Sanferminak

1.096 egun igarota, lehertu da

Bi urteko etenaren ostean, txupinazoa jaurti dute udaletxeko balkoitik. Juan Carlos Unzuek piztu du suziria. Plaza hartu dute festak eta aldarrikapenek

Jendetza. Udaletxe plaza jendez beteta zegoen 12:00ak baino ordubete lehenagotik, aspaldiko partez. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun

Iruñeak ez du ahaztu. Bi urteko parentesi behartuaren ostean, txupinazoa lehertu da Udaletxe plazan. 1.096 egun igaro dira suziriak hiriburuko zerua azkenekoz urratu zuenetik, baina, itzalaldi horren biharamunean, iruindarrek —eta Euskal Herriko zein atzerriko hamaika tokitatik bertaratutako festazaleek— erakutsi dute ez zaiela herdoil askorik pilatu, sanferminen hasiera ospatu baitute 2019ko uztailaren 6 hartatik egun bakar bat ere igaro ez balitz bezala.

Atzoko euriak goizean goizetik blaitu zituen Iruñeko Alde Zaharreko karrikak, baina horrek ez zuen jendearen egarria amatatu: 09:30erako, dozena batzuk ziren Udaletxe plazan zain zirenak. Sangria botilak eskuetan eta selfie-ak ateratzen. Udaltzaingoak kanporatu zituen denak, plazaren sarbide guztietan kontrolak paratzeko, baina berehala hasi zen eremua atzera ere betetzen. 12:00etarako ordubete falta zela, zuriz eta gorriz jantzita ageri zen plaza, jendez leporaino kasik.

Ikusi gehiago:Argazki bilduma

Enrique Maia alkateak aspaldi erabaki bezala, Juan Carlos Unzue Osasunako futbol jokalari ohiari egokitu zitzaion txupinazoa jaurtitzea. «Hunkituta» eta «pozarren» azaldu zen kirolaria atzo, eta ohikoa baino hitzaldi luzeagoa eskaini zuen udaletxeko balkoitik, metxa piztu baino lehen. «Osasungintzako langileei, pandemiak iraun duen bitartean laguntza eman dutenei» eta, berak bezala, «AEA alboko esklerosi amiotrofikoa daukaten pertsonei» eskaini zien txupinazoa. Horren ostean heldu zen ohiko oihua, gaztelaniaz eta euskaraz [eta, gaztelaniazko bertsioan, emakumezkoei lehentasuna emanda]: «¡Pamplonesas, pamploneses! Iruindarrak! ¡Viva San Fermin! Gora San Fermin!». Metxa piztuta, azkar batean zeruratu zen suziria, eta, eztandarekin batera, jendetzak burrunba ozen batekin agurtu zuen festaren hasiera. Ukabilak goratuta eta irribarre zabal batekin erantzun zien Unzuek.

Ikurrina ere, presente

Aurreko asteetan, Maia alkateak esan zuen Udaletxe plazara bertaratzen zirenek «edozein bandera» eraman zezaketela, «baldin eta ez badira ikusleen segurtasuna kolokan jartzeko moduko tamainakoak».

Yolanda Barcinaren agintaldian bezala, udaltzainek ikurrinak kolpeka erretiratuko zituztelako susmoa hedatzea eragin zuten alkatearen adierazpen horiek. Azkenerako, baina, ez zen halakorik gertatu: Poliziaren hesia gaindituta, askotariko aldarrikapenak jasotzen zituzten bandera eta pankarta erraldoiak zabaldu zituzten plazan. Zehazki, ikurrinak eta Nafarroako banderak, euskal presoak etxeratzearen aldeko mezua eta Sozialismoa eraiki zioen GKSren pankarta bat ere ikusi ahal izan ziren jendetzaren artean.

Ikusi gehiago:Ba al dakizu txupinazoaz?

Horrek ez du esan nahi, ordea, plazaren ingurumariak Poliziak zainduta ez zeudenik. Kontrara, azken urteetako polizia kopururik handiena aritu zen Alde Zaharreko kaleak patruilatzen, sarbideak kontrolatzen eta bertan zebiltzanen poltsak miatzen. Udalaren esanetan, 2.700 agente baino gehiago lanean izanen dira datozen egunetan.

Iruñeko Udaltzaingoak ez ezik, Foruzaingoak, Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak eta Bilbo, Gasteiz edota San Sebastian de los Reyestik (Madril, Espainia) propio igorritako poliziek parte hartu zuten operazioan. Hori guztia gutxi balitz, droneak ere ibili ziren atzo Iruñeko teilatuen gainean, zelatari.

Gazteluko plaza hartuta

Txupinazoaren ondoren, Manuel Gainza konpositorearen biribilketa jo zuten La Pamplonesa musika bandak eta udal gaitariek. Azken urteetan ez bezala, plazan bertan jo zituzten festetako lehen abestiak, biribilketa eta Agur, Jaunak, jendetzaren artean. Aspaldi ikusi gabeko uneak utzi zituen horrek: ehunka lagun batera jauzika, eskuak goratuta, musika bandaren eta gaitarien erritmora.

Handik metro gutxira, Gazteluko plazan atondutako gune berrian, bestelako erritmoekin dantzan aritu ziren beste hainbat pertsona ere. Festaren lehen egunari ukitu propioa eman nahi izan dio Maia alkateak, eta DJek girotutako dantzaleku bihurtu du orain arte haur eta familientzako topaleku izandako plaza. Eserlekuak erretiratu eta hamar barra paratu ditu alkateak Gazteluko plazako agertokiaren aurrean. Atzo, Carlos Jean ekoizle eta DJak girotu zituen txupinazoaren osteko lehen minutuak, eta Eivissanan edo Magalufen (Herrialde Katalanak) ohikoak diren rave saioen itxura hartu zuen festak. Eskaintza berriak, baina, ez zituen Alde Zaharreko karrikak jendez hustu. Iruindarrek nahiago izan zuten, 1.096 egun lehenago bezala, festa beren kabuz egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.