Nola aldatu pentsio sistema kalea sutu gabe

Frantziako Gobernuak pentsio sistema erreformatzeko bilerak hasi ditu sindikatuekin eta patronalarekin. Sindikatuak kritiko agertu dira «puntukako sistema unibertsalarekin»

Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidentea, Eliseoan, artxiboko argazki batean. IAN LANGSDON / EFE.
Hodei Iruretagoiena
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Emmanuel Macron erreforma ekonomiko handiak egiteko asmoz iritsi zen Eliseora: lan kodea, aldaketa fiskalak eta pentsio sistema. Behin eta berriz nabarmendu du aldaketak elkarrizketa sozialaren bidez egiten ari dela, eta, bereziki jaka horien mugimendua piztu zenetik, tentuz ari da erabakiak hartzen. Pentsio sistema aldatzea du agintaldiko bigarren zatiko erronka nagusia, baina, jakindapolitika neoliberalek herritar askoren haserrea eragin dezaketela, denbora hartu nahi du: ezarri beharreko neurriak ezarriz, baina eztanda soziala kontrolatzeko orekaren bila beti. Edouard Phillipe lehen ministroak bilerak hasi zituen atzo sindikatuekin eta patronalekin, Matignonen, eta Macronek hitzeman du haiekin ez ezik «hiritarrekin ere elkarrizketa» sustatu nahi duela. Datorren astean zehaztuko dute erreforma aurrera ateratzeko egutegia.

Espainiako Gizarte Segurantzak bezala, Frantziakoak ere defizita du, eta Macronek legealdi hasieran iragarri zuen adabakiak jartzeari utzi nahi ziola. Jean-Paul Delevoy pentsioen erreformarako goi komisarioa bi urtez aritu da proiektua prestatzen —Jacques Chiracekin Funtzio Publikoko eta Estatuaren Erreformarako ministro izandakoa da—, eta uztailaren 18an aurkeztu zion zirriborro bat lehen ministroari. Gobernuan sartu da asteon, eta negoziazioen bigarren faseari ekin dio: bilerak egin ditu FO, CFTC, CFDT eta FNSEA sindikatuekin eta Medef patronalekin.

Baina zer aldatu nahi dute? Gaur egun, pentsioa kalkulatzeko, langile batek jasotako soldata eta kotizatutako urteak hartzen dira aintzat, eta orain Philliperen gobernuak «puntukako sistema unibertsal bat» ezarri nahi du, sistema «sinplifikatzeko». Eliseotik hitzeman dutenez, ez dio utziko banaketa sistema bat izateari —aktiboen kotizazioek eutsiko diote erretiratuen pentsioari—, eta «elkartasun» printzipioa ere bermatuko du.

Sindikatuek ez dute argi, ordea: CFDT Frantziako Lan Konfederazio Demokratikoa soilik agertu da «sistema unibertsal» baten alde. Izan ere, sektorekako 42 erregimen berezi ere badaude egungo sisteman, eta, horiek ezabatuta, langile asko beldur dira eskubideak galduko ote dituzten. Sindikatu askok —FO, CGT...— salatu dutehorrek zera ekarriko duela praktikan : erretreta adina atzeratzea, pentsio bera jasotzeko lan gehiago egin beharra eta osagarriak sistema pribatuan bilatu beharra.

Bi aukeraren inguruan ari dira eztabaidan: erretiratzeko adinari buruzkoa izan zen Delevoyren proposamen nagusia, baina Macronek, sorpresaz, irizpide gisa kotizazioen iraupena lehenestearen alde egin zuen joan den astean, CFDTri keinu eginez. Patronalari ez zitzaion gustatu iragarpena: «Espero dut ez dela erreforma lurperatzeko jokaldi bat izango», ohartarazi du Geoffroy Roux de Bezieux Medefeko buruak. Ezinbesteko baldintza gisa jarri dute erretiratzerako adina atzeratzea.

Delevoyren proposamenean, 62 urtetan mantenduko litzateke erretiratzeko adina, baina, benetan, langile gehienek beranduago erretiratu beharko dute pentsio bera jasotzeko. Orekarako adin deitutakoan dago jokaldia —batez beste pentsioak osorik jasotzeko adina—. Delevoyk 64 urteko muga aipatu du sektore guztientzat: 62rekin erretiratzen denak pentsioaren %10 galduko luke, eta 63rekin egiten duenak, %5. 64 urtetik aurrera lanean jarraitzen duenak, aldiz, onurak izango lituzke.

Beraz, ahalmen ekonomiko handiagoa duenak lehenago erretiratu ahal izango du; premian dabilenak, aldiz, lanean jarraitzeko aukera luke. Hala argudiatu du neurria Delevoyk berak, esanez «justua» dela bakoitzari «noiz erretiratu nahi duen erabakitzeko aukera» ematea: «Denak 62 urterekin erretiratzen badira, sistema ez da jasangarria». Komisarioak ziurtatu du sistema berriarekin kontuak orekatuko dituztela 2025erako; ildo beretik, argiago mintzatu zen herenegun Nicolas Sarkozy presidente ohia: «Luzaroago bizi bagara, luzaroago kotizatu behar dugu».

Macronen ezusteko bira

Macronek, berriz, kotizazio epea hartu nahi du ardatz; hala esan du behintzat. Pentsio osoa jasotzeko, 41,5 urte kotizatu behar dira gaur egun, eta 1973tik aurrera jaiotakoentzat, epe hori 43 urtera igotzea aipatzen ari dira. Macron: «Berandu sartzen dena beranduago irtengo da; lehenago sartzen dena, lehenago». FOko idazkari nagusi Yves Veyrierrentzat, Macronen jokaldiak gauzak nahastea du helburu; izan ere, Veyrierren hitzetan, «neurri leunagoa eman badezake ere, pertsona asko 64 urtetik gora lanean jarraitzera eraman ditzake». CGTko Philippe Martinezek ere «frantziarren buruan nahasmena eragitea» egotzi dio Macroni. Izan ere, lan merkatuan sartzeko baldintzak zailtzen ari diren garai honetan, ematen dutena ematen dute zenbakiek: 22 urterekin kotizatzen hasten dena, adibidez, 65 urterekin erretiratuko litzateke, proposamen horren arabera.

Erreformak kalte egin diezaiekeenetako batzuk hasi dira ahotsa altxatzen. Erregimen bereziak ezabatuz, funtzionarioek erretiroa aurreratzeko aukera galduko lukete; esaterako erizain eta zaintzaileek, 57 urterekin erretiratzea.

Jaka Horien astinaldiaren ondoren, badirudi Macron indartuta atera dela G7koen goi bileratik. Eskuinetik, immobilismoa leporatu dio oposizioak, baina presidenteak badaki kaleak bero dituela oraindik. Philliperen arabera, «datozen hilabeteetan» eramango dute proiektua legebiltzarrera; edoizen kasutan, 2020ko martxoko udal hauteskundeen ondoren bozkatuko lukete. Hortik 2022ko presidentetza hauteskundeetara, Macronek badu tartea arnasa berriz hartzeko.

Kalean ere hasi dute bataila: pentsiodunak hasi dira mobilizatzen, eta erregimen berezia duten sektore batzuetan manifestazio baterako deia egin dute irailaren 16rako; FOk eta beste sindikatu batzuek, hilaren 21erako. Hortxe du Macronek jomuga nagusia: pentsio sistemaren erreforma handia onartuta iritsi nahi luke bozetara, baina kalea sutu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.