Federazio honek, interes orokorraren onginahiak bultzaturik, eta langile guztien sentimendua artez interpretatzen duela sinetsirik, azterketa zehatz eta zorrotz baten ostean ez du zalantza izpirik izan bere burua antolatzeko, langile klasea barnebiltzen duen zoritxarra hobetzeko xedez (...). Bidegabekeriari arrazoia kontrajar diezaiogun; pribilegioari, zuzenbidea; esklusibismoari, batasuna: eta horrela lortuko dugu gure askapen azkar eta erabatekoa».
Langileen Nazioarteko Erakundea, I. Internazionala izenaz ezagunagoa dena, 1864an sortu zen, eta hurrengo urteetan herrialde industrializatu gehienetara hedatzen saiatu zen, zailtasunak zailtasun. Euskal Herrian, Bilbokoa izan zen Internazionalaren lehen toki federazioa, edo behintzat hori da historian arrastoa utzi duen lehen langile elkartea; 1870eko urriaren 23an eratu zen, eta haren sortze agiritik hartuta dago aurreko pasartea.
Juantxo Estebaranz historialariak (Bilbo, 1966) De la primera Internacional a Askatasuna. Nueva historia del anarquismo vasco 1870-1980 izeneko liburua plazaratu du oraindik orain Txalaparta argitaletxearen eskutik (Lehen Internazionaletik Askatasunera. Euskal anarkismoaren historia berria). Beste zenbait testurekin batera, I. Internazionalaren Bilboko toki federazioaren sortze agiria agertzen da liburuan; Estebaranzek dioenez, hura jo daiteke euskal anarkismoaren sorburutzat.
Langile mugimenduaren lehen urrats haiek gatazkatsuak izan ziren, eta banaketa batek zeharkatu zuen I. Internazionala ia hasieratik. Geroago langile mugimenduaren bi tradizio nagusiak izango zirenek, anarkistak eta marxistak, oso ikuspegi desberdinak zituzten zenbait arlo garrantzitsuren inguruan, eta horrek mugimenduaren banaketa ekarri zuen, 1872an Hagan (Herbehereak) egindako batzarrean. Banaketa horrek iraun egingo zuen hurrengo hamarkadetan.
Anarkismoaren eta sozialismoaren arteko lehia horretan, historialari askok nabarmendu dute Euskal Herriko langile mugimendua sozialista izan zela batez ere. Estebaranzek uste du hori «historiaren sinplifikazioa» dela, eta zalantzan jartzen du sozialismoaren ustezko nagusitasun hori, mugimenduaren hastapenetan behintzat: «1880ko hamarkadan, FTRE Espainiako Eskualdeko Langileen Federazioak jaso zituen I. Internazionalaren esperientziak, eta izaera kolektibista argia zuen. Federazio horren euskal adarrak Gasteizen egin zuen lehen biltzarra, eta bigarrena, Bilbon».
Orduan, nondik dator euskal sozialismoaren ustezko hegemonia hori? «Espainiako sozialismoak propagandista bat bidali zuen federazio horretako langile elkarteetara, horiek geroago UGT izango zen erakundera erakartzeko asmoz», azaldu du Estebaranzek. Facundo Perezagua izan zen hori, eta euskal sozialismoaren eta komunismoaren buruzagi historiko bilakatuko zen gero.
Liburuetatik erauzita
«Kolektibismo anarkistaren hamarraldi hori historia liburuetatik erauzita dago», esan du Estebaranzek. «Geroago, hurrengo belaunaldi anarkistek saminez galdetuko dute nolatan izan zen posible euskal elkarte anarko-kolektibisten errealitate hori galdu izana. Egia da gero PSOEren ildoa hegemoniko bilakatuko zela euskal langile mugimenduan, baina hegemonia hori beste mota bateko elkarteen gainean eraiki zen, eta horiekin lehian».
Euskal anarkismoaren historian badaude behin eta berriro errepikatzen diren ezaugarri batzuk. Errepresioak, adibidez, asko baldintzatu zuen mugimenduaren zabalkundea, eta, normalean, hedapen fase baten ostean, espetxe eta klandestinitate aro bat etorri da. Hala izan zen mugimenduaren hastapenetan: «I. Internazionalaren garaian, barruko desadostasunak gorabehera, Parisko Komunaren altxamenduaren ostean legez kanpo utzi zituzten langileen elkarteak, eta lau urte eman zituzten klandestinitatean». 1920ko eta 1930eko hamarraldietako goraldiak Primo de Riveraren diktadurak eta altxamendu faxistak zapuztu zituzten, hurrenez hurren.
Beste ezaugarri bat agertzen da behin eta berriro euskal anarkismoaren historian, baina hori, errepresioa ez bezala, ez da kanpoko faktore bat, baizik eta mugimenduaren barruko joera bat: anarkismoa ulertzeko bi moduren arteko tentsioa, alegia. Estebaranzek dioenez, tentsio hori 1880ko hamarkadan agertu zen, eta «ziklikoki» errepikatu da: alde batetik, «gizarte berdinzale, komunista eta libertario baten alde» borroka egin nahi duten militanteak daude, eta, beste alde batetik, «egunerokotasunari lotuago» agertzen direnak edo zirkunstantzialistak, orduko terminologia erabiltzera.
Izan ere, ez da beti erraza izan uztartzea «kode etiko zorrotz bati» leial izanik «utopiaren zerumugari» eutsi nahi ziotenen jarduera, eta sindikalismoaren eguneroko arazoak kudeatu behar zituztenena. Batzuetan, bi joera horiek elkarrekin eta batera aritu dira mugimendu libertarioan; beste batzuetan, ordea, haien arteko tentsioak banaketa ekarri du. Hala gertatu zen, adibidez, frankismoaren lehenengo urteetan, erbesteraturiko anarkistak mugimendua berrosatzen ahalegindu zirenean.
1936ko gerra ere kontraesanez eta gatazkaz beteriko garaia izan zen euskal anarkismoarentzat, eta Eusko Jaurlaritza sortu berriarekin harremana ez zen beti erraza izan. Estebaranzek dioenez, libertarioek «ondasunak kolektibizatzeko urrats batzuk» egin nahi zituzten, baina hori ez zetorren bat Jose Antonio Agirreren gobernuaren asmoekin: «Jaurlaritzak erakutsi nahi zuen errepublikatxo burges bat zela, batez ere ingelesen sostengua ez galtzeko».
Tentsio horrek ondorioak izan zituen: «CNTk sei hilabeteko epea eman zion Jaurlaritzari, zer egin behar zuen ikusteko, baina epea 1937ko martxoan amaitu zen, eta gatazka piztu zen orduan. Jaurlaritzak, adibidez, metrailadoreak jarri zituen CNTk Bilboko Casillan zituen kasernen aurrean, eta Batzorde Erregionaleko kideak eta CNT egunkariaren erredakzio taldekoak atxilotu zituen».
Hastapenetan, euskal mugimendu libertarioak muzin egiten zion nazio auziari. Estebaranzek logikoa deritzo horri, kontuan izanda anarkismoak eta abertzaletasunak jatorri guztiz desberdinak zituztela: «Langile mugimendua eta Europako nazioen mugimendua sortu zirenean, oinarri oso desberdinetatik abiatu ziren: unibertsalismoa partikularismoaren aurrean, arraza klasearen aurrean, erlijioaren auzia eta abar. Begien bistakoa zen bi mugimendu horiek ezin zutela bat egin». Edonola ere, orduko prentsa anarkistan argitaratu eta Estebaranzek liburuan bildu dituen zenbait testutan ikuspegi bat agertzen da, «antzinako Euskal Herria berdintasunean oinarrituriko gizarte gisa» ikusten duena eta hura aldarrikatzen duena, baina, egileak dioenez, «egia da mugimendu anarkista osatzen zuten gehienak langile etorkinak zirela eta nazio auzia ez zutela aintzat hartzen».
II. Mundu Gerraren ostean, berriz, antiinperialismoak, deskolonizazioak eta antzeko kontzeptuek indarra hartu zuten mundu osoan, eta euskal anarkismoa ere zipriztindu zuten. Askatasuna taldea izan zen joera horretako eragile nagusia. Estebaranzek liburura ekarri du Askatasunak 1974an Bruselan ondutako agiria, eta hor zapaldutako nazio gutxiengoa bezalako kontzeptuak erabiltzen ditu, eta «gaur egun Espainiako eta Frantziako estatuek okupatzen dituzten lurraldeetako Komuna Libreen Euskal Federazioa» aldarrikatzen du.
«Europako ezker berriaren beste talde askok bezala, Askatasunak abertzaletasun iraultzailea integratu zuen bere ideologian, feminismoarekin eta beste ekarpen batzuekin batera», azaldu du Estebarantzek. Edonola ere, eta historialariak ohartarazten duenez, prozesu hori ere ez zen «tentsiorik gabekoa» izan: 1976an, Franco hil ostean eta trantsizioa ate joka zegoenean, Euskal Herrian CNT berreraikitzeko prozesu bat egon zen, eta Askatasunak parte hartu zuen prozesu horretan, baina 1978ko urtarrilean taldea CNT-tik kanporatu zuten, «beste arrazoi batzuen artean, pentsatzen zutelako abertzaletasun iraultzaile hori arrotza zela tradizio libertarioarentzat».
Gaur egungo egoera
Estebaranzek dioenez, Euskal Herriko mugimendu libertarioaren egoera ez da askorik aldatu 1980ko hamarkadatik hona: «Alde batetik, langile mugimenduarekin jardutea lehenesten duen sektorea dugu, baina hor zirkunstantzialisten eta esentzialisten arteko banaketa dago oraindik ere». Izan ere, 80ko hamarkadan eztabaida horrek ekarri zuen CNTren banaketa eta CGT sindikatuaren sorrera, baina azken urteotan tentsio eta banaketa hori berriro agertu da CNTren barruan.
Beste aldetik, lan munduko jardueratik harago kokatzen den mugimendua dago: «Gazte talde batzuk daude, euren burua anarkistatzat daukatenak eta tradizio horretan kokatzen direnak; eta tradizio horretatik kanpo badaude beste zenbait talde, euren burua anarkistatzat definitu ala ez, anarkismoaren ezaugarriak dituztenak, hala nola horizontalak izatea, insurrekziorako joera izatea eta abar». Mende eta erdi bete duen mugimenduaren geroa ikuskizun dago: «Orain, krisi erraldoi batean murgilduta gaude, eta abagune egokia izan daiteke mugimendu berdinzale erradikalak agertzeko».
Historiaren hari gorri-beltza
Anarkismoak mende eta erdiko ibilbidea egin du Euskal Herrian. Juantxo Estebaranz historialariak haren bilakaera, mugarri nagusiak, eta mugimendu libertarioaren historia ulertzen laguntzen duten zenbait testu eta agiri bildu ditu bere azken liburuan, 1870etik 1980ra arteko aroa hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu