Maite Elizondo.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Nerabe malabaristak

2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Aurreko asteburuan, zirku ikuskizun zoragarri eta xarmagarri bateko ikusle nintzela, malabaristen txanda iritsi zen. Hori gaitasuna: txano, aro eta pilota horiek guztiak airean mantentzea, lurretik urrun. Pentsatu nuen entrenamendu ederrak beharko direla halako oreka eta kontzentrazioa mantentzeko. Orduantxe gure nerabeak etorri zitzaizkidan burura; zenbat malabarismo egiten ari diren azken urte honetan, segur aski zirkuko malabaristak baino motibazio guttiagorekin. Azken urtean zenbat pilota berri eman zaizkien orekan mantentzeko: urruntasun afektiboa, zalantzak izatearen kriminalizazioa, musukoen atzean sudur gorridun agintarien arteko talka eta kontraesanak, pedagogia punitiboa non isunen bidez gizartea hezi nahi den... Pilota zamatsu gehiegi!!

Entrenatzailerik gabeko saio exijente hauek eta gehiegitan errudun sentitzeak ondorioak dakartza gazteengan, non etapa ebolutibo honetan aurrez aurreko harremanak ezinbestekoak diren haien garapen neurobiologiko eta psikoemozionalak osasuntsu osatu daitezen. Hainbat inkestak eta begien aurrean daukagun errealitateak gazteen osasun mentala zauri dezente jasaten ari dela adierazten digute: emozio ezberdinen koktela, harreman sozialen murrizketak, erruduntasuna, apatia, diskomunikazioa, autolesio praktikan datu kezkagarriak...

Pilota pisutsu hauek airean mantentzeko ahaleginean, ez genituzke nerabeak bakarrik utzi behar; helduoi ere zaila eta neketsua egiten ari zaigun garai konplexu honetan, gazteei gune indarberritzaileak eskaintzea ezinbestekoa da gizartearen oinarri garrantzitsu hau hautsi ez dadin. Euskarrietako bat beren buruarengan konfiantza izatearen irakaskuntza izan daiteke; lortutako erronken inguruan gogoeta eginez eta beren gaitasunak azpimarratuz, eta, noski, hobetu beharreko esparruak aztertuz. Betiere komunikazioaren garrantzia baloratuz eta lortzen ez ditugun helburuen aurrean frustrazioa kudeatzen irakatsiz, erresilientzia bidaide dugularik.

Beste praktika onuragarri bat errutinen desazelerazioa izan daiteke: eguneko eginbeharren artean exijentziak baretzearen garrantzia, kanpoko zarata isilarazi eta neure buruarekin elkartu, norberaren iritzi, emozio eta hausnarketak entzunez.

Aukera paregabea daukagu osasun mental eta soziala mahai gainean jarri dugun une honetan gure nerabeekin horren garrantziaz hitz egiteko, epaitu gabe, entzumen aktiboa eskainiz eta osasuntsu egoteko beharrezkoak diren baliabideekin heziz.

«Naizen hau, ni neu eta nire egoerak dira; egoerak zaintzen ez baditut, ezingo dut neure burua zaindu». (Ortega y Gasset, 1914)

Arauak arau, osasun alarma egoera egon edo ez, zientzilariek konpartitu diguten ezagutza eskuragarri daukagu. Norberak erabakiko du nola zaindu nahi duen bere ingurua bere burua ere zain dezan; betiere kontuan hartuz garen hori eta egiten dugun hori eginez gure nerabeek jasotzen duten heziketaren adar garrantzitsua garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.