Sarek mobilizaziora deitu du ostiralerako

Espetxe politikan «zabaldutako bidean urratsak egiten jarraitu» nahi du plataformak

Martxaren aurkezpena, atzo. A. L. / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Aste Nagusia aitzakiatzat hartuta, Sare Herritarrak prentsaurrekoa eman zuen atzo goizean Bilbon. Urtero legez, aurten ere mobilizaziora deitu du. Joan den larunbatean Donostian egin zuten manifestazioa, eta datorren ostiralean Bilboko kaleak zeharkatuko dituzte, Ibilian-ibilian etxerako bidean ekinaldiaren barruan. Manifestazioa 19:30ean abiatuko da, Plaza Eliptikotik, eta bertan egongo dira Bilboko konpartsak ere.

Osasun egoera dela-eta, Bilbon ez da festarik ospatuko, baina egun horiek «ahal den neurrian» gozatzeko esan du Sarek: «Baita urrun daudenek ere». Horrekin lotuta, Bilboko eta Bizkaiko herritar guztiak deitu ditu datorren ostiraleko manifestazioan parte hartzera. «Jaiak eta aldarriak bat dira, eta salbuespen legedia atzean utzi eta graduen progresioa gauzatu dadin, mobilizatzen jarraitu behar dugu», adierazi dute.

Sareren iritziz, pandemiak aldaketa ugari eragin ditu herritarren bizimoduan, baina euskal presoen auziari dagokionez, etapa berri bat ekarri du. «Osasun egoeraren ondorioz etorri diren aldaketek argi izpi bat ere ekarri dute urte zail honetan».

Urruntze politika amaitzeko «urrats esanguratsuak» egin direla azpimarratu du presoen eskubideen aldeko plataformak. Halere, presoak etxeratzeko asko falta dela adierazi dute. Batetik, euskal preso «gehienak» Euskal Herritik kanpo daudelako, eta, bestetik, graduen progresioa preso guztiei «era normalizatuan» ezartzea «behar-beharrezko tresna» delako prozesu hori garatzeko.

«Salbuespen neurriak»

Hil honen 3an Gasteizko kaleak aldarrikapenez bete ondoren, joan den larunbatean Donostian egin zuten manifestazioa. Bilbo zapalduko du orain plataformak Ibilian-ibilian etxerako bidean egitasmoaren barruan, «oraindik indarrean dauden salbuespenezko neurriak atzean utzi eta lege arrunta aplikatu» dadila aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.