Migratzaileak. Harrera

Harrera, etxeko aterpean

Afrikatik heltzen diren migratzaileei ostatu emateko helburuz, herritar sareak sortzen ari dira: etxeetan hartzen dituzte. Unean uneko aterpea ematen dute, eta nabarmendu dute erakundeena dela ardura

Ermua. Harrera sarearen etxean bizi diren etorkinak herrian erroldatuta daude, eta badauzkate zereginak: ikasten ari dira, edo lanean. JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo
2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herria pasabidea da Afrikatik Europara doazen migratzaileentzat. Milaka eta milaka lagun igaro dira azken urteotan. Han-hemen, baliabideak atondu dituzte migratzaile horiei harrera egiteko: herritarren ekimenez sortu dituzte horietako ugari, eta erakundeen altzoan jarri dituzte martxan beste hainbat. Bizkaian, herritarrek osatutako taldeak ari dira indarra hartzen: herritar gero eta gehiago ari dira migratzaileak etxean hartzen, edo propio horretarako prestatu dituzten etxeetan. Aterpea eman nahi diete, nahiz eta jakin erakundeen ardura dela migratzaileak artatzea.

Migratzaileen auziak lekua galdu du hedabideetan azken hilabeteetan. Iazkoaren aldean, migratzaile gutxiago iritsi dira aurtengo udan Euskal Herrira, datu ofizialen arabera. Milaka lagun, hala ere. Areago, uda igarota, gero eta migratzaile gehiago ari da iristen, Irungo Harrera Sareak azaldu duenez. Gogoan izatekoa da Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan kontrol zorrotzak egin zituztela udan G7aren bileraren ondorioz, eta migratzaile gutxiago iritsi ziren. Urrian igo egin da kopurua.

Irungoaren eran, beste dozenaka herritan osatu dituzte harrera sareak: herritar boluntarioek osatutako taldeak dira, migratzaileei harrera egin nahi dietenak. Molde desberdina dute sareek leku batzuetan eta besteetan, beharrak eta aukerak desberdinak baitira tokian-tokian. Helburu berbera dute: migratzaileei babesa ematea.

Inurri lanez osatutako sareak izaten dira. Bilboko harrera sistema xume bateko kide da Haizea Barcenilla. «Garai motz batez etxean aterpe ematen diegu egoera zaurgarrienetan dauden migratzaileei». Astean hiruzpalau egunez hartzen ditu etxean egoera «kaskarrenean» dauden migratzaileak. Barcenillarenean ez ezik, auzoko beste etxe batzuetan ere ematen diete aterpe migratzaileei; denera, gehienez hiru aste ematen dituzte etxe horietan. Badakite hori ez dela konponbidea migratzaileen egoera bideratzeko, baina, beste biderik ezean, egoera «arintzen» saiatzen dira.


Bilboko Irala auzoan, heldu berriei eskaintzen diete aterpea, hasierako aldian laguntzeko. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Harrera mugatzea

Asmo handiagoko eredu bat dute martxan Ermuan. Urrunago heldu nahi dute: harrera osoa eman migratzaileei. Iazko urrian, etxe bat alokairuan hartu zuten harrera sareko kideek. «Epe luzerako proiektu bat da gurea: herrian geratu nahi dutenentzako laguntza sistema bat», kontatu du Idoia Goikoetxea harrera sareko kideak. Ermuan bertan geratzeko lehen urratsetan laguntzen dute, beraz.

Harrera mugatu ala ez, eta mugatzekotan, noraino: hori da harrera sareek maiz zehaztu beharreko irizpideetako bat. Denek ez dute berdin jokatzen. Bilboko Irala auzoko sareak, esaterako, hiru hilabetez ematen die ostatu migratzaileei, eta batik bat ailegatu berriak dituzte gogoan. «Malgutasuna dugu, baina batez ere heldu berriei egiten diegu harrera, uste baitugu hasierako aldi hori dela zailena», azaldu du sareko kide Catherine Verbruggenek. Etxe bat hartua dute alokairuan, bost-sei lagunentzako tokiarekin. Egokitze aldi baten planteamendua dute Iralan: trantsizioa egiteko epe gisa eskaintzen diete etxea. Gernika-Lumoko sareak, berriz, ez du epemugarik ezarri. «Oso zaila egiten zitzaigun muga bat zehaztea, ez baitakigu zeren arabera edo nola egin; gu ez gara inor hori ezartzeko», kontatu du Asier Arejitak. Busturialdeko harrera sareko kidea da, eta eurek Gernikako eraikin okupatu bat baliatu dute harrera espazio gisa.

Alokairuko etxeak ez ezik, leku autogestionatuak baliatzen ari dira aterpea emateko. Arrigorriagan, gaztetxea bihurtu dute harrera leku, eta migratzaile talde bat dago orain. «Hamar pertsonarentzako lekua dago. Hutsuneren bat sortzen denean, beste batek hartzen du joandakoaren lekua». Alvaro Salazar sareko kideak azaldu du urtebetean hamazazpi migratzaile igaro direla Arrigorriagako gaztetxetik; zazpi migratzaile hasieratik daude han.


Sute baten ondorioz, Gernikako eraikin okupatuan bizi diren etorkinek etxea utzi behar izan dute. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Boluntario taldeak

Handiagoa edo txikiagoa, guztietan dute talde bat harrera sistema egituratzeko. Zortzi-hamar laguneko talde finkoa dute Ermuan eta Iralan; Gernika-Lumoko taldean hogei bat ari dira, eta Arrigorriagan, 30 inguru. Barcenilla ere ez da bere kasa ari: harremanetan daude migratzaileak etxean hartzen ari diren herritarrak. «Hamar pertsonako saretxo bat dugu, eta Whatsapp bidez jartzen gara harremanetan». Bilbo dute esparrua, eta nork bere aukeren arabera jartzen du lo lekua.

Batzar bidez jarduten dute Arrigorriagan, maiztasun finkoarekin: bi astean behin egiten dute batzarra sareko kideek eta gaztetxean bizi diren migratzaileek. «Lantalde autonomoen bidez banatzen dugu lana, sortzen diren beharrei ahalik eta modu eraginkorrenean erantzuteko», zehaztu du Salazarrek. Eguneroko jarraipen hori egiteko premia sumatu zuten Iralako taldean ere. «Astean hiru aldiz batzen gara, eta balantze moduko bat egiten dugu; nola dauden eta zer behar duten galdetzen diegu». Hala ere, Verbruggenek aitortu du inprobisatu beharra ere izan dutela, eta eskarmentua izan dela ikasteko biderik onena. «Gu haien beharrei erantzuteko prest gaude». Ermuko sarean ez dute zehaztua zenbatean behin elkartu, baina Goikoetxeak ez du uste hori egitasmoaren kalterako denik. «Beharren arabera erantzuten dugu».

Harrera eredua nolakoa den, eragin zuzena du horrek migratzaileek jasotzen dituzten zerbitzuetan. Ermuko, Gernikako eta Arrigorriagako kasuan, herrian erroldatuta daude etorkinak. «Medikutara edo kontu legaletara laguntzen ditugu, eta, edozer behar badute, harremanetan gaude, nahiko era naturalean», kontatu du Ermuko sareko ordezkariak. Lan eta egoitza baimenak lortzeko epea —hiru urte— baliatu nahi dute integratzeko. «Gure proposamena da urte horiek aprobetxatzea batez ere formakuntzarako». Hizkuntzak eta beste arlo batzuk ikasten ari dira Ermuko etxean dauden etorkinak. Antzera dabiltza Gernikan, Arejitak azaldu duenez: «Denak daude herrian erroldatuta, ikasten ari dira, eta han-hemen lantxoak egiten dituzte; jadanik badute lotura bat herriarekin». Salazarrek nabarmendu du ikasketa prozesua ez dela migratzaileena soilik. «Denok ari gara ikasten: haiek geroz eta autonomoagoak dira, eta gu, profesionalak ez garen arren, legeen eta sistemaren zirrikituak eta dituzten aukerak ezagutuz joan gara». Etxeko harreran, xumeagoa da planteamendua, Barcenillak azaldu duenez: «Gurea ez da epe luzerako konponbidea; hori ez da gure sarearen funtzioa. Soluzio horrek beste bide batzuetatik heldu behar du». Lo tokia ematera mugatzen dira.


Gaztetxearen zati bat etxebizitza bihurtu dute Arrigorriagan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Eskaintza ereduak

Migratzaileak hartzeko tokia lortzea eta atontzea da harrera eskaintzaren oinarrietako bat, eta denek ez dute eredu bera baliatu. Ermuan eta Iralan alokairuan hartu dute etxe bat, sareko kideen artean ordainduta. Orain bi urte jarri ziren martxan Iralan, eta, ordutik, 50 pertsona inguru pasatu dira etxebizitzatik. Gaur-gaurkoz, sei pertsona daude bertan. Ermun, berriz, lau logelako etxebizitza batean daude bost lagun. Badute gehiago hartzeko tokia, baina muga asko dituztela aitortu du Goikoetxeak. Dirua da arazo nagusia. «Lekua badugu, baina harrera integrala egiteko oso aurrekontua eskasa dugu». Jende gehiago hartu ordez, saiatzen dira jada bertan daudenekin eguneroko lana egiten. «Harrerari zentzua eman nahi diogu: ez dadila izan orain hartu, orain utzi. Gustatuko litzaiguke herria eta jendea ezagutzea, eta formakuntza jasota emantzipatzea». Ari dira: lau migratzaile helduetatik hiruk urtebete egin dute jada Ermuan, eta Goikoetxeak sumatu ditu aurrerapausoak. «Hasi dira han-hemen lantxoak egiten, jendea ezagutzen, hizkuntza ikasten... Esperientzia oso aberasgarria da».

Arrigorriagan eta Gernikan, espazioak egokitu egin behar izan dituzte. Gune autogestionatuak izanda, ez dute alokairu gasturik. Hilabete eta erdian, auzolanean bihurtu zuten Arrigorriagako gaztetxearen zati bat bizileku. Boluntarioen ekarpena goraipatu du Salazarrek: «Algortako neska batek sukalde osoa eskaini zigun, eta horrelako ekarpenekin osatu dugu azpiegitura osoa». Gernikakoa, etxebizitza bloke bat izanda, hornituta zegoen migratzaileak iristerako. «Etxebizitza hutsez betetako eraikin bat da, eta denetik dute: sukaldea, logelak, komuna...», zehaztu du Arejitak.

Arazoak izan dituzte Gernikan oraintsu, ordea. Urriaren 15ean, su hartu zuen etorkinak bizi diren etxebizitzak, eta hustu egin behar izan zuten eraikina. Egoera nola kudeatu aztertzen ari da Busturialdeko Harrera Sarea: «Atzerapausoa da; bertan bizi ziren hamar etorkinek alde egin behar izan dute». Arejitak ohartarazi du egoera nahiko ezegonkorra zela aurretik ere, eraikina okupatua izanik. Egoera irauli egin da azken egunetan, ordea. Udalarekin batu dira sareko kideak, Arejitak azaldu duenez. «Egoera bideratzeko prest agertu da udala, eta esku hartzeko konpromisoa hartu du».

Negua iristear da. Goikoetxeak dioenez, Ermuko kasuan harrera «egonkorra eta integrala» izanda, ez dute alderik nabaritzen, migratzaileek ez baitute joateko eperik. Iralako sarean, berriz, bai, eragina izango du neguak. Alokairuan duten etxearen eskaintza osatzeko, ahalegintzen dira migratzaileak etxean hartzeko prest dauden herritarrak aurkitzen. Verbruggen: «Udan nahiko lasai ibili gara, baina hotz egiten hasten denean etxeetako harrera bultzatzen saiatzen gara». Katean egiten dute harrera, bakoitzak ahal duena eskainiz, eta asmoa da harrera aldia ahalik eta gehien luzatzea. Komeni zaie, beraz, ahalik eta herritar gehien biltzea. Sarea zabaldu beharraz ohartarazi du Barcenillak: «Konpromiso minimoa eskatzen da; bakoitzak ahal duena eskaintzen du».

Harrera berregituratzea

Esperientzia guztiak garai bertsuan jarri zituzten martxan, iazko udan. Ez da kasualitatea. Izan ere, iazko uztailean migratzaile talde handi bat heldu zen Bizkaiko hiriburura, eta auzoz auzo antolatzen hasi ziren herritar taldeak: Atxurin, Santutxun, Bilbo Zaharrean, Deustuan... Afrikatik iritsitako migratzaileek lau geraleku izan zituzten Bilbon uztailetik urrira. Egoera horri eutsi ezinda, ordea, harrera sare hori birpentsatu egin zuten harrera taldeek, eta sakabanatzea erabaki zuten: hortik barrena sortu ziren Arrigorriagako, Gernikako eta Ermuko mugimenduak, esaterako. Migratzaile gutxiagorekin, luzaroagoan eutsi ahal izan diete harrera bideratzeko sare horiei.

Migratzaileei aterpe ematea dute guztiek helburu. «Baina guk argi dugu hau ez dela gure lana, eta gure asmoa ez da luzaroan jarraitzea horrela», ohartarazi du Verbruggenek. Erakunde publikoei begira daude, ekimena haiek hartu behar dutelakoan. Argi esan du Ermuko sareko kideak: «Etorkinak heltzen dira, eta heltzen segituko dute: instituzio publikoen ardura da haiei ostatu ematea».

Sendiaren legatua, aterpe bihurtua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.