Verterrek 2018ko irregulartasun berak egiten segitu zuen 2019an

Jaurlaritzak argitara eman ditu Zaldibarko zabortegiak iaz jasotako hondakinen kantitateak eta ezaugarriak. Erantzun du ez zekiela ezer 2018ko bi azterketa geoteknikori buruz

Irudian ageri den baserriaren aldera jausi zen zaborraren parte bat, otsailaren 6an. Haren ondoan eraiki dute jausitako zakarra jasotzeko biltegia. MIGUEL TOÑA / EFE.
Mikel P. Ansa Imanol Magro Eizmendi
2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Oraindik ezagutzeko zeuden Verter Recycling 2002 SM enpresak 2019an jasotako hondakin guztien kantitate zehatzak eta ezaugarriak. Orain atera ditu argitara Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, EH Bilduk eskatuta, eta parlamentuko taldeen esku jarri ditu. Funtsean, 2018an sumaturiko irregulartasun berekin segitu zuen lanean Zaldibarko zabortegiak (Bizkaia). 2018an bezala, iaz ere zakar gehien hartu zuen zabortegia izan zen, eta 27 zabor klase jaso zituen baimenik gabe: hartutako hondakin guztien %13.

Kazeta honek 2018ko datuak ere aztertu zituen, eta, orduan bezala, 2019an ere zegokion baino metalezko zabor gehiago hartu zuen. Urtean gehienez ere mota horretako zakarren 70.000 tona har zitzakeen, eta iaz 158.939 tona hartu zituen, legez ahal zuena halako bi baino gehiago. Obrako zakarrekin ere, gauza bera: urtean hartutako zabor guztien %10 izan behar zuten gehienez ere, baina guztiaren %19 izan ziren iaz (98.081 tona). Bestela, baimenik ez izan arren hartu zituen 27 zabor klase horietatik, nabarmentzekoak dira plastikoa eta kautxua (9.672 tona) eta hormigoia (6.409 tona), besteak beste.

Ingurumen Saileko teknikariek iaz zabortegian bertan egin zuten azterketan atzeman zituzten arau hauste horiek. Eta Jaurlaritzak tresna informatiko baten bidez jasotzen du, hilero, zabortegi bakoitzera iritsitako zakarren berri; bazekien, beraz, Zaldibarrera zer iristen ari zen. Hala ere, isun ekonomikorik ez zioten jarri enpresari, eta, tonako kobratzen zuenez, zenbat eta zakar gehiago hartu, diru gehiago egiten segitu du.

Zabortegiak ohiko erritmoan jarraitu zuen lanean 2019an: 2018an bezala, obretako lur asko hartu zituen —guztiaren %23—, TMB tratamendu mekaniko-biologikoko errefus asko —guztiaren %18—, paper birziklatua ekoizteko prozesuko lokatz asko —guztiaren %16,7— eta labe garaietako tratatu gabeko eskoriak ere ugari —guztiaren %12,7; 64.697 tona—. Aurreko urtearekin alderatuta, alde bakarra nabaritzen da: askoz lur gutxiago hartu zituen iaz.

Zabor horietako gehienak hartzeko baimena izan arren, guztiak ez zituzten behar bezala tratatzen. 191212 LER kodean —zaborrak sailkatzeko Europak ezarritako zerrenda estandar bat erabiltzen da, LER zenbakiena— sartzen dira TMB plantetako errefusak; zabortegi batera bota aurretik, oinarrizko karakterizazioa egin behar zaie, jakiteko zer osagai duten. Baina ez zituzten aztertzen; ia 93.000 tona bota zituzten horrela iaz. 170504 LER kodea duten zakarrak —obretako lurrak—, berriz, nahitaez aztertu behar dira zabortegira iristean, gai arriskutsurik ote duten jakiteko. Ez zieten azterketarik egiten; iritsi bezala isuri zituzten 118.000 tona iaz.

Paperaren produkzioko lokatzak hartzeko baimena bazuen Verterrek, eta 85.872 tona hartu zituen iaz. Baina zakar horiekin ere bazituzten kezkak. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, KOG karbono organikoaren guztizkoa %15 baino handiagoa duten lokatzak ezin dira hartu Zaldibarko zabortegiaren antzekoetan. Baina, BERRIAk egindako kalkuluen arabera, papergintzako lohi horiek %20 eta %23,5 arteko KOGa izan zezaketen. Legezko baldintzak urratzeaz gain, zabortegiaren egiturari eragin ziezaiokeen hainbesteko hezetasuna zuen halako lokatz pilak, eta enpresa eta Jaurlaritza jakitun zeuden arazo horretaz: Verter 2015ean saiatu zen Inguruem Sailaren aurrean soluzio bat aurkezten: lokatz horiek hondarrarekin eta lurrarekin nahastu nahi zituzten bota aurretik.

Susmo txarrak, 2018tik

Iazko datu horiez harago, beste datu bat ere jakin da, El Correo egunkariak zabaldutako informazio baten bidez: zabortegiaren egonkortasuna arriskuan egon zitekeela antzeman zuen ingeniaritza talde batek 2018an. Verterrek 2017an eraikitako azpiegitura berri batzuen harira, talde horrek bi azterketa egin zituen 2018ko apirilean eta ekainean, eta bietan agertu zen segurtasun baldintzak ez zirela betetzen. Verterrentzat aholkularitza lanak egiten zituen ingeniaritza taldeak egin zituen azterketa horiek: Geyser HPCk. Ertzaintzak bere atestatuan jaso ditu txosten horiek, eta joan den asteko atxiloketekin zerikusia izan dezakete. Eusko Jaurlaritzak atzo adierazi zuen ez zuela 2018ko bi azterketa horien berri: «Enpresak eman behar zion informazio hori administrazioari, eta ez zuen jakinarazi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.