Maiatzaren 9an izanen da Herri Urrats, eta Seaskaren bosgarren kolegioa eraikitzeko helburuari erantzunen dio. Koronabirusaren krisiak dena baldintzatzen duen garaiotan, gogoeta luzea izan dute ikastolen festa ospatzeko moduari begira, eta, hainbat aukera aztertu ondotik, bere horretan atxikitzea erabaki dute, maiatzeko bigarren igandean. Oraindik ez dakite zer forma hartuko duen, baina zehaztu dute «inoren osasuna arriskuan ezarri gabe» eta baimendua izanen denaren neurrian atxikiko dutela ospakizuna. Festak izan ohi duen helburu ekonomikoa betetzeko, dirua biltzeko kanpaina bat abiatu dute, Boga lelopean. 300.000 euro lortu nahi dituzte gutxienez, baina gehiago lortzeaz ez dira kexatuko. «Kolegio baten eraikuntza milioiak kostatzen da», ohartarazi dute.
Boga izanen da, hain zuzen, aurtengo Herri Urratsen leloa: arraunean bezala, elkarlanari esker aitzina joateko. «Bakoitzak bere ekarpenak egiten ditu; bakoitzak bere indarra erabiltzen du. Indar batuketak du arraun barkua aitzina eramaten. Indar batuketak ditu ikastolak aitzinerat eramaten», adierazi du Beñat Bidegain Herri Urratseko lehendakarikideak. Hala nahi duenak aukera izanen du bosgarren kolegioaren eraikuntza zati bat babesteko: teilak, ateak, leihoak, berogailuak, igogailua... Hogei eta 2.000 euro arteko ekarpena egiteko aukera dago. «Belaunaldi guzietako herritarrak, neurri guzietako enpresak, herriko etxeak eta instituzioak, denak deitzen ditugu, bakoitzak bere ahalen arabera ekarpena egitera».
1984an sortu zenetik, urtero antolatu da Herri Urrats Senpereko aintziraren inguruan, 2020an ezik. Seaskarentzat eta ikastolentzat galera handia da: 300.000 eta 400.000 euro artean bildu ohi dute Herri Urratsen, ikastolen eraikinak konpondu eta berriak sortu ahal izateko. Seaskaren egoitzen diruztatzea nagusiki autofinantzatua izaki, ezinbestekoa zaie herritarren ekarpena.
Bi aukera kokalekurako
Ikastola bakoitzaren egoera ekonomikoa hurbiletik zaintzen duten bitartean, hasiak dira 2021eko iraileko sartzea prestatzen ere, eta bigarren mailan ikasle kopurua anitz emendatuko dela espero dute. Joan den irailetik, mila ikasleren heina gainditu dute kolegioetan, eta ondoko bost urteetan %30 emendatuko da.
Lau kolegio ditu gaur egun Seaskak. Iazko udaberrian bukatu zituzten Larzabaleko (Nafarroa Behera) Manex Erdozaintzi Etxart kolegioa berritzeko lanak; 2013an handitu zuten Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegio historikoa, eta 2017an ireki zuten Estitxu Robles Arangiz kolegioa, Baionan (Lapurdi). Ziburuko (Lapurdi) Piarres Larzabal kolegioa da laugarrena; 300 ikaslerentzat pentsatua da, baina 329 ditu gaur egun, eta handituz joanen dela aurreikusten dute. Ziburukoa ezin denez handitu, bosgarren kolegio bat behar dute, «lehenbailehen».
Bi eremutan ari dira proiektua lantzen: Azkaine eta Senpere (Lapurdi) inguruan, eta Lapurdi barnealdean, Hazparneko eskualdean. Herriko etxeekin eta lur jabeekin elkarrizketak abiatuak dituzte, eta ikerketa fase tekniko batzuetan sartuak dira pista konkretu batzuk aztertzeko. Ez dute gehiagorik erran nahi izan, komunikazio goiztiar batek ez dezan pista horietako bat zapuztu. Ongi bidean, maiatzaren 9an iragarri nahiko lukete non izanen den kolegio berria.
'Boga' diru kanpainan parte hartzeko, jo webgune honetara: boga.herriurrats.eus
Bosgarren kolegio bat babesteko izanen da aurtengo Herri Urrats
Dirua biltzeko kanpaina bat abiatu du Seaskak, 'Boga' lelopean, eta herritarrei, enpresei eta erakundeei dei egin die parte hartzeko. 300.000 euro lortu nahi dituzte gutxienez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu