Off. Telebista eta irratietako albistegiak itzali dituzte. Egunkaririk ez dago mahai gainean; egunero ez, behinik behin. Pertsona batzuek nahiago dute ohiko komunikabideetako berriak alde batera utzi, eta geroz eta gehiago dira albisteak oro har edo albiste batzuk saihesteko hautua egiten dutenak. Joera hori ikusi du kazetaritza ikertzeaz arduratzen den Reuters institutuak. Aurtengo Digital News Report txostenean diotenez, albisteekiko interesa eta kontsumo orokorra «nabarmen» jaitsi da zenbait herrialdetan, eta komunikabideekiko konfiantzak behera egin du.
Txostena sei kontinenteetako 93.000 laguni egindako elkarrizketetan oinarritzen da, eta orotara 46 merkatu aztertu dituzte. YouGov arduratu zen landa lanaz: 2022ko urtarril eta otsail artean bidali zituzten galdetegiak, Internet bidez. Urtero karrikaratzen dute txostena 2012az geroztik; beraz, hamarkada batean izandako bilakaera aztertu dezakete.
Albisteekiko interes galerak kezka eragin dio Reuters institutuari. 2017an galdetutako lagunen %63k zuten albisteekiko interesa; %51k, 2022an. Aurten %47k esan dute oso edo erabat interesaturik daudela albisteetan, 2015ean hori bera esaten zutenen %67tik nabarmen urrunduz. Komunikabide tradizionalen irismena «etengabe» txikitzen ari da herrialde guzietan, baina jaitsiera hori ez dute sare sozialek eta Internetek konpentsatzen. 2013tik idatzizko prentsaren asteroko kontsumoa %63tik %26ra jaitsi dela dio txostenak; telebistako albisteen kasuan, %82tik %65era igaro da.
Berriekin nekaturik
Albisteen «saiheste selektiboa» aipatzen dute txostenean: «Albisteak askotan edo batzuetan saihesten dituen pertsona kopurua asko handitu da herrialde guzietan». Azken bost urteetan bikoiztu egin da fenomeno hori Brasilen eta Erresuma Batuan, esaterako. Gaurkotasuna bazter uzteko arrazoiak ere aipatzen dituzte txostenean: herritarren 29k diote agenda informatibo errepikakorrak nekatu dituela eta ez direla albisteez fio. Galdetutakoen %36ren arabera, albisteek psikologikoki eragiten diete, eta %17k diote saihestu nahi dituzten eztabaidak sorrarazten dizkietela. Berriek ezintasuna eragiten die galdetutakoen %16ri. Eta %14k diote ez dutela denborarik albisteak kontsumitzeko, eta %8k adierazi dute zailak direla ulertzeko.
Reuters institutuak mahai gaineratu duen erronka ez da ahuntzaren gauerdiko eztula: «Hainbat herrialdetan interes geroz eta gutxiago izateak, saiheste selektiboaren igoerak eta konfiantza maila baxuak nabarmentzen dute zein den egun oinarrizko erronka: inoizko online eduki kopuru handiena jasotzen duten pertsonekin konektatzea eta albisteei arreta ematea merezi duela konbentzitzea».
Libe Mimenza ikerlari eta Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaileak uste du digitalizazioari lotuta dagoela txostenean ageri den saiheste selektiboa. «Gure bizitzak geroz eta gehiago digitalizatu diren honetan, albisteak saihesteko joera bat dago, gure arretan etengabe daudelako. Garai batean albisteen bila joaten ginen, eta, orain, albisteek inguratzen gaituzte». Horrek arnasa hartzeko beharra eta egunerokotasunetik ihes egiteko beharra dakarrela uste du. «Ez dut uste deskonexio absolutu bat denik. Batzuetan kontzienteki albisteak saihesten ditu jendeak, buru osasuna zaintze aldera».
Albisteekin nekatu eta deskonexioaren alde egin zutenetako bat da Iker Ibarluzea. 32 urte ditu, eta COVID-19 pandemiaren garaian «nazkatu» egin zen. Horren aurretik «maiz» kontsumitzen zituen albisteak. «Komunikabide gehienek diskurtso bera dute; denbora guztian albiste txarrak ematen dituzte. Ni negatibotasun horrek nekatu nau». Egun, oso gutxi kontsumitzen ditu komunikabideak. Sare sozialetan aurkitzen du nahi duena: «Iritzi eta albiste alternatiboak».
Berak ere uste du albiste askoren berri izatea psikologikoki kaltegarria izan daitekeela jendearentzat. «Jende asko ikusten dut asko eragiten diona eta buru jate handiekin», kontatu du. «Orain ikasi dut albisteetatik aparte bizitzen, eta momentua gozatzen; deskonektatuago egonda alaiago nago». Hala ere, horrek ez du esan nahi errealitateaz ez denik jabetzen. «Ez nau kezkatzen albisteetatik aparte bizitzea, kontziente naizelako zer dugun: gerra, krisi ekonomikoa... badakit egoera zaila biziko dugula».
Leire Narbaizak 54 urte ditu, eta berak ere aldatu du komunikabideekin zuen harremana. «Lehen, asko erreparatzen nion informazioari; arraroa zen bide tradizionaletatik informaziorik jasotzen ez nuen eguna. Gaur egun sekulako galbana eta alferra ematen dit, adibidez, albistegiak ikusteak». Ez daki zehazki zergatik; hala ere, aipatu ditu balizko arrazoi batzuk: gezurrak, infoxikazioa, nekea, pandemia, alderdikeria, komunikabide denek gauza bera errepikatzea...
Ez bakarrik telebista, egun batzuetan egunkaria ere ez du zabaltzen. «Horrek kezkatzen nau, pentsatzen dudalako ezinbestekoa dela». Inguruan aditu ditu modu berean jokatzen hasi direla asko. Irratia bai, goizetan aditzen du. Ohitura da. Telegram eta Twitter ere erabiltzen ditu informazioa jasotzeko. Iruditzen zaio askotan «ganorazko» albisteak ere ez direla ematen, adibidez, telebistan. «Espektakularizioa alferrekoa dago, dena hutsala da».
Digitalizazioaren ondorio
Ainara Larrondo kazetaritzan doktorea da, eta EHUko irakaslea. Gehiegizko informazioan paratu du azpimarra: «Herritarrok gure mekanismoak aplikatzen saiatzen gara, gure gizarte hiperkonektatuan dugun informazio edo infoxikazio gainkarga arintzen saiatzeko». Informazio asko dago jendearen eskura, baina Larrondok ohartarazi du horrek beti ez duela «intereseko» eta «kalitatezko» informaziora bideratzen; are, esan du askok «nahasteko» eta «desinformatzeko» baino ez dutela balio. «Horrelako mezuetatik deskonektatzea, jakina, onuragarria ere izan daiteke, baina informazioarekiko interesik eza arriskutsua ere izan daiteke, kalitatezko baliabideekiko desafekziora eraman baitezake».
Larrondok azaldu du egoera horren aurrean komunikabideek beste tresna batzuen alde egin dutela edukiak kontsumitzaileen interesetara egokitzen saiatzeko: feed-ak, newsletter-ak, iragazkiak... «Positiboa da, herritarrek kazetaritza informazioarekiko duten deskonexio edo desafekzio osoa saihets baitezakete». Hala ere, ohartarazi du zabalpen handia duen telebista tradizionalak zailago duela gaika espezializatzeko.
Mimenzarentzat, «kezkagarria» da hedabide tradizionalenganako konfiantzak behera egitea. Txanponaren bi aldeak begiratu behar direla ohartarazi du, hala ere: «Gertaera handiak daudenean, adibidez, aurten Ukrainako gerrarekin ikusi dugun bezala, komunikabide tradizionaletatik erabat deskonektaturik dagoen jendeak haiengana jotzen du. Telebista pizten dute zer gertatzen den jakiteko».
Ez du alarma gorria pizteko beharrik ikusten. «Jendeak segitzen du informatzen eta mundua ulertzeko gakoak bilatzen. Kontua da beste leku, plataforma, formatu eta mintzaira batzuetan bilatzen dutela, eta beste hori, digitala da. Horregatik, jendearengana nola iritsi pentsatu behar dugu».
Egokitzeko beharra
Reuters institutuak argitaratutako Kaleidoskopioa txostena aipagai izan du ikerlariak. Txosten horretan gazteek albisteekin duten harremana aztertu dute. Egileek hedabideen zaku berean sartu dituzte komunikabide tradizional handiak, alternatibotzat jotzen direnak eta herritarrek egiten dituztenak. «Horrek dakar hedabide tradizionalekin duten harremanean aldaketa eta komunikabide horiek izango duten tokiaren birdefinizio momentu bat».
Bide horretan, Mimenzak uste du ez dela atzean utzi behar orain arte egiten zen guztia, baina audientzia berriekin konektatzeko eskaintza zabaltzeko beharra azpimarratu du: «Gaitegi zabalagoak, beste tonu batzuk edo istorioak kontatzeko beste modu batzuk, eta, horri lotuta, plataforma eta formatu ezberdinetarako estrategia bat». Haren aburuz, «natibo sozialak» diren edukiak sortzea izan daiteke gakoa, albisteak sare sozialetan kontsumitzen dituztenengana ailegatzeko: «Ingurune horretarako ere sortu beharko da, eta ez ingurune hori jendea web atarira bideratzeko erabili».
Reuters institutuak ere ohartarazi du: «Dirudienez kazetarientzat garrantzitsuenak diren gaiak dira pertsona batzuk aldentzen dituztenak, batez ere gazteak eta iristeko zailak diren horiek». Gazteek ahots eta ikuspuntu askotarikoagoak eta «goibeltzen» ez dituzten istorioak nahiago dituztela ondorioztatu du institutuak. Komunikabide tradizionalek badute lana irakurle, ikusle eta entzuleen nekeari eta ihesaldiari aurre egiten saiatzeko.
Ohiko albisteetatik ihesi
Reuters institutuaren arabera, geroz eta jende gehiagok erabakitzen du gaurkotasuna albo batera uztea. Eragin psikologikoa, nekea, konfiantza falta eta ezintasun sentsazioa aipatu dituzte albisteetatik deskonektatu direnek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu