Hileta ez da Eliza katolikoaren esklusibotasuna. Hileta bat egitea herritar ororen eskubidea da, eta instituzio publikoen ardura ere bada zerbitzua ematea. Hileta zibilak edo laikoak. Udal ordenantza gehienetan era bertsuan arrazoitzen dute horiek arautzeko beharra; estatu ez-konfesional eta laikoetan administrazioaren obligazioa dela askatasun ideologiko eta erlijiosoa bermatzea, eta herritarrak hil ondorengo hileta edo omenaldi zibilak egiteko behar sozialari erantzun behar diotela instituzioek.
Ipar Euskal Herrian historia luzea dute. 1887. urtetik, legez aitortuta daude hileta errepublikanoak. Baina udalek ez dute inolako ardurarik izan orain arte. Ehorzketa etxeak arduratu dira. Angelukoaren (Lapurdi) arabera, egun %20 bat izaten dira hileta zibilak.
Hego Euskal Herrian, berriz, legez egin daitezkeen arren, ohiturarik ez da egon: %1-2 inguru dira hileta zibilak, espazio pribatuetan zein publikoetan egindakoak. Erlijio katolikoarekin loturiko zeremoniak izaten dira nagusi, alde nabarmenarekin. «Pertsona sonatu batzuengatik egin dira ezagun azkenaldian hileta laikoak: Mariano Ferrer kazetariarena, Nestor Basterretxea artistarena... Egia da oso gutxi direla, baina, ezkontza zibilak bezala, gero eta gehiago izango dira», aurreikusi du Iñaki Olaizola antropologoak.
Azken urteetan, Gipuzkoako udal gehienek egin dituzte hileta zibilak arautzeko ordenantzak, Batzar Nagusiek 2010ean onartutako ebazpen baten harira. Gaur egun, dena den, halako ekitaldi gutxi egiten dituzte, udalek aitortu dutenez. Adibidez, Arrasaten, lau-bost urtean; Azpeitian, bi; eta bakar bat ere ez herri gehienetan. «Benetakoa den baino eskaera handiagoa dagoela pentsatzera eramaten gaitu udal ordenantzak ugaritu izanak», azpimarratu du Gipuzkoako Elizbarrutiak.
Nafarroan, zenbait herritan aspalditik egiten dituzte hileta laikoak, eta aurreko legealdian udal ugarik arautu zituzten. Iruñean egin daitezke, eta Altsasun, Tuteran, Garesen, Cascanten eta Zizur Nagusian ere bai, besteak beste. Ohitura gutxiago dute Araban eta Bizkaian. Gasteizen 2010etik dute araua, baita Laudion eta Dulantzin ere. Bilbon, 2016tik. Bizkaian Iurreta izan zen lehena, 2011n. Ordutik, hainbat herrik hartu dute bide bera: Durangok, Santurtzik, Gernika-Lumok, Elorriok, Ondarroak, Sopelak...
Badira araurik ez duten baina hileta laikoetarako tokiak egokituta dauzkaten udalak: adibidez, Donostiakoa eta Eibarkoa (Gipuzkoa). Donostian, aurtengo apirilean jarri dute aukera. Udalak Cristina Enea fundazioarekin duen hitzarmena baliatu du, eta Gladys Enea parkean dagoen jauregia erabil daiteke hiletetarako, doan. Behin-behineko erabakia da. Udalak aitortu du «oso eskaera gutxi» jasotzen dituztela urtean—aurten, bakarra: Ferrerren sendiarena—; hala ere, azaldu dute asmoa dutela araudi bat egiteko, eta, horrekin batera, «aproposagoa den leku bat» bilatzeko. Udalak uste du zerbitzua emanez gero eskaria handituko dela. Funtsean, baliabide batzuk jartzen dituzte udalek: leku bat —ordenantzetan zehaztu ohi dute—, mikrofonoak, bozgorailuak, aulkiak... Hortik aurrerakoa sendiaren esku dago.
36ko gerra eta Agosti Xaho
Hego Euskal Herriko gainerako udalerriekin oinarrizko ezberdintasun bat du Eibarrek. «Garai batean» hileta zibil ugari egiten zituzten: urtean hogei bat. Herritarrek barneratua dutela azaldu du Miguel de los Toyos alkateak. Dena den, egun ez dira iristen urtean hamar zeremonia zibil egitera —hileta guztien %4-5 inguru—.
Ez da tramite berezirik egin behar. «Familiek edota ehorzketa etxeek deitzen dute, apaiz laikoari abisu ematen zaio, eta hura arduratzen da prestaketaz». Alkate hautatu aurretik, hainbat urtez De los Toyos bera aritu zen apaiz laiko gisa. Funtzio hori ez dago instituzionalizatuta, baina izen hori dauka, «tradizioz». Oraindik ez dute zehaztu agintaldi berrian zein zinegotzik hartuko duen ardura hori, hildakoak edo senideek zehazten ez duten kasuetarako.
Udalak azaldu duenez, aspaldikoa da ohitura Eibarren. 1936ko gerraren aurretik egiten zen; historikoki, tradizio sozialista eta komunistako herritarrek agur mota horren alde egin izan dute, eta frankismoan ere indarrean izan zuten. «Gerra bizi izan zutenek eutsi zioten, eta iraun zuen, legez kanpokoa bazen ere. Egun, ordukoak hilda, gutxitu egin dira, baina belaunaldi berriek ere egiten dituzte, beste arrazoi batzuengatik, beste sinbologia batzuekin...».
Eibarren, garai batean, hilerriaren atarian egiten zituzten zeremonia zibilak. Denboraren joanarekin mugituz joan zen, eta egun Txantxa Zelaiko parkeko musika kioskoan egiten dituzte. Udalak azaldu duenez, hilerrian eremu bat erreserbatua dute ikur erlijiosorik gabeko hobientzat.
Ipar Euskal Herrian ere tradizio luzea dute hileta laikoek. Frantziak 1887tik onartzen ditu, baina aurretik ere egin ziren. Esan izan da euskaldun bati eginiko aurrenekoa izan zela Agosti Xaho idazle eta ekintzaile abertzalearena, 1858an, Baionako San Leon hilerrian. Predikua irakurtzeaz Elisee Reclus anarkista arduratu zen.
Salbuespenak salbuespen, instituzio publikoek ez dute horren ardura hartu, eta ehorzketa etxeek izan dute monopolioa. 2016an, baina, Frantziako Asanblea Nazionalak proposamen bat egin zuen; herriko etxean behartu nahi zituen zerbitzua ematera, eta doan. 2018ko abenduan, baina, Senatuak atzera bota zuen proposamena, zailtasunak sor zitzakeelakoan lege aldetik eta udalen azpiegitura eta aurrekontuen aldetik —beilatokien zerbitzu batzuk udalek hartzea zekarren—. Frantziako Auzapezen Biltzarrak eskatu zuen legea, baina ehorzketa etxeak aurka azaldu ziren. Argudiatu zuten inbertsio handia handiak egin dituztela horrelako zerbitzuak emateko.
Eredua zehazteke
Hegoaldean, beilatokiak ere hasi dira zerbitzua ematen. Baina hileta zibil gutxi egiten dituzte gaur egun; Donostiako Polloe Memora enpresak azaldu duenez, urtean hiruzpalau egiten dituzte. 100-300 euro kostatzen da, kontratatzen dutenaren arabera: musikariak, hizlariak... Ekitaldi motzak izaten dira, hamar-hamabost minutukoak, eta, normalean, intimoak, jende gutxikoak. Ohikoena da beilatokian egitea, horretarako prestatutako gune batean, ikur erlijiosorik gabe. Krematorioan ere egin izan dituzte, eta hilerrian, espazio komunetan, sinbologia berezirik ez gabeetan: Donostiako Polloen bada halako espazio bat, baina «oso txikia».
«Beilatokiek, lan garrantzitsua egiten duten arren, agian ez dituzte betetzen leku antropologikoek eskatzen dituzten ezaugarriak», azaldu du Olaizola ikerlariak. Argi du zein litzatekeen toki egokiena: eliza. «Katedral zibilak behar ditugu. Eliza batzuk aprobetxa daitezke». Azpimarratu du Europan espazio ugari desakralizatuta daudela. «Elizetan kontzertuak-eta egiten dira; zergatik ez hileta laikoak?». Elizek administrazio bikoitza izatea proposatu du: administratzaile laiko bat eta administratzaile erlijioso bat.
Donostian egin zuten horretarako urrats bat, 2015ean. Agintaldi bukaeran, EH Bilduk proposatu zuen Zorroagako elizan hileta zibilak egitea, Nestor Basterretxearen senideek han egin zutenaren antzekoak. Eliza hori soilik udan erabiltzen dute liturgia erlijiosoetarako, eta Musika Hamabostaldian. EAJk, PSE-EEk eta PPk ez zuten babestu, eraikina desakralizatzea ekar zezakeelakoan.
Olaizola arabera, hausten ari da gai horretan Elizak mendeetan izan duen «monopolioa», eta «gero eta gehiagok» aukeratzen dituzte hileta laikoak. Nabarmendu du sinestunen kopurua oso txikia dela, eta, hori hala, uste du apurka-apurka halako hiletak nagusituz joango direla. «Bidea egiten ari dira. Baina definitzeko dagoen eredu bat da». Horri buruz, Olaizolak nabarmendu du hileta elizkizunetara doan jendea ez dela ekintza erlijioso batera joaten, ekintza sozial batera baizik. «Asko atean gelditzen dira, eta barruan inork ez daki noiz zutitu eta noiz eseri behar duen».
Haren ustez, diskurtsoa da garrantzitsuena. «Egun, apaizek ez dakite zer esan hildakoari buruz, ezer ez edo oso gutxi dakitelako, ezagutzen ez dituztelako ia, hildakoaren eta apaizaren artean harremanik ez delako egon». Diskurtsorako formula estandarizatuak sortzea garrantzitsua iruditzen zaio Olaizolari. Herbehereetan, esaterako, hori egiten duten profesionalak daude. Memora Polloek ematen du zerbitzu hori, baina ia inork ez du hartzen. «Hori eta beste produktu batzuk ezagutarazten ari gara, baina arrakasta txikia dute oraingoz».
Elizbarrutiak argi dauka zergatik: «Ehun hileta katoliko, hileta zibil bat; hori da proportzioa». Ohiturekin lotu dute hori, eta Elizako kideek doluan eta halako egoeretan dauden pertsonen zaintzan duten esperientziarekin.
Hileta zibilek bide motza egin dute Euskal Herrian oraingoz. Udaletan hasiak dira urratsak egiten, baina ezezagutzagatik edo ohitura faltagatik, herritar gutxik aukeratzen dute bide hori. Ehorzketa enpresek, halaber, aitortu dute beraiengana ere gutxik jotzen dutela. Hiletak ez dira Eliza katolikoaren esklusibotasuna, baina, praktikan, hala dira oraindik.
Hiletak, zerbitzu publiko
Gero eta udal gehiago ari dira hileta zibilak eskaintzen azken urteetan Hego Euskal Herrian, baina ekitaldi gutxi egiten dituzte. Iparraldean, ehorzketa etxeen monopolioa dira oraindik, nahiz eta herriko etxeek zeremoniak egitea galdegin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu