Udal eta foru hauteskundeak. Hiriburuetako emaitzak

Hiriburuetako argazkiak, auzoz-auzo

EAJk irabazi ditu bozak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik hirutan, baina, auzoka begiratuta, aldea dago. Auzo bakoitzeko adinaren, errentaren eta bestelako ezaugarri sozioekonomiko batzuen arabera, boto joera ezberdina da

arantxa elizegi egilegor
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Inoizko emaitzarik onenen bueltan ibili EAJk azken hauteskundeetan. Alderdi jeltzalea izan da nagusi Bilbon, Donostian eta Gasteizen, duela lau urteko datuak hobetuta. Iruñean, berriz, Navarra Suma koalizioak irabazi du. Baina lupa hartu eta hiriburuak gertuagotik aztertuz gero, argi geratzen da alde handia dagoela auzo batetik bestera. Gauza bat da Bilboko San Frantzisko auzoan bizitze,a eta beste bat Abandon, eta desberdintasun horiek bozetan ere islatzen dira.

Gaindegiak BERRIArentzat egindako mapa interaktiboan ikus daitezke emaitza guztiak auzoz auzo. Eta atera daitezke horietatik zenbait ondorio. Horien artean, zera nabarmentzen da: adinaren, errentaren eta bestelako ezaugarri sozioekonomikoen arabera, boto joera aldatu egiten dela .

BILBO

Kolore berde ilunez margotu dute Bilbo azken udal hauteskundeek; EAJren alde egin dute bilbotarren %48,3k. Horietatik gehienak hiriburuko auzo aberatsetako biztanleak dira. Adibidez, jeltzaleen alde egin dute Abandon eta Indautxun; azken horretan, gainera, PP izan da bigarren indarra, 2.722 botorekin, eta laugarren geratu da EH Bildu, 1.202rekin. Aipagarria da Voxek 242 boto lortu dituela Bilboko auzorik aberatsenetan bigarrenean —Eustaten arabera, urtean 56.476 euroko irabaziak ditu batez beste auzo horretako familia batek—.

Badira hiru auzo, ordea, jeltzaleak oraindik nagusitu ez direnak. San Frantzisko eta Bilbo Zaharra dira horietatik bi. EH Bildu izan da garaile bi horietan, nahiz eta 11 botoko aldea soilik atera EAJri. Abstentzioa ere altua izan da San Frantziskon; %47raino heldu da. Errentarik baxuenetako bat duen auzoetako bat da San Frantzisko —24.639 eurokoa da, batez beste—, baina aldi berean baita biztanlerik gazteenak dituena —herritarren %71 dira 20 eta 64 urte artekoak— eta EBtik kanpoko atzerritar gehien bizi direna ere (%24). Bilbo Zaharra ere hiriburuko errentarik baxuenetako bat duen auzoa da, eta baita bizi itxaropen baxuenetako bat duena ere —75 urte gizonek, eta 84 emakumeek; Abandon, aldiz, 80 urte gizonek eta 86 emakumeek—.

EH Bilduk San Frantziskon baino alde handiagoa atera du Bilbo Zaharrean; koalizio abertzaleak 94 botoren aldea atera dio Juan Mari Aburtoren taldeari. Boto gutxirengatik, baina Alde Zaharrean, berriz, EAJ nagusitu da. Aipagarria da koalizio abertzalea izan dela nagusi Gasteiz eta Iruñeko alde zaharretan; Donostian, aldiz, EAJ aurreratu zaio, lehen aldiz, 117 botorengatik.

Berdez inguratutako uharte gorri baten itxura du, aldiz, Otxarkoagak; sozialisten aldeko hautua egin dute auzo hartan. Bilboko auzorik aberatsenarekin alderatuta (Abando), hiru aldiz errenta baxuagoa dute auzo horretan. Lan bila heldutako etorkinentzat eraikitako auzoa da Otxarkoaga, eta, azken urteetan bizi baldintzak hobetu dituzten arren, ez du nortasun hori galdu.

DONOSTIA

Gipuzkoako hiriburuan aipatzekorik bada, Parte Zaharreko aldaketa da. Urteetan EH Bilduren gotorleku izan da, baina herritar gehienek EAJren alde egin dute. Bien arteko aldea ez da handia, 107 botorena zehazki; aldiz, bigarrenaren (EH Bildu) eta hirugarrenaren (Elkarrekin Podemos) artean 726 botoko tartea dago. Azken urteetan asko aldatu da Parte Zaharra. Baliteke pisu turistikoen eztabaidan egindako kudeaketak mesede egin izana jeltzaleei.

Aldiz, EH Bilduk eutsi egin die tradizionalki bere alde egin izan duten Añorga, Egia, Igeldo, Martutene eta Zubietari. Donostiako espetxea dago Martutenen gaur-gaurkoz, nahiz eta udalak hura lekualdatzeko asmoa iragarri duen behin baino gehiagotan, eta hiriburuko errenta baxuenetako bat duen auzoa ere bada —32.452 eurokoa da batez beste—. Bertan EH Bildu izan da nagusi, baina EAJk zuzendutako udalak azken urteetan auzoan egindako aldaketek ere emaitzak izan dituzte, eta 44 boto eskaseko aldea atera dio lehenak bigarrenari.

PSE-EEk ez ditu horren emaitza onak lortu. Duela lau urte haren alde egin zuten auzoetatik soilik batean irabazi du, Altzan. Donostiako errentarik baxuena du auzo horrek, Eustaten datuen arabera, eta, Bilboko Otxarkoaga bezala, langileentzat eraikitakoa da. Aldiz, udal gobernuaren kudeaketa saritu duteLoiolak, Intxaurrondok eta Bidebietak, aurrez PSE-EEren alde egin baitzuten.

GASTEIZ

Alderdi Popularraren kolore urdinez margotuta ageri dira Gasteizen Mendizorrotza, Zabalgunea eta Gazalbide auzoak. Gasteizko auzorik aberatsenetatik hiru dira horiek; Mendizorrotzan bizi den familia baten batez besteko errenta, esaterako, 71.476 eurokoa da. Han PP izan da lehen indarra, eta EAJ bigarrena, 231 botoko aldearekin. Aldiz, beste muturrean legoke Alde Zaharra, bai errentari dagokionez, baita irizpide politikoan ere. Miren Larrion zerrendaburu duen koalizioak 1.330 boto eskuratu ditu, eta EAJ da bigarren indarra, 700 botorekin.

EH Bildu izan da garaile Aretxabaleta-Gardelegin, Zabalganan eta Salburuan ere, biztanleria gazteena duten auzo berrienetan —hiruretan 19 urtez azpikoak dira herritarren %28 baino gehiago—, nahiz eta EAJ bigarren indarra izan, boto gutxiren aldearekin. Berdin gertatu da Judimendin.

Aldiz, kolore gorriz tindatu dituzte sozialistek Abetxuku, Santsomendi, Ehari-Gobeu, Pilar, Zaramaga, Koroatzea, Aranbizkarra, Arana, Santa Luzia, San Kristobal eta Adurtza. Langile auzoak guztiak. Horietatik gehienak nabarmen handitu ziren 1960tik aurrera, nekazaritza inguruetatik etorritako langileentzat eraikitako etxeekin.

EAJ nagusi izan da, bestalde, hirigunetik kanpoko hiru eremu handietan: hego-ekialdeko nekazaritza eremuan, hego-mendebaldekoan eta ipar-mendebaldekoan. Hiruretan, bigarren indarra izan da EH Bildu, eta PP hirugarrena.

IRUÑEA

Bitan zatitutako herri bat islatzen du Iruñeko mapak: EH Bildu batetik, eta Navarra Suma eskuineko koalizioa bestetik. Alde Zaharrean eta Arrotxapean nabarmen nagusitu da Joseba Asironen alderdia, 2.850 eta 4.003 boto eskuratuta, hurrenez hurren; Navarra Sumak halako bi lortu dituzte, eta bigarren da hura. Txantrean eta Mendillorrin ere irabazi du EH Bilduk. Geroa Bai, aldiz, hirugarren tokitik laugarrenera igaro da bi auzo horietan, PSEren alde.

Auzo guztietan duela lau urte irabazi zuen alderdia nagusitu da, Sanduzelain izan ezik: Navarra Suma nagusitu zaio EH Bilduri, 127 botoko aldearekin. Enrique Maiak gainontzeko bederatzi auzoetan irabazi du: Zabalgunean jaso ditu boto gehien (%56,70), EH Bilduk baino 6.043 boto gehiago. Oso antzeko emaitzak utzi ditu Iturramak ere, Navarra Sumak botoen %56,18 eskuratuta. Bietan laugarren tokian geratu da Geroa Bai.

Parte hartzearen datuek beste ondorio argigarri bat utzi dute. Eskuina oso nagusi den auzoetan parte hartzea Iruñeko %71ko batez bestekoa baino handiagoa izan da: Lehen eta Bigarren Zabalgunean, %75,6; Iturraman, %77,7; Mendebaldean, %76,7; Donibanen, %73,3; aldiz, langile auzoetan parte hartzea nabarmen txikiagoa izan da: Etxabakoitzen, %60; Sanduzelain, %62,9; Arrosadian, %64; Arrotxapean, %66,3.

Mapa interaktiboaikusi nahi izanez gero,jo webgune honetara:

www.labur.eus /m26auzoka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.