Aurreakordioa lortu dute EH Bilduk eta gobernuak aurrekontuetarako

EH Bilduk ez die Nafarroako Gobernuaren aurrekontuei osoko zuzenketarik aurkeztuko, egon litezkeenen kontra bozkatuko du, eta aurrekontuen onarpena ahalbidetuko du

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araizekin, aurrekontuei buruz egindako lehen bileran. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Maddi Ane Txoperena Iribarren - Enekoitz Telleria Sarriegi
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Bihar bukatuko da aurrekontuei osoko zuzenketak aurkezteko epea, eta atzo goizeko saioan jada iragarri zuen Bakartxo Ruiz EH Bilduko eledunak ordurako aurreakordio bat ixteko esperantza bazutela, negoziazio aste «biziak» izan dituztela, baina ikusten zutela PSNren gobernua «mugitzen» ari dela: «Akordioa egiteko borondatez ikusten dugu gobernua». Ramon Alzorriz sozialista ere antzera mintzatu zen, esanez «esperantzaz eta ilusioz» zeudela aurrekontuen negoziazioekin: «Urrats bat gehiago egin nahi dugu Maria Txibiteren inbestiduran». Eta iluntzean iritsi zen goizean esandakoen berrespena. EH Bilduren ohar bat lehenengo, eta Nafarroako Gobernuaren balorazioa hurrena: aurrekontuetarako aurreakordioa lortu dutela.

Ez dira xehetasunetan sartu. EH Bilduk oharrean dioenez, «azken asteotako negoziazioen ostean», aurrekontuetarako aurreakordioa lortu dute Nafarroako Gobernuarekin. Xehetasunik ez, baina akordioaren balioa nabarmendu du koalizio subiranistak bere oharrean: «Aurreakordioaren arabera, gastu muga handituko da, eta horrek ahalbidetuko du zuzenketak aurkeztea aurrekontu proiektua hobetzeko helburuarekin lurralde kohesioaren ikuspegitik, baita zerbitzu publikoen eskaintza eta herritarren eskubideak indartzearen ikuspegitik ere».

Eta helburu horiek lortze aldera, bi aldeek «akordio zehatzak» lortu dituztela ere azpimarratu du EH Bilduk, «2020. urtean garatuko diren politika publikoen inguruan, tramite parlamentarioan eta ondorengo gobernu ekintzan islatuko direnak».

EH Bilduk konpromisoa hartu du gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuari osoko zuzenketarik ez aurkezteko, egon litezkeen osoko zuzenketen aurka bozkatzeko, eta aurrekontuen onarpena ahalbidetzeko.

Balorazio «positiboa»

Nafarroako Gobernuak «positibotzat» jo du EH Bildurekin lortutako aurreakordioa. Gobernuak ere ez ditu bere oharrean xehetasunak eman, baina nabarmendu du aurreakordio horrek «kutsu soziala» duten «konpromiso zehatzak» jasotzen dituela, eta, horri esker, «zerbitzu publikoak indartu» egingo dituztela. «Nafarroakoa bezalako komunitate plural batean, herritarrek euren ordezkariei eskatzen diete elkarrizketarako eta akordioak lortzeko gaitasuna, eta horiek gizartearen mesedetan egin daitezela». Hori dela eta, Nafarroak aurrekontuak aurrera atera ahal izatea «inolako zalantzarik gabe», Nafarroako herritar guztietantzat «albiste ona» dela nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.