Hibai Arbide Aza.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Guztientzat ez bada, ez da amaitu

2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Argi eta garbi nabari da Europako edozein aireportutan egunotan. Jendeak beldurra galdu dio birusari. Dena erabat desberdina zen pandemian hegazkinez joan nintzen lehen aldian, orain urtebete. Aireportuak ia hutsik zeuden, dendak itxita. Isiltasunak hunkitu egiten zuen. Bidaiari gutxi horiek besteengandik hurbil ez egoten saiatzen ziren. Askok plastikozko eskularruak zeramatzaten. Hegazkinetan isilik joaten ginen, ur pixka bat edateko ere maskara eranzteko beldurrez.

Hilabete hauetan, Txinatik etorritako bidaiariekin egin dut topo, Kairoko eta Istanbulgo aireportuetan geldialdia eginez. Deigarria zen gehienek, KN95 maskara batez gain —Fpp2 baten baliokide txinatarra—, erabili eta botatzeko lan-jantzi zuri bat, aurpegia estaltzen zuen plastikozko pantaila eta babesteko betaurrekoak zeramatzatela. Beastie Boys taldearen bideoklip batean nengoela iruditzen zitzaidan bakoitzean.

Parisko Charles de Gaullen inork ez du jada distantziarik zaintzen. Kolak betiko modu desordenatu eta aglomeratuan egiten dira. Madrilgoan, Barajasen, askok maskarik gabe hitz egiten du jateko mahaietan. Atenaskoan, milaka turistek beti bezala jokatzen dute berriro, baina maskararekin.

Polita da beldurra galtzen dugula egiaztatzea. Duela urte eta erdi, gure bizitzak gelditu egin ziren eta bizitza asko betiko itzali ziren. Amaitzear dago; ez da aireportuetan bakarrik nabaritzen. Adineko jendea txertatuta dago, koronabirusa arriskutsua izateari utzi dion sentsazioa dago.

Arazoa da munduko biztanle gehienentzat COVID-19a ez dela amaitzear dagoen zerbait. Indian, pandemiak beste inon ez bezala dena suntsitzen duen bitartean, herritarren % 3,5 baino ez daude erabat txertatuta. Zenbait herrialde, ausaz: Thailandian %2,5; Nigerren %0,06; Mauritanian %0,16; Aljerian % 5,8, baina dosi bakarra; Angolan % 1,4; Kongoko Errepublika Demokratikoan ehunekoa zero da.

Europak eta Estatu Batuek amesgaiztoa hasi zenetik errepikatu dute pandemia globala zela eta mundu osoari eragiten ziola, baina irtenbidea aurkitzeko orduan betiko berekoikeriaz jokatu dute. Herrialde pobreenek txerto gutxiago dituzte eta garestiago ordaintzen dituzte. Justizia globalaren kontua da. Baina logikoa ere bada: erabat desagerrarazi arte, ez da andui berrien arriskua desagertuko. Guztientzat txertoa egon arte, ez da inorentzat arriskua desagertuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.