Duela 11.700 urteko gizon baten hezurdura aurkitu dute Loizun

Historiaurreko aurkikuntzarik nabarmenenetako bat dela iragarri du Nafarroako Gobernuak. Sakon espeleologia taldeak. topatu zituen hezurrak, 2017ko azaroan; gerora jakin da zein antzinakoak diren

Hortzak egoera onean, eta, eskuinean, sarbidea eta pasabide estua. I. ZABALETA - J. DIGES / FOKU - EFE.
joxerra senar
Loizu
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
11.000 urtetik gora eman ditu Erro ibarrean, Loizuko Errotalde I leitzearen sakonean, harik eta, 2017ko azaroan, Sakon espeleologia taldeak oharkabean hezurdura topatu zuen arte. Espeleologoek berehala eman zioten abisua ondareaz arduratzen den Nafarroako Gobernuko atalari, baina une hartan ez zuten susmatzen hainbeste urte zituenik. Laginek ondorioztatu dute duela 11.700 urte bizi izan zen gizonezko baten aztarnak direla. Atzo, Nafarroako Gobernuak Loizuko gizona argitara atera zuen zentzu bikoitzean. Hamabi ordu eman zituzten arrastoak ateratzen, eta, leizearen sarbidean, haren berri eman zieten komunikabideei.

Ikerketa hasi besterik ez da egin. «Liburua ireki baizik ez dugu egin», irudikatu zuenJesus Garcia Gazolaz Nafarroako Gobernuko Arkeologia eta Ondare Erregistro arloko arkeologoak.Aurkikuntzaren tamaina ikusita, «aditurik egokienak bilduko dituen» ikerketa talde bateratu nahi izan du Nafarroako Gobernuak. Oraingoz, Europa osoko 26 ikerlarik parte hartuko dute, baina gidaritza PabloArias Kantabriako Unibertsitateko historiaurreko ikerketen nazioarteko institutuko arduradunak izango du. «Benetako pribilegio bat da halako arrasto bat ikertu ahal izatea. Aztarna hauek bakarrak dira Iberiar penintsulan, eta oso-oso kasu arraroa kontinentean».

Hezurdurari erreparatuta, 1,6 metro luze zen, eta17 eta 21 urte artean zituen. «Ohiz kanpoko egoeran» aurkitu dute, bikain kontserbatuta. Adin zehatzaz gain, galdera gehiagori erantzun beharko diete orain. Adibidez, zergatik hil zen. Burezurrean zulo bat duela ikus liteke: «Lehen zantzuen arabera, hiltzear zela izan zuen traumatismoa. Ertzei erreparatuta, ez dago berrosatze baten zantzurik, eta zulogunearen inguruko kolorazioa burezurreko bera da. Horrek adieraz dezake aldi berean hautsi zela. Dena den, oso arriskutsua da ondorio irmo bat ateratzea», ohartarazi zuen Maitane Tirapu antropologoak.

Nondik zetorren gizaki hura? Zein izan ziren haren arbasoak? Hezurretan DNA arrastoak izango ditu, eta informazio genetiko horrek haren aurreko leinuen arbol genealogikoa osatzeko aukera emango die ikerlariei.

Hezurrek informazio ugari eman dezakete. Adibidez, zer gaixotasun izan zituen bizitzan, edo zer jaten zuen. Orain arte, Nafarroan izandako aurkikuntzarik zaharrena 4.000 urte lehenagoko emakume batena da, Ariben. Aztarna haiei esker ondorioztatu ahal izan dute inguruko orein eta ahuntzak ehizatu ohi zituztela, eta ibaietako amuarrain eta izokinak arrantzatu. Hori jaten ote zuen Loizuko gizonak ere? Ala haren dietan kostaldeko elikagaiak ere ageri dira? Loizutik urrun dago itsasbazterra , baina, Garcia Gazolazen arabera, «asko mugitu ohi ziren». Ehiztari-biltzaileak ziren garai hartan, 6.000 urte pasa beharko baitziren nekazaritza Euskal Herriraino iristeko.

Gorpua ahoz gora ehortzi zuten, luzatuta, eskuak sabelaren gainean zituela. Espresuki aukeratu zuten lekua. Pasabide estu batetik igaro behar da, eta, bertatik hilotz bat eramatea ezinezkoa denez, susmatzen dute egun blokeatuta dagoen irteera bat zegoela garai hartan. Baltsamatu egin zutela uste dute. Inguruan zuen pigmentazio gorrixkak aditzera ematen du estaltzen zuen oihalagorria zela. Jesus Garcia Gazolazen arabera, «balio sinbolikoa» izan dezake.

Karbono-14aren bidez egin dituzten lehen proben arabera, hezurdurak 11.700 bat urte ditu: Pleistozenoaren eta Holozenoaren arteko trantsizio aroan kokatu dute. Pleistozenoa duela bi milioi urtetik duela 12.000 urte ingurura arteko aroa da, Holozenoa, berriz, ordutik gaur egun artekoa. Horrek esan nahi du glaziazioaren amaieran bizi izan zela, klima aldatzen ari zen aldian. Ikerlarien arabera, orduko klima diferentea zen, oso hezea.

«Praxis ona»

«Behingoz, albiste on bat». Pozarren eman zuen atzo aurkikuntzaren berri Maria Txibite gobernuko lehendakariak, eta esker ona adierazi zien proiektuan parte hartu duten guztiei. Garcia Gazolazek Sakon taldearen «praxis ona» nabarmendu zuen, arrastoak ez zituztelako ukitu eta ondarea errespetatu zutelako.

Aurkikuntza halabeharrez izan zen 2017ko azaroan, Xabier Azanza espeleologoaren arabera. «Taldeko hiru kide galeria estu batera iritsi ziren, eta aurretik zihoanak aurkitu zituen hezurrak. Argazkiak atera genituen, eta ez genuen ukitu. Ez zegoen oinetakorik, ez zegoen ezer; ez genekien noizkoa zen hezurdura».

Hiru urte behar izan dira, eta toki zailean egoteak ez du erraztu. Maitane Tirapu antropologoak konfinamendu aurretik atera zituen laginak, baina, Poloniako ikerketa zentro batek emaitzak eman zituenetik eta noizkoa zen jakin zenetik, dena bizkortu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.