Udal eta foru hauteskundeak. Zerrendak

Zerrendak osatzea, buruhauste bat

Iturri ofizialetatik kanpo, alderdi politikoek onartzen dute gero eta zailago zaiela hautagaien zerrendak nahi bezala osatzea. Belaunaldi berrien parte hartze politikoa alderdietatik aldentzen ari da hein batean, eta horrek ondorioak ditu hautagaiak lortzeko prozesuan.

BERRIA.
xabier martin
2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun

Alderdi politikoek hautagaien zerrendak osatzeko dituzten arazoak ez dira unean unekoak dagoeneko, azken urteetan orokortzen ari den joera baten isla baizik. Belaunaldi berrien artean zabaldu den politika instituzionalarekiko aldentzea egiturazko oztopo bat bihurtzen ari zaie. Zerrenden auzia sukaldean dabilen elefantea denez, estutasunak ez dituzte ukatzen, eta gehienek onartu dute sumatzen dutela erakundeekiko interes falta bat belaunaldi berrien artean. Zerrendaburuen adinaren batezbestekoak oso esanguratsuak dira. Baina arazo orokorrak azpimarratu dituzte, eta, hauteskundeen atarian, salbuespenaren kategoria eman diote beren markari, «inoiz baino zerrenda gehiago» osatu dituztelako.

EAJren Euzkadi Buru Batzarreko iturriek esan dute badela «joera bat alderdi politikan gutxiago sartzeko», baina segidan erantsi dute «ezuste atsegina» izan dutela maiatzeko hauteskundeei begira, EAJk ez dituelako izan «beste batzuetan» izan dituen zailtasunak zerrendak egiteko. «Inflexio puntu bat ikusi dugu, eta joera aldaketa bat ote dagoen ere ikusteko dago», diote Sabin Etxeko iturriek. «Horrek ez du esan nahi zailtasunik ez dagoenik han eta hemen, eta argi dugu orain 30 urte baino zailagoa dela zerrendak osatzea». EBBko iturriek onartu dute badela «politikaren ospe galera bat» eta politikariak «batzuetan susmagarri» bihurtu direla.

Ikusi gehiago:«Erakundeen aurkako sumindura orokortu egin da gazteen artean»

Politikariaren ospea zergatik zikindu den azaltzeko orduan, ordea, EAJko iturri horiek soilik «haien aurkako kanpainak» aipatu dituzte. «Politikan sartzen denak zer nahiko duen galdetzen dute askok, zalantzak ereinez. Sare sozialek eta hedabide batzuek lagundu egiten diote susmo giro horri». Eta jazarpen politikoarekin lotu dute zerrendak osatzeko arazoa: «Oraindik ere herriko hormetan hautagaien izenak idazten dituzte. Ezin da ahaztu seme-alabak dituztela haiek. Familiak askotan nahiago izaten du arazo horietan ez sartzea, eta hautagai izateari uko egitea». Hainbat herritan oraindik «normaltasun politiko bat» ez dela lortu islatzen du egoera horrek, EBBren iturrien arabera.

Bestelako militantzia bat

Haatik, ez dirudi gaur egun egon daitekeen jazarpen politiko hori denik arrazoi nagusia gazteen artean alderdi politikoetatik aldentzeko joera hedatzeko. Gazteek politikarekin duten harremana aztertu duten soziologoak krisi artean hazi eta hezi direnen etsipen sentipenari buruz mintzo dira. Gazte askok euren itxaropen zapuztuen erantzuletzat jotzen dituzte alderdi politikoak, adituen arabera.

EH Bilduk uste du badirela «denentzako arrisku batzuk», eta krisi politikoa, berriz, «orokorra» dela. «Bada politikarekiko urruntze bat, agian», esan du Gari Mujika koalizio abertzaleko zuzendari nagusiak. Baina hori esatearekin batera, EH Bilduren «berezitasuna» azpimarratu du, zerrendak osatzeko arazoei izkin egitea ahalbidetu ei dien «izaera». «Ez dugu arrakala handirik sumatu. Gu ez gara alderdi konbentzionala, kolektiboan jartzen ditugulako indarrak, zerbitzu militante bat eskaintzen dugulako». Mujikak uste du «erreleboei bide» eman behar zaiela zerrendetan aparteko arazorik ez egoteko; edonola ere, EH Bilduk aurreko udal hauteskundeetan baino «herri gehiagotan» aurkeztuko ditu hautagaitzak. «Osasunez dabilen indar politiko bat gara. Zerrenden osaketa ez da zerbait isolatua, estrategia oso baten emaitza baizik. Ilusioa sortzen jakin behar da, eta antolaketa eraginkorra eraikitzen». Koalizioko zuzendari nagusiak garbi esan du EH Bilduk «zabaltzeko urratsak» egin dituela, «ezkerrekoak eta subiranistak diren oro biltzeko».

Dena den, orain urte batzuk politizatuagoa zegoen euskal gizartea, eta militante gehiago zeuden alderdietan, oraingo afiliatuak baino leialagoak zitzaizkienak siglei. Alderdiekikoa baino gehiago, erreibindikazio zehatzekikoa da orain boto emaile batzuen konpromisoa, zenbait soziologok islatzen dutenez, eta horrek badu bere ondorioa afiliatuetan ere.

«Blokeak sortzea eragiten zuen egoerak; familia politiko-ideologikoen arteko polarizazio handiagoa zegoen, eta militanteak zeuden alderdietan», azaldu du Mujikak. «Orain beste modu batera militatzen dute batzuek politikan»; baina horrek ez du esan nahi, haren ustez, balioak galdu direnik. «Krisiak ez dira alferrik izan, eta ziurgabetasun sentipena asko areagotu da». Testuinguru horretan «indibidualismoak» indarra hartzea ere ez da harritzekoa, Mujikarentzat.

Alderdiak mantsoago doaz

PSE-EEko Victor Trimiño eusko legebiltzarkide eta alderdiko gazteen idazkari nagusiak gazteen defentsa egin du haien militatzeko modua dela eta. «Alderdian daudenen konpromisoa ez dago zalantzan gazte izate hutsagatik. Beste kontu bat da zenbat gazte dauden orain alderdi politikoen barruan». Harentzat, alderdiek, oro har, ez dituzte erakartzen belaunaldi berriak lehen adina, «baina ez da politikarekin konpromiso apalagoa dutelako». Trimiñoren arabera, «ez dute paso egiten».

Zer gertatzen ari da orduan zerrendak osatzeko zailtasunari begira? PSE-EEko eledunarena da erantzuna: «Erreibindikatzeko moduak oso azkar aldatu dira, eta, beharbada, alderdiak mantsoagoa ari gara aldaketa horiek bereganatzen».

Martxoaren 8ari, Maiatzaren Lehenari edo ingurumenaren inguruko protestei begiratu baino ez dago gazteen konpromiso politikoaz jabetzeko. Hura erakartzeko asmatzen ari ote diren, hori da alderdi askoren egoitzetan kezka handi bat egun. «Erreibindikazio zehatzek bultzaturik alderdietan sartzen diren gazteak zerrendetan edo hortik kanpo lan egiteko borondate osoa dute», dio PSEko kideak. Baina... «Alderdi batean afiliatzen bazara, sorta osoa hartzen duzu. Eta hori da arazoa askotan». Afiliatu gazteek ez dute zertan ados egon «%100» alderdiak beste eduki batzuen inguruan dituen iritziekin. Finean, «krispazio gutxiago» ikusten du egun Trimiñok, «giro sanoagoa», eta hori «oso ona» dela dio, baina gogoratu du polarizazioak mobilizazio politikoa ekartzen duela beti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.