Arabako Probintzia Auzitegiak ustelkeriagatik zigortu egin ditu De Miguel auzian epaitutako 26 lagunetatik 15; tartean, Alfredo De Miguel, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano EAJren Araba Buru Batzarreko burukide ohiak. Delitu ugari leporatuta zigortu dituzte, besteak beste eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuen faltsutzea. De Miguelek, Telleriak eta Otxandianok jaso dituzte espetxe zigorrik handienetakoak, hirurek legez kanpoko komisioak kobratzeko «sare bat» eratu zutela frogatutzat jo baitu epaileak. De Migueli ezarri diote espetxe zigorrik handiena: hamahiru urte eta hiru hilabete, baina gehienez bederatzi urte egongo da kartzelan. Fiskaltzak leporatutako delitu gehienak frogatutzat eman ditu epaimahaiak: eroskeria, legez kontrako elkartea eratzea, dirua zuritzea, dirua bidegabe erabiltzea, influentzia trafikoa, dokumentuak faltsutzea eta prebarikazioa.
Antzeko delituak leporatuta, zazpi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra jarri diote Otxandianori, eta sei urte eta sei hilabetekoa Telleriari. Fiskaltzak egindako eskaera baino nabarmen txikiagoak dira hiru akusatu nagusiei ezarritako zigorrak. Josu Izagirre fiskalak 29 urte eta bederatzi hileko espetxe zigorra eskatzen zuen De Miguelentzat, eta 13na urte eta zazpina hilabetekoa Telleria eta Otxandianorentzat. Hala ere, fiskaltzak egotzitako ia delitu guztiengatik zigortu dituzte EAJko kide ohiak. Espetxe-zigorrei 200.000 euro baino gehiagoko isunak gehitu behar zaizkie. Baita lanbide eta kargu publikoak izateko inhabilitazioak ere.
Hiru akusatu nagusiez gain, Javier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendari ohiari ezarri diote zigor handienetakoa: 7 urte eta hilabete bat, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta influentzia trafikoa leporatuta. Zigorra jaso dutenen artean, hiru lagunek prebarikazioagatik inhabilitatu dituzte, eta ez dute espetxe zigorrik jaso. Beste 11 akusatu absolbitu egin ditu auzitegiak. Absolbitutakoen artean dago Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Gazteria sailburuordea.
De Miguel, sare baten buru
Epaiketa amaitu zenetik urtebetera jakin da De Miguel auziko epaia, Euskal Herrian epaitu den ustelkeria kasurik handienetakoa. Atzo, epaia jakinarazteko Arabako Probintzia Auzitegian egindako saioak ikusmin handia piztu zuen komunikabideen artean, eta dozenaka kazetari bertaratu ziren epaia jasotzera. Akusatuak ez ziren joan epaitegira, baina bai haien abokatuak. Elena Cabero magistratuak idatzi du epaia, eta Jaime Tapia eta Raul Aztiria epaileek sinatu dute. Boto partikularrik ez du izan. Caberok berak irakurri zuen atzo goizean akusatuei ezarritako zigorren atala, saio publiko batean. Ebazpen osoak 1.185 orri ditu, eta aldeen esku dago honezkero. Nahi izanez gero, sententziaren aurkako helegitea aurkeztu dezakete EAEko Auzitegi Nagusian.
Sententziak argi utzi du De Miguel legez kanpoko komisioak kobratzeaz arduratzen zen «elkarte sare» baten buru izan zela, eta sare hori egiteko«erantzukizun politikoak edota instituzionalak» zituzten hainbat pertsonaren laguntza izan zuela. Zehazki, sententziak frogatutzat jo du De Miguelek, Telleriak ea Otxandianok 2005eko bigarren hiru hilekoan «elkarte sare » bat sortzea pentsatu zutela, eta horretarako, EAJko kide izateagatik zituzten harreman politikoak eta administratiboak baliatu zituztela. Euren asmoak aurrera eramateko, epaiak dio beste akusatu batzuen «laguntza pertsonala edo enpresariala» jaso zutela, eta pertsona horiek haien zerbitzura jarri zirela euren buruak modu «ez zilegian» aberasteko.
Ebazpenaren arabera, hiru akusatuek eratutako sarearen bitartez EAJk gobernatutako administrazio edo erakunde publikoen kontratu eta esleipenak «modu irregularrean» lortu zituzten, besteak beste, Kataia Consulting, Errexal eta Ortzi Muga enpresen bitartez. Epaiak dioenez, enpresa horiek ez zuten jarduera ekonomikorik, azpiegiturarik eta gaitasunik esleitutako lanak burutzeko, baina akusatuek «enpresa pantaila» gisa erabilitzen zituzten komisioak kobratzeko edo legez kanpoko ordainketak jasotzeko. Zehazki, epaiak dio hiru akusatuek Kataia Consulting enpresa «estalki» gisa erabili zutela«delitu sare» bat eraikitzeko, eta haren inguruan sortutakoenpresak kontratu publikoetatik lortutako komisioak kobratzeko. Besteren artean, frogatutzat jo da, legez kontrako kontratuak egin zituztela Urbanoma eta Stoa enpresekin, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kultura sailekin, eta Zanbranako (Araba) lursailetan egindako hirigintza proiektuarekin.
Besteak, sarearen parte
Epaiak frogatutzat jo du De Miguel baliatu egin zela garai hartan politikan zuen goi karguaz eta harreman pertsonalez «legez kanpoko kontratuak eta esleipen publikoak lortzeko». Miñaoko Parke Teknologikoaren hedapena kudeatzeko Urbanoma enpresari emandako kontratua «irregularra» izan zela dio epaiak, lehiakortasun eta publizitate printzipioak urratu zituelako, eta horren jakitun zirela Alfonso Arriola eta Sanchez Alegria. Hala, Arriola Miñaoko Teknologia Parkearen handitzean eginiko irregulartasunekin lotu du epaileak, eta prebarikazio delitu batean laguntzea egotzi dio. Kargu publikoak betetzeko zortzi urteko inhabilitazioa ezarri dio horregatik. Delitu bera egotzi dio Alegriari, Teknologia Parkeen Sareko presidentea izan zen garaian egindako irregulartasunagatik.
Sententziak frogatutzat jo du, halaber, de Miguelek, Telleriak eta Otxandianok 100.000 euroko komisioa eskatu ziotela Ainhoa Alberdiri Urbanomak kudeatutako kontratuagatik. Haatik, koakzio delitu batengatik errugabe jo ditu epaileak hirurak, horretarako froga nahikorik ez dagoela argudiatuta.
Epamahaiak ebazpenean adierazi du hiru akusatu nagusiek eratu zutela legez kanpoko komisioak kobratzeko «trama» bat, baina haren parte izan zirela, modu batean edo bestean, Ainhoa Bilbao, Iratxe Gaztelu-Urrutia, Iñaki Etxaburu, Iñaki San Juan, Josu Arruti, Josu Montes eta Francisco Javier Sanches Robles akusatuak ere. Epaileak zazpi lagun horiei egozten die ustelkeria sare horretan parte hartu izana, «hura zuzenduta, nozbehinka esku hartuta edota diruz lagunduta».
Hala frogatutzat jo du Kataia Consulting enpresaren sorreran parte hartu zutela Bilbaok, Gaztelu-Urrutiak eta Araceli Bajok, hiru akusatu nagusien emazteek. Epaiaren arabera, Bilbao eta Gaztelu-Urrutia izan zirenKataia Consulting enpresaren mugimendu irregularren arduradunak, eta besteak beste, «delitu sarearen bitartez bidegabeki lortutako diruaren jatorria ezkuta- tzen» saiatu zirenak. Diru mugimendu irregularrak aurrera eramateko, «aldez aurretik prestatutako plan bat» eratu zuten De Miguelek, Telleriak eta Otxandianok, eta epaiak dionez, hirurek euren emazteen izenak erabili zituzten «ez zegozkien dietak kobratzeko, edo existititzen ez ziren bileren aktak egiteko».
Bilbaori urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote horregatik, eta Gaztelu-Urrutiari urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra eta 178.420 euroko isuna. Legez kanpoko jarduera horietatik at utzi dute, ordea, Araceli Bajo, Telleriaren emaztea, eta delitu orotik errugabe jo dute.
Jaurlaritzaren kontratuak
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Gazteria Sailetik adjudikatutako kontratuetan izandako irregulartasunei dagokienez, epaiak argi eta garbi dio Javier Sanchez Robles Gazteria zuzendari izandakoa hiru akusatu nagusiekin zuen «harreman pertsonalaz baliatu» egin zela kontratu «irregularrak» adjudikatzeko Errexal, Kataia eta Ortzi Muga «enpresa pantailei», eta kontratu horiek baimendu egin zituela funtzio publikoaren aurretiazko txostenik eta beharrezko konprobazio teknikorik egin gabe. Gainera,ebazpenak dio Sanchez Roblesek kontratuan jasotako lanak egin gabe zeudela baimendu zituela ordainketak, eta horrek, «galera ekonomikoak» eragin zizkiola gobernuari.
Irregulartasunak ere frogatutzat jo ditu Sanchez Roblesek Arabako kuadrillekin egindako kontratuetan. Epaiak dio Sanchez Roblesek, De Miguelek, Telleriak eta Otxandianok, «euren influentzia politikoaz» baliatu egin zirela Jaurlaritzak Kanpezuko, Guardiako, Zuiako, Añanako, Aiarako eta Aguraingo kuadrillei emandako 90.000 euroko diru laguntza eskuratzeko.
'De Miguel auzia'. Epaia
13 urteko espetxe zigorra ezarri diote De Migueli, ustelkeriagatik
Koldo Otxandianori zazpi urte eta bederatzi hilabetekoa jarri diote, eta Aitor Telleriari, sei urtekoa. Epaitutako 26 lagunetatik 15 zigortu ditu Arabako Probintzia Auzitegiak, eta beste 11 absolbitu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu