Espainiako Gobernuak berriz igoko du gutxieneko soldata: %5,5 gehiago, 950 euroko hamalau ordainketa: 13.300 euro urtean. Egunotan negoziazioetan aritu da CEOE eta Cepyme patronalekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin, eta atzo iluntzean egin zuen akordioa haiekin. Yolanda Diaz Lan ministroa pozarren azaldu zen, eta azpimarratu zuen elkarrizketa soziala «berreskuratzeko» urrats bat izan daitekeela gobernuaren, patronalaren eta sindikatuen arteko akordioa. Gobernuaren asmoa da datorren astearteko Ministroen Kontseiluan onartzea neurria, hil honetako soldatetan indarrean sartzeko.
Madrilek 2018an igo zuen azkenekoz gutxieneko soldata; orain bezala, Pedro Sanchez (PSOE) zegoen gobernuan eta Unidas Podemosekin hitzartu zuen igoera, aurrekontuak babestearen truke. 900 eurotan jarri zuten, %23,3 igota —1977tik izandako igoerarik handiena—. Oraingo gobernu akordioaren negoziazioetan 1.000 eurora igotzeari buruz hitz egin zuten bi aldeek, baina, azkenean, 950ekoa izango da. Hori bai, gobernu itunean jasota dago legealdi amaierako igotzea batez besteko soldataren %60ra: 1.166 euro.
Atzoko akordioaren arabera, aldeak konprometitu dira gutxieneko soldata gehiago igotzeko aukera aztertzeko legealdian zehar, baina CEOE patronaleko presidente Antonio Garamendik jada ohartarazi du ez duela zertan izan gobernuan dauden bi alderdiek zehaztutako kopuruetan eta denboretan, eta egoera ekonomikoak baldintzatuko dituela negoziazioak. «Hori bi alderdien arteko akordio bat da; gu egunean egunekoan gaude».
Garamendik azaldu duenez, patronalak akordioa onartu du gobernuak hitza eman diolako kontratu publikoen legean enpresarien elkarteen eskaerak aintzat hartuko dituela. «Negoziazio batean denok utzi behar dugu zerbait». Aitortu du igoera txikiagoa proposatu zutela haiek. «1.000 euroko soldatak gehiago kezkatzen gintuen oraingoak baino».
Akordioa egin aurretik, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko lehen presidenteordeak zehaztu zuen hazkundea «progresiboa» izan behar dela eta enpresen tamaina kontuan hartu behar dela. Sindikatuek ez dute baztertzen igoera mailakatua izatea. Aitortu dute kopurua 1.000 eurora igotzeak arazoak sortuko lituzkeela hitzarmen kolektibo batzuen negoziazioetan, itun batzuetan ez direlako kopuru horretara iristen. Dena den, gogoratu dute PSOEk eta Unidas Podemosek euren gobernu akordioan jaso dutela legealdi amaierako batez besteko soldataren %60aren parekoa izatea —1.166 euro—, eta azpimarratu dute helburu horri eutsiko diotela
Jaurlaritzaren eskaerak
Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Azpiazu ere mintzatu zen gaiari buruz, atzo, akordioa ezagutarazi aurretik. Gutxieneko soldaten igoerak «arretaz» aztertu behar direla ohartarazi zuen. «Soldatak igo behar dira, baina tentuz egin behar da, eta baldintzak ondo aztertuz».
Azpiazuk hitzaldi bat eman zuen Madrilen, eta hainbat gai jorratu zituen. Lan erreformari buruz, bat egin zuen Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak asteartean adierazitakoarekin; hark esan zuen ezin dela osorik bertan behera utzi, eta iritzi hori bera azaldu zuen Azpiazuk. «Ez da dena hankaz gora jarri behar eta marko berria osatu, baizik eta erreforma batzuk egin behar dira prekaritatea gutxitzeko. Garrantzitsua da ikustea zerk funtzionatu duen eta zerk ez».
Horrekin batera, Espainiako Gobernuari eskatu zion superabita duten erkidegoei aukera emateko diru hori inbertsioetarako erabiltzeko. Azpiazuk gogoratu zuenez, Badira urte batzuk uste baino diru gehiago sartu dela Eusko Jaurlaritzaren kutxetan, dela kupoari buruzko gatazka konpondu delako, dela zerga bilketa uste baino handiagoa izan delako. Iaz, esaterako, 488 milioi euro handitu zen aldundiek zergetan bildutakoa, eta horretatik %70 sartuko da Jaurlaritzaren kontuetan (340 milioi inguru). Baina diru gehigarri horren zati handi bat ezin du erabili, Espainiako Gobernuaren Egonkortasun Legeak jartzen dizkion mugen ondorioz.
Gutxieneko soldata 950 eurora igoko du aurten Espainiako Gobernuak
Akordioa itxi du patronalekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin. Legealdian zehar gehiago igotzeko aukera aztertuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu