Josu Urrutikoetxea euskal presoren auziaren ardura Frantziako Gobernuarena dela azpimarratu zuten atzo Miarritzen (Lapurdi) egindako agerraldian. Eta, beraz, arazo «politikoari» gisa bereko konponbidea emateko eskatu zuten Laurent Pasquet-Marinacce Urrutikoetxearen abokatuak, Egoitz Urrutikoetxea semeak eta Andy Carl bake prozesuetako aholkulari eta Conciliation Ressources-en sortzaileak. Eskaera zehatza egin diote Frantziako Gobernuari: Genevako (Suitza) eta Osloko bake negoziazioetan bitartekari izan zen heinean, haren immunitate juridikoa errespeta dezatela eta asiloa eman diezaiotela.
Urrutikoetxearen iazko atxiloketek bake prozesuetan izan ohi diren bi printzipio urratzen dituztela azaldu zuen haren seme Egoitz Urrutikoetxeak: segurtasun juridikoarena eta konfiantzarena. Izan ere, Josu Urrutikoetxeak bake-elkarrizketa prozesuetan parte hartu zuenez, immunitate juridikoa izan beharko luke. 2019ko maiatzean eta ekainean atxilotuta, ordea, printzipio horiek urratu dituztela salatu dute Egoitz Urrutikoetxeak eta euskal presoaren abokatuak. «Aurrekari oso larria» jartzen du horrek, haien hitzetan: «Zalantzan jartzen ditu gaur egun martxan jar daitezkeen nazioarteko gatazken konponbideak». Gogoratu dute Frantziako Gobernuak Ekialde Hurbileko zenbait gatazkatan bitartekari gisa aurkezten duela bere burua, baina Urrutikoetxearen kasuan ez dituela bermeak betetzen, eta, beraz, arazoa ez dela Euskal Herrikoa bakarrik: «Arazoa Frantziarena da».
Frantziako Gobernura ez ezik, Asanblea Nazionalera ere eraman nahi dute gaia, eta jakinarazi dute Frantziako diputatu eta senatari batzuek bisita eginen diotela euskal presoari La Santeko espetxera. Oraindik ez dute zehaztu zein hautetsi joanen diren harengana, baina alderdi politiko ezberdinetakoak izanen direla bai. Datozen asteetan emanen dute xehetasun gehiago.
Andy Carl adituak nabarmendu du Urrutikoetxearen egitekoa ezinbertzekoa izan dela «gatazkaren parte bat bukatzeko», eta haren lanari balioa emateko eskatu du: «Ez da aintzat hartzeneta ez da aitortzen bake prozesuetan parte hartzen duen jendearen ausardia eta sakrifizioa».
Irtenbide «politikoa»
Dei Auzitegia urtarrilaren 8an Josu Urrutikoetxearen estradizio eskaera baten alde agertu zen ETAk 1987an Zaragozako kuartelaren aurka egindako atentatuagatik, baina nabarmendu dute epailearena iritzi juridiko bat baino ez dela: «Gobernuaren dekretu bat beharko da», azaldu du Egoitz Urrutikoetxeak. 1996. eta 2000. urteen artean Urrutikoetxea Espainian atxilo eduki zutela gogoratu dute, gainera, eta orduan ez zutela lortu ezer leporatzerik. Auzia politikoa dela nabarmendu du abokatuak: «Josurena auzi politiko bat da juridikoa baino gehiago, eta, arazoa politikoa den heinean, soluzio politikoa behar du». Gogoratu dute Urrutikoetxea Espainiaren babespean joan zela Genevara eta Oslora negoziazioetan parte hartzera, eta, beraz, arau diplomatikoak hausten ari direla Frantzia eta Espainia orain. Pasquet-Marinacce abokatuak «desleialtasuna» ikusten du estatuen jokabidean: «Bi aurpegi dituzte».
Abokatuak gaineratu duenez, Espainiak egindako euroagindu eta estradizio eskaerak «funtsik gabeak, inprobisatuak eta gaizki dokumentatuak» dira: «Askatu nahi izan zutenean presaka egin zituzten Espainiaratze eskaerak, artifizialki. Eskaera oportunista eta politikoak dira». Pablo Salas Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuetako buruak atxiloketaren ondotik errandakoak horren erakusgarri jarri ditu abokatuak. Salasek erran zuen ETAren «ikur» izateagatik atzeman zutela Urrutikoetxea, eta «aparatu politikoan jokatutako rol garrantzitsuagatik, ETAren desagerpena iragartzeko 2018an zabalduriko komunikatuan parte hartzeraino».
Lau eskaera eta bi auzi
2019ko maiatzaren 16an Frantziako Poliziak Alpeetan atxilotu zuenetik, Parisko La Sante espetxean dute preso Josu Urrutikoetxea (Ugao, Bizkaia; 69 urte). Madrilek bi euroagindu ditu eskatuak, gizateriaren kontrako krimenak leporatuta (Barajas, 2006) eta herriko tabernenauziagatik. Baita bi estradizio ere, Luis Herguetaren (1980) eta Guardia Zibilaren Zaragozako kuarteleko (1987) hilketetan ardurarik izan zuelakoan. Urtarrilaren 8an Dei Auzitegia 1987ko auziagatik estradizioaren alde agertu zen, eta defentsak helegitea aurkeztu zuen Kasazio Auzitegian; Frantziako Gobernuak izanen du azken hitza. Bertze hiru kasuetan epaileak informazio gehigarria eskatu zuen, eta martxoaren 4an dira saioa egitekoak.
Frantzia, berriz, bi epaiketa egitekoa da: ETAren «hierarkian» kide garrantzitsua izateaz akusatuta eta 2011-2013an Osloko elkarrizketagunean ETAren egiturako kidea izatea egotzita.
2018ko maiatzean Urrutikoetxea bera izan zen ETAren desegitearen adierazpenari ahotsa jarri ziona, Marixol Iparragirrerekin batera. 2005-2006an ETAren ordezkaria izan zen Espainiako Gobernuarekin egindako elkarrizketa prozesuan.
Josu Urrutikoetxearentzat asilo eskaria Frantziako Gobernuari
Urrutikoetxea bake negoziazioetan bitartekari izan zela oroitu dute haren abokatuak eta Andy Carl adituak. Auziari irtenbide politikoa emateko eskatu dute. «Arazoa Frantziarena ere bada»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu