Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Espainiako Gobernuari, eta atzera bota du diktadorearen familiaren eskaera; ebatzi du zuzenbidezkoa dela Francisco Francoren gorpuzkiak Madrilgo Erorien Haranetik atera eta Espainiako hiriburuan dagoen El Pardo auzoko Mingorrubioko hilerrian hobiratzeko erabakia.
Administrazioarekiko Auzietako 4. Salak bi erabaki hartu behar zituen atzo: batetik, Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeari buruzkoa, eta, halaber, diktadorearen momia Espainiako Gobernuak erabakita duen hilerrian lurperatzeri buruzkoa, Madrilgo El Pardo auzoko Mingorrubio hilerrian —han dago diktadorearen emazte izandako Carmen Polo, mausoleo batean—. Bigarren puntu horrekin ere ez zegoen ados familia, eta horrek eman ditu zailtasun juridiko handienak. Azkenean, magistratuek gobernuaren irizpidea babestu dute, aho batez.
Diktadorearen senitartekoek argudiatu zuten eskubidea dutela Francoren gorpuzkiak non hobiratu aukeratzeko, beste edozein herritarrek bezala, eta proposatu zuten El Pardo-Mingorrubikoa ez zen beste leku bat: Madrilgo Almudenako Katedraleko kriptan familiak betirako berea duen hobia. Espainiako Gobernuak, baina, aukera hori baztertu egin zuen, argudiatuta Espainiako hiriburuko erdigunean dagoela, eraikinak interes turistikoa duela eta edozeinek bisita dezakeela, kriptarako sarbidea ez baitago mugatua. Hortaz, eta Memoria Historikoaren legeari jarraikiz, erantzun zuen hori ez zela leku egokia diktadore bat hobiratzeko, eta bereari eutsi zion. Estatuaren abokatuak, halaber, azaldu zuen gobernuaren erabakiak ez dituela diktadorearen familiaren eskubideak urratzen, eta azpimarratu zuen senitartekoek aipatzen duten eskubideak bateragarria izan behar duela Memoria Historikoaren legearekin.
Jorge Rodriguez Zapata izan da epaimahaiko presidentea, eta Celsa Pico, Jose Luis Requero, Pilar Teso, Segundo Sanz eta Pablo Lucas magistratuek osatu dute magistratuen taldea. Azken horrek idatziko ditu ebazpeneko argudioak, eta datozen egunetan kaleratuko ditu. Atzo, erabakiaren berri eman zuten soilik.
Francoren familiaz gain, Francisco Franco Fundazioa, Erorien Haraneko edo Cuelgamuroseko beneditarrak —haiek kudeatzen dute hango mausoleoa, 1936ko gerran hildakoak omentzeko egina— eta Erorien Haranaren Defentsarako Elkartea aurkeztu dira auzibidean: diktadorea hobitik ateratzearen aurka azaldu dira denak. Haiek aurkeztutako helegiteak, baina, ez dituzte atzo jakinarazitako ebazpenean aztertu. Dena den, magistratuek auziaren funtsari buruzko erabaki bat eman dute, eta beste epaientzako oinarria izan liteke.
Atzo, epaileak bilduta egon ziren orduetan, hainbat lagunek elkarretaratze bat egin zuten auzitegi aurrean, memoria historikoaren elkarteek deituta, Ni Valle, ni Almudena (Ez Haranean, ezta Almudenan ere) lelopean. Bildu zirenek «garaipen partzialtzat» jo zuten Gorenaren erabakia, eta frankismoko «beste hobi guztiak» zabaltzeko eskatu zuten.
Auzibidea ez da amaitu
Gobernuak iazko abuztuaren 24an hasi zuen hilotza Erorien Haranetik ateratzeko bidea, lege dekretu batekin. Horretarako, Memoria Historikoaren legearen bi puntu aldatu zituen. Sanchezek bere kabuz abiatu zuen prozesua, baina Kongresuaren babesa jaso zuen irailean; PP eta Ciudadanos abstenitu egin ziren.
Gobernuak asmoa iragarri zuenetik, diktadorearen zazpi bilobek hamaika helegite eta alegazio aurkeztu dituzte. Besteak beste, Jose Yusti Bastarretxe epailearen —publikoki azaldu da memoria historikoaren aurka— laguntzarekin trabatu nahi izan dute prozedura: «Hilobiaren 2.000 kiloko estalkia altxatu behar duten beharginen segurtasuna» argudiatu zuen magistratuak aurreko «estatuburua» hobitik ateratzeko lanak eten zituen ebazpen batean.
Auzia zabalik dago, eta ikusteko dago Gorenaren epaiko argudioek nola eragin lezaketen lurpetik ateratzeko prozeduran. Baliteke, gainera, prozesua gehiago luzatzea; izan ere, diktadorearen familiak Auzitegi Konstituzionalera joko duela iragarri du, eta ez du baztertzen Europako auzitegietara iristea. Senideen abokatuak azaldu duenez, azken epaia kaleratu arte hobitik ateratzeko lanak eteteko eskatuko du Konstituzionalean.
Gobernua, hasteko prest
Gobernuak uste du burutu ditzakeela hilotza hobitik atera eta gero hobiratzea. Yusti epailearen auzibidea eta Gorenaren epaia itxita ez dauden arren. Dena prest du, eta, haren ustez, Espainiako Eliza katolikoko buruen baimena baino ez luke behar hasteko. Erorien Haraneko beneditarrak gorpua ateratzearen aurka azaldu dira, baina gobernuak Vatikanoaren babesa du horretarako; Vatikanoak urtarrilean adierazi zuen Espainiako Estatuaren eta diktadorearen familiaren arteko auzibide bat zela, eta epaitegiek esandakoa beteko zuela.
Gorenaren ebazpeneko argudioen arabera, ikusteko dago ea gobernuak aukera duen Franco azaroaren 10eko Espainiako Gorteetarako bozak baino lehen ateratzeko hobitik, ala ea gaia gobernu berriaren esku geratuko den.
Carmen Calvo jarduneko presidenteordeak esan du «lehenbailehen» egingo dutela, «bozen kanpainatik aldentzeko». «Pozik» agertu da PSOEren gobernuak «toki publiko batetik» atera dituelako Francoren gorpuzkiak, eta modu «txukun batean eta bermeak betez» egin duelako.
Gutxienez Memoria Historikoaren legea indarrean denetik (2007) izan dute Espainiako gobernuek Franco hobitik ateratzeko auzia Espainiako mahaiaren gainean. Jose Luis Rodriguez Zapateroren (PSOE) agintaldian (2004-2011) ireki zuten horretarako aukera; lehenik, Memoria Historikoaren legearekin, eta, gero, Erorien Haranaren etorkizunari buruz osatu zen adituen taldearen lanarekin (2011). Horien arabera, handik atera behar da diktadorea.
Mariano Rajoyren agintaldian ez zen egin urratsik, «kontsentsu falta» argudiatuta. 2018ko ekainean, oposizioan zeuden alderdiek gobernutik bota zuten Rajoy, zentsura mozio baten bidez, eta haren lekua hartu zuen PSOEko Pedro Sanchezek; handik bi astera iragarri zuen Franco lurpetik aterako zutela. Gobernuak argudiatu zuen diktadorearen gorpuzkiak ohorezko toki batean egoteak «errespetu falta» adierazten ziela 1936ko biktimei: «Demokrazia ez da bateragarria Francoren memoria goresten duen hilobi batekin».
Sanchezek aurtengo martxoan jarri zuen gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko eta El Pardora eramateko data: ekainaren 10a. Gorenak eten egin zuen erabakia, epaia kaleratu arte. Hilerri horretan, gobernuak prest du hilobi bat, familiaren mausoleoan.
Memoria historikoa. Francoren gorpuzkiak
Franco Erorien Haranetik ateratzea baimendu du Auzitegi Gorenak
Epaileek arrazoia eman diote Espainiako Gobernuari, eta El Pardon hobiratuko dute, familiak Madrilgo Almudenako katedrala proposatu arren. Gobernuak «lehenbailehen» lekualdatu nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu