. Horregatik, harrigarri samarra da orain Frantziari leporatzea ez betetzea AHTaren ardatz atlantikoaren bere zatia amaitzeko konpromisoa eta epea. Parisek aspaldi egin zuen Mediterraneoko tren lasterraren aldeko apustua, eta agerian utzi zuen «garai oparoagoetarako» atzeratuko zuela Bidasorainoko AHTaren egitasmoa.
Eusko Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu lehendakaria buru, lobby bat bultzatu du Kantaurialdeko hainbat erkidegotako presidenterekin, Frantziari Euskal Herrirainoko AHTa bultza dezan eskatzeko. Oraingoz, lortu du Frantziak Espainian duen enbaxadoreak gai horretaz adierazpenak egitea. Bilera bat ere egin du Urkullurekin. Hortik zer iritsiko zaio, baina, Emmanuel Macronen gobernuari?
Parisek 2010eko hamarkadaren erdialdean erabaki zuen 2032ra arte atzeratuko zuela AHT berri baten inguruko azterketa. Aurretik hartu ditu horri buruzko erabakiak, ordea, aurten bertan erabaki baitu Bordele eta Akize arteko linea 2042rako atzeratzea. Beraz, pentsatzekoa da are eta gehiago berandutuko dela Bidasora arteko zatia. Zer esanik ez, panorama beltza da euskal Y-a Bidasotik iparrera luzatu nahi dutenentzat. Agian hortik datoz Urkulluren eta hark sustatutako lobbyaren azkenaldiko mugimenduak, epea betetzea baino gehiago Europako lotura bera ikusten dutelako arriskuan.
ANALISIA
AHTa: lobbyak, epeak eta arriskua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu