Zutabe hau ikastetxeetan margotutako zakil guztiengatik idazten dut. Ikasgelan «puta» irain bezala entzun dudan guztiengatik. «Neska, ez zaitez kokola izan» entzun duten ikasle guztiengatik. Martxoaren 8ko greba zergatik zen galdetuta «emakumeen kontuengatik» erantzun zuen irakasle horrengatik. Paperontzi gabeko ikastetxeko komunengatik. Titien mugimendu naturala ezkutatzeko kamisetatik tiraka korrika egin duten ikasle horiengatik. Gelako ariketa batean, guztien aurrean, ikaskide batek egindako sexu abusua duintasun miresgarriz kontatu zidan ikasleagatik.
Hona hemen lehen gezurra, indarkeria salaketa faltsu horien estilokoa noski. Nik ez baitut zutabe hau idatzi. Zutabe hau sarean idatzi dugu Olatzek, Ainarak, Irantzuk, Araitzek, Itsaslorek, Irenek, Naiarak, Amaiak... eta une honetan galdera zeuen buruari egiten ari zareten horiek ere bai, nolabait. Ikasle zein maistra paperean ikastetxe bat zapaldu duzuen horiek. Nik galdera besterik ez dut formulatu: zer izango litzateke ezberdin zure lantokian hezkuntza sistema feminista izango balitz? Hona hemen gure uzta; behar duenak har ditzala apunteak, bihar azterketa baitago.
Natura institutuaren parte izango litzateke, eta ez hesietatik kanpo dagoen errealitate paraleloa. Gorputza entzuteko eta harekin konektatzeko tailerrak leudeke (sukaldaritza, sendabelarrak, dantza, arnasketa saioak...). Hilekoa bezalako zikloen arabera malgutuko lirateke eginkizunak. Sujetadore gutxiago eramango lirateke. Inauterietan akabo spiderman eta printzesak; ez lirateke egongo super heroi mazau-rik eta brilli-brilli soinekorik. Giroa askoz zoriontsuagoa eta libreagoa izango litzateke, eta elkarbizitzarako beste arazo batzuetan zentratzeko aukera emango luke. Ez nuke neure burua behartuko «fotopollaren» zentzu antropologikoa aztertzera. Gizonezko irakasle bat Haur Hezkuntzan egotean ez litzateke goraipatuko. Ikasle nesken parte hartzea handiagoa izango litzateke gela barruan. Korridoreetan zarata gutxiago («hooligan kultura» gutxiago) egongo litzateke. Aniztasuna aberastasunez biziko genuke. Ikasleek haien ikasketen ardura izango lukete, eta autonomoagoak lirateke. Patioa ez litzateke kartzelaren antzekoa. Eraso eta borroka gutxiago egongo lirateke. Bakoitza gustuko eta gustura dagoenarekin jantzita joango litzateke. Malfollada iraina erabiltzen duenak ulertuko luke, hori horrela bada, batzuk gaizki egiten dutelako dela... eta pilak jarriko lituzke. Ikasturte hasierako bileretara aitak eta amak proportzio berean joango lirateke. Gizonak egongo lirateke garbitzaileen eta jantokiko langileen artean. Neskek ez liokete elkarri konpresarik eta tanpoirik eskatuko ezkutuan. Ez nuke irakasgai ezberdinen programetan emakumezkoen erreferenterik gehitu beharko. Ez nieke ikasleei emakumeak beti hor egon garela gogoratu beharko. Ez nuke ikusiko unibertsitatean ikasle gehienak emakumezkoak izanda (eta nota onenak dituztenak, gainera) ikasketak bukatu ostean garrantzi gutxiagoko lanpostuetan bukatzen dutela. Ez nituzke feministak ez diren (edo zuzenean feminismoa bera zer den ulertzen ez duten) pertsonen (gizonezkoen, horiek ere pertsonak baitira) nazka aurpegia jasan beharko egiten ditugun bileretan gai hau mahai gainera ateratzerakoan. Eta kitto!
PENTSALDIAN
I(ra)kasle puta horiei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu