Jens Weidmann

Belatzak hegan egin du

Bundesbankeko lehendakaritza utziko du Weidmannek abenduaren 31n, «arrazoi pertsonalengatik». EBZren politika hedakorraren aurkari nagusia izan da. Gobernu berriak hautatuko du ordezkoa.

HENNING SCHACHT /EFE.
Iker Aranburu.
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Azken urteotan Frankfurteko finantza barrutian nagusitu den haize berritzailearen aurka borrokan aritu ondoren, Bundesbankeko lehendakaritza uztea erabaki du Jens Weidmannek (Solingen, Alemania, 1967). Arrazoi pertsonalak argudiatu ditu: «Hamar urte baino gehiago denbora nahikoa da beste garai bati ekiteko, bai Bundesbankentzat, bai niretzat», azaldu du, Bundesbankeko langileei igorritako gutunean.

Europako Banku Zentraleko barne eztabaidetan, belatzen ahots nagusia eta ikurra izan da Weidmann. Belatz deitzen zaie diru politika ortodoxoaren defendatzaileei. Haien lehentasuna, bat eta ia bakarra, inflazioa kontrolpean mantentzea da, gogoan dutelako inflazioak zer triskantza eragin zuen 1920ko hamarkadako Alemanian. Haien aurrean usoak daude, inflazioari ez ezik, hazkunde ekonomikoari, langabeziari, estatu kideen finantzaketari eta beste hainbat konturi ere erreparatu behar zaiela defendatu dutenak. Finantza krisia hasi zenetik, balantza argi eta garbi lerratu da usoen aldera, eta haien eskutik iritsi dira interes tasa negatiboak eta zor erosketa programa masiboak, betiere Weidmannen aurkako botoarekin.

Weidmannek 2011n hartu zuen Bundesbankeko lehendakaritza, Axel Weberrek dimisioa eman zuelako EBZko presidente izateko saioan huts egin ostean. Mario Draghi hautatu zuten, eta haren nemesia izan zen Weidmann, batzuetan ausartago jokatzea eragotzi zion ahotsa. Garai horretakoak dira Weidmannen bi ezizen:Ez Doktorea eta Nein zu Allen (Guztiari, ez), azken hori Draghik berak aipatutakoa. Euroaren krisiaren urteetan, herrialde erreskatatuekin gogor jokatzearen aldekoa izan zen.

Draghiren agintaldia amaitu zenean, 2019ko urrian, Weidmann saiatu zen haren aulkia lortzen, baina porrot egin zuen, Angela Merkelek nahiago izan zuelako beste kargu bat borrokatu: Europako Batzordeko lehendakaritza hobetsi zuen, eta han dago orain Ursula von der Leyen.

Lagarderekin, errazago

Draghi Christine Lagardek ordezkatu zuen, eta hura ere usoen aldera lerratu den arren, harekin Draghirekin baino harreman hobea izan du Weidmannek. Alemaniarrak «azken urteetako eztabaidetan, askotan oso zailak, izandako giro ireki eta eraikitzailea» eskertu du bere agurrean; frantziarrak, berriz, Weidmann goratu du: «Atsekabetuta nago [...]. Jens adiskide ona dut, eta haren leialtasuna izan dut beti».

Maila pertsonalean ez ezik, profesionalean ere errazagoa izan da Lagarde-Weidmann harremana, Bundesbankeko buruak babestu egin zuelako COVID-19aren aurrean EBZk erabilitako tresna nagusia: PEPP pandemiari lotutako zor erosketa programa. Hori bai, ezohiko neurriak alde batera utzi eta normaltasunera itzultzeko eskatu duten ahotsen artean nabarmendu da berriro Weidmannena.

Hamar urtez inflazioaren itzulerari buruzko iragarpenetan etengabe huts egin ondoren, prezioen igoera handia benetakoa denean utziko du kargua Weidmannek. Horregatik, bere agurrean berriro egin du prezioen egonkortasunaren aldeko aldarrikapena.

Weidmannek abenduaren 31n utziko du kargua. Horrek esan nahi du Alemaniako gobernu berriaren lehen erabaki garrantzitsuenetako bat izango dela haren ordezkoa hautatzea. Koalizio gobernua osatzeko negoziazioak hasi dituzte sozialdemokratek, berdeek eta liberalek. Haien hautuak erakutsiko du zein bide hobesten duen Berlinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.