Hutsik esnatu zen Bilboko Plaza Barria atzo; Areatza, berriz, postuz beteta. 238 postu, hain zuzen. Bi urte San Tomas azokarik gabe egon ostean, indartsu bueltatu zen Bilbora. Hainbat herritako nekazariak bildu ziren, euren produktuak saltzeko. Eta milaka herritar bertaratu ziren. Asteazkena izanik ere, goizetik bete zen Areatza. Aldaketa batekin heldu zen atzo azoka: postu guztiak Areatzan jarri zituzten: talogileen postuak kanpoaldean, eta gainerakoak erdialdean. Festa giroa nagusi zen arren, langileek protesta egiteko baliatu zuten eguna; bai Bizkaibuseko langileek, bai zahar etxeetakoek.
Ikusi gehiago:argazki bilduma
«San Tomas egun ezin hobea da salmentetarako, baina toki aldaketak eragina izango du». Joakin Lezama udaletxetik hurbileneko postuan zegoen. Sopuertatik (Bizkaia) etorritako talogilea ez zegoen pozik tokiarekin. «Kioskoaren ondoan egon gara beti; orain jendea gure bila dabil, baina ez gaitu aurkitzen». Lezamaren postuan ez ezik, beste bi postutan ere ari ziren taloak egiten. Eta ondoan zeuden Edurne Pereda, Borja Balbuena eta Bea Sagarma. Talorik momentuz ez, baina sagardoa bai. «Sagardoa eguna hasteko, eta taloa gero», argitu zuen Balbuenak. Berak eta Peredak baserritar jantzia zuten soinean. «Polita da; esango nuke gero eta jende gehiagok eramaten duela», Peredaren iritziz.
Beste puntan, Arriagaren atzealdean, beste hainbat postu zeuden taloak egiten. Nieves Aurrekoetxea Loiuko talogilea ere ez zegoen konforme lekuarekin. Areatzaren erdialdean egon izan dira beti. «Ea datorren urtean gauzak aldatzen diren».
Taloa jan nahi ez zuen jendeak bazuen zer egin. Arriaga plazan, euskal dantzetan zebiltzan hainbat, baserritar jantzita. Eta errepidean, herri kirolariak. Erdialdea produktuz betetako postuz josita zegoen. Hodei Villalbak Muskiztik eraman zituen arrautzak eta gazta: «Bi urte azokarik gabe, igarri da jendeak gogoa zuela».
San Nikolas elizaren inguruan, Bilboko Konpartsetako kideek egun osoko egitaraua antolatu zuten, hala nola elektrotxaranga, bertso saioa eta Bilbo Kantari. Gastronomiari ere tokia egin zioten konpartsek. «Laurehun indaba errazio saldu ditugu, inoiz baino arinago», adierazi zuen Luzie Azpitarte Abante konpartsako kideak. Bilboko Konpartsek udalaren jarrera salatu zuten. Garazi Askazibar Jai Batzordeko kideak adierazi zuenez, Plaza Barria hustea «udalaren alde bakarreko erabakia» izan zen. Eta gehitu zuen udalak San Tomas herrikoia oztopatu nahi izan zuela, «BBKren mesedetan».
Jende multzoaren erditik, lau lagun zihoazen paseatzen. Bat berdez zihoan jantzita, bigarrena urdinez, bestea marroiz, eta azkena, berdez. Ekokuadrilla ziren. «San Tomas egunean ohi baino zarama gehiago botatzen da; horregatik, gu hemen gaude jendeari gogorarazteko birziklatu behar duela, kolore bakoitzean dagokion hondakina botaz», azaldu zuen Alfonso Diezek.
Baserritar jantziz josita
Donostiako auzoetan giroa apala zen. Baserritar jantzia zeraman jendea ia errenkadan zihoan norabide berean. Autobusak ere, geldialdiz geldialdi betetzen ari ziren erdialdera bidean. Bulebarrera iritsitakoan autobusetatik jaitsitakoak segituan desagertzen ziren jendetzaren artean.
Mota eta kolore askotako baserritar jantziak ikus zitezkeen, eta horietako batzuk epaitzen ari ziren Bulebarreko kioskoan. Gero Axular dantza taldeak Donostiako baserritar jantzien IV. lehiaketa antolatu zuen. Parte hartzaileak banan-banan igotzen ziren kioskora, eta epaimahaiaren aurretik igarotzen ziren. Edurne Azkarate eta haren lagunak adi ari ziren kioskoari begira. Baserritar jantzi on batek nolakoa izan behar zuen galdetuta, argi zuen erantzuna Azkaratek: «Aurkezleak esan duen moduan, koherentzia behar da pieza guztien artean. Gainera, nire ustez, buruko zapia jartzeak asko dotoretzen du jantzia».
Parte Zaharreko kaleetan sartzean, kaleak norabide bakarra zuela zirudien: Konstituzio plazarakoa. Gutxi ari ziren kontrako bidean. Behin plazara sartuta, jendea pilatuta zegoen eremu batean. Hortxe zegoen Roxaito txerria, eguneko protagonistetako bat. 200 kilo pisatzen zituen, eta gerturatzen zirenak, bai gazte eta bai heldu, argazkiak ateratzen ari ziren etengabe. «Esan didate beste urte batzuetan baino gutxiago pisatzen duela», kontatu zion gizon batek aldamenekoari.
Lagun taldeak korroetan banatzen ziren Konstituzio plazan, sagardo botilak korroen erdian utzita txistor pintxoak jaten zituzten bitartean. Malen Arregi eta haren kuadrilla ziren horietako batzuk. Donostiakoak ziren denak, eta «egun seinalatua» zela azaldu zioten BERRIAri. «Jai hartu dugu gaurko eguna disfrutatzeko», kontatu zuen Arregik. Eguneko plana argi zuen lagun taldeak: «Postuetan pintxo batzuk jan, sagardoa edan, eta gero ikusiko dugu». Festak gauera arte iraungo zuela gehitu zuten, baina kontuz ibili behar zutela, gaur lan egin behar zuten eta.
Mari Carmen Ortizek euskal pastelak saltzen dituen postu bat zuen plazan bertan. Goiza, salmentei zegokienez, «motel» zihoala azaldu zuen: «Azken San Tomas egunean, garai honetarako, gehiago geneukan salduta». 20:00ak ingurura arte gelditzekoa zen Ortiz bere postuan, saltzen.
Bazkalordua gainean zela, taloaren usainak erakarri zuen jendea Gipuzkoa plazara. Ilara luzeak zeuden talogileen postuetaraino, baina jendeari ez zitzaion askorik axola zain egotea. Lazkaokoak (Gipuzkoa) ziren talogile horietako batzuk. Gelditu gabe ari ziren taloei forma ematen, eta esan zuten nahiago zutela ilara luzeari ez begiratu, eta lanean euren martxan jarraitu.