Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Txertoen eraginkortasuna

2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Azken asteetan COVID-19 gaixotasuna kontrolatu ahal izateko enpresa farmazeutiko desberdineko txertoen lasterketa agerian geratzen ari da, eraginkortasunari dagokionez datu oso itxaropentsuak aurkeztuz. Baina txertoei buruz hitz egiterakoan, eraginkortasun hitza erabiltzen denean, efikazia eta efizientzia ezberdindu behar dira. Sinonimotzat har daitezkeen hitzak dira, baina txertoen munduan esanahi bera ez dute.

Efikazia aipatzen denean, entsegu kliniko baten barnean txertoa hartu duten pertsonetan gaixotasunak duen eragina zenbat murrizten den aztertzen da, txertoa jaso ez duen talde batekin konparatuz. Bi taldeak denboran zehar jarraitzen dira, eta bakoitzean agertzen diren eritasun kasuen kopurua kontabilizatzen da; horren arabera, txertoaren efikazia kalkulatuz. Efikazia, beraz, txertoak egoera idealetan (entsegu kliniko kontrolatuak) gaixotasunaren aurkako babesa emateko duen gaitasuna da.

Efizientzia, aldiz, behin txertoa baimenduta dagoenean, praktika klinikoaren edo osasun publikoko programen ohiko baldintzetan aplikatzen denean txertoa, bere babes-maila populazioarengan da. Hau da, baldintza errealetan lortzen den babes-maila, milioika pertsona txertatu ondoren. Horretarako, faktore desberdinek parte hartu ahal dute, hala nola adina, sexua, etnia, aldez aurreko patologiak, babesaren iraupena, txertoaren kontserbazioa eta manipulazioa… Baina, sarritan efikazia eta efizientzia ez datoz bat, eta lehenengoa bigarrena baino handiagoa izaten baita. Elgorriaren kontrako txertoak, esate baterako, efikazia eta efizientzia oso ona du, % 95-97koa. Gripearen kontrako txertoaren kasuan, aldiz, efikazia %80tik gorakoa da baina efizientzia, urte batzuetan, % 40-60 tartekoa izaten da, baina, hala ere, milioika bizitza salbatzeko gai da.

COVID-19 gaixotasunaren kontrako txertoetan dagoen beste hari bat da ea gai izango ote diren birusaren transmisioa eteteko, hau da txertoak esterilizatzaileak izango ote diren. Errubeolaren kontrako txertoa, esate baterako, esterilizatzailea da, hau da, txertatuta dauden pertsonak ezin dira ez infektatu ez birusa eraman modu asintomatikoan. Meningitisen kasuan aldiz, eramaile asintomatikoak daude nahiz eta meningitisen kontra txertatuta egon. COVID-19aren aurkako txertoa esterilizatzailea ez balitz, txertatutakoak birusarekin kutsatu eta transmititu ahalko lukete.

Oraingoz galdera ugari izan arren, pandemia hau kontrolatu ahal izateko balizko txertoak izatea oso berri ona da, eta beraien arrisku/onura erlazioa aldekoa bada, mesede handia ekarriko dute. Hurrengo asteetan-hilabeteetan argituko da txerto horiek gauzatzen diren eta, horretarako, ezinbestekoa da Europako Medikamentuen Agentziak baimentzea. Agentzia honek medikamentu desberdinak (txertoak barne) ebaluatzeko eta baimentzeko prozesua sendoa eta fidagarria du. Oraingoan azkarra izan daiteke, baina horregatik ez du zorroztasuna gutxituko. Baimendutako medikamentu guztien (txertoak barne) segurtasuna eta eraginkortasuna (efikazia) bermatuta dago; efizientzia, berriz, denborarekin ikusi beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.