Ekhi Erremundegi Beloki.
Departamendu eta eskualde bozak. Bigarren itzulia. ANALISIA

Lasserre, EH Bai eta abstentzioa

2021eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Zentro-eskuina gailendu da, berriz, departamendurako bozetan. Ipar Euskal Herriak dituen hamabi kantonamenduetatik 11 irabazi ditu, eta historikoki alderdi sozialistarenak ziren Baionako bi eremutan irabaztea lortu du. Hala, Jean Jacques Lasserre Forces 64eko hautagaia izanen da Pirinio Atlantikoetako presidentea ondoko sei urteetarako, sorpresarik ezean. Tokian tokiko jaunttoen boterea arrakalatzen hasia zela pentsa zezaketen batzuek; oraindik sendo dagoela erakutsi du. «Badakigu zein izanen den gure lana ondoko sei urteetarako: notabilismo eta klientelismo horren kontra lan egitea, ikusten baita sistema horren sareek oraino funtzionatzen dutela», adierazi zuen Anita Lopepe EH Baiko hautagaiak bigarren itzuliko bozen emaitzak jakin ondotik.

Zentro-eskuinaren olatuak alderdi sozialistako bi figura eraman ditu berekin: Cristophe Martin eta Henri Etxeto. Beren bikoteekin batera historikoki PSrenak izan diren Baiona2 eta Baiona3 kantonamenduetan zuten lekua galdu dute. Etxeto izan da departamenduko ezkerraren buru azken sei urteetan; agintaldi honetarako ez du Pauen eserlekurik izanen. Ikusteko dago frantziar nazionalismoaren figurak zer erabaki hartzen duen haren etorkizunari buruz. Politika uzteko hautua eginen balu, panorama berri bat sor liteke Baionan, haren figura izan baita oztopo nagusia ezkerreko abertzaleekin elkartu eta ezkerreko indarren batasun batera iritsi ahal izateko. Abertzaleen aldarrikapenen inguruko sentsibilitate handiagoa erakutsiko duen belaunaldi bat agertu beharko litzateke Etxeto joan ondotik egoera horretara iritsi ahal izateko; baina ez da errana hala gertatuko denik, joera hori izan lezaketenak jadanik urrundu baitira alderdi sozialistatik.

Abertzaleen bilakaera

Emaitza interesgarriak lortu dituzte ezkerreko abertzaleek, ondorio eta analisi askotarikoak ateratzeko aukera ematen dutenak. Lehen itzulian, hautesleen bi herenek ez bozkatzea erabaki bazuten ere, 2015ean baino 2.981 boz gehiago lortu zituzten EH Baiko hautagaiek. Baina oso joera ezberdinak izan zituzten kantonamendu batzuetan edo besteetan.

Donibane Lohizunen 2015ean baino 1.653 boz gehiago lortu zituen lehen itzulian Peio Etxeberri-Aintxart eta Leire Larrasa bikoteak, bikoitza baino gehiago. Azpimarratzekoa da 2015ean zazpi hautagaitza aurkeztu zirela, horien artean alderdi sozialistarena eta ezkerreko frontearena. Aurten, hiru baizik ez zeuden lehian: zentro-eskuina, batasun nazionala eta EH Bai. Pentsa daiteke, beraz, Frantziako ezkerreko hautesle batzuek lehen itzulitik abertzaleen alde bozkatzea erabaki dutela. Batzuek abertzaleekiko izan zitzaketen harresiak arrakalatzen ari badira ere, seguruenik bidea falta da oraindik eskuinaren kontrako boz gisa identifikatuko litzatekeen hori abertzaleen aldeko boz bilaka dadin.

Errobi-Aturri kantonamenduan argi gelditu baita EH Baiko hautagaitzek eskuratzen duten boza beti ez dela ezkerreko abertzaleen alde emandakoa. 2001etik Hiriburuko (Lapurdi) auzapez den Alain Iriart aurkeztu izan da eremu horretan, azken urteetan, eta gehienetan airez aire irabazi ditu bozak. Euskal Hirigune Elkargoan kargua duenez, aurten ez da aurkeztu, eta 1.580 boz gutxiago eskuratu ditu EH Baik eremu horretan; 2015ean baino kasik erdiak gutxiago. Ondoriozta daiteke Iriartek lortzen zuen botoa gehiago zela tokiko notableari emandako babesa, ezkerreko proiektu abertzaleari emandakoa baino.

Eta, azkenik, bada Baionako kasua. Herriko bozetan eta departamendukoetan azken hogei urteetan lortutako emaitzei begira, ezkerreko abertzaleak boz kopuru berdintsuen inguruan dabiltzala ageri da. Herriko bozetan 1.307 boz lortu zituen Baiona Berriak 2001ean, eta 2008an, 1.134; 2014koetan, 1.642 boz eskuratu zituen Baiona 2014 zerrenda zabalak, eta Frantzia Intsumisoko Ensemble sektorearekin eta ekologistekin osatutako Baiona Berdea eta Elkarkidea zerrendak 1.597 lortu zituen iazko ekainean. Departamenduko bozei dagokienez, 1.661 boz eskuratu zituen EH Baik 2015ean, eta 1.894 eskuratu ditu aurten, kontuan hartuta Baiona-1 kantonamenduan Angeluko (Lapurdi) zati batek bozkatzen duela, eta Baiona-3n Bokaleko (Lapurdi) zati batek. Agerikoa da, gaur egun oraindik, ez dutela aurkitu formula eremu hori euskaldundu eta ezkerretik abertzaletzeko.

Abstentzioaren erronka

Funtsean, ezkerreko abertzaleen bi argazki desberdin erakutsi dituzte aurtengo bozen bi itzuliek. Lehen itzulian, 2015ean baino boz gehiago izan zuten kasik kantonamendu guzietan (Errobi-Aturrin eta Bidaxune-Amikuze-Oztibarren baizik ez ziren gutxitu). Lehen itzulitik bigarrenera boz erreserba bat bazutela erakutsi dute kantonamendu guzietan, baina 2015ean bigarren itzulian lortutako boz kopurutik urrun gelditu dira leku gehienetan.

Ezkerreko abertzaleen aldeko dinamika bat badela interpreta liteke EH Baik departamenduko bozetan lortutako emaitzetan, baina inportantea da testuinguruan kokatzea. Azken urteetan, Euskal Herriko auzi nazionalari lotutako konfliktibitatea urteetan abertzaleek izan dituzten aldarrikapenen gutxieneko kontsentsu batera bideratu da, eta aldarrikapen maximalistak kasik desagertu dira diskurtso publikotik. Horrek esplika lezake, hein batean, hautesle batzuek errazago jo izana EH Baiko hautagaitzak babestera.

Baina abstentzioaren joera ere azpimarratu behar da ezinbestean. Urtez urte, eta hauteskundez hauteskunde, etengabe emendatzen ari da. Emaitzen inguruko analisiak egiten saiatzea ezinbestekoa bada ere, hiru hautesletik bik hauteskundeak boikotatzea erabakitzen dutelarik, zaila da beste ezeri begiratzea. Ipar Euskal Herriaren heren batek EH Bai ezkerreko lehen indar gisa kokatu duela erran daiteke, bai; baina, zer egin dezakete ezkerreko abertzaleek parte hartu ez duten gainerako bi herenengana iristeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.