Arratsaldeko seietan, etxera. Azken bi hilabeteotan Ipar Euskal Herriko biztanleek egunero gogoan duten agindua da. Etxeratze aginduak guztiz baldintzatu ditu haurren, ikasleen, langileen, erretretan direnen zein adinekoen egunak. Frantziako Gobernuak koronabirusak eragindako pandemiari aurre egiteko neurri berriak ezarri zituen urtarrilean, hirugarren olatua kontrolatzeko asmoz. Harrezkero, indarrean segitzen du neurriak, eta ez da indarrean den murrizketa bakarra. Iazko udazkenean, Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak bigarren konfinamendua ezarri zuen, eta, harekin batera, ostalaritza hesteko agindu zuen. Urritik, beraz, itxita daude ostatu eta jatetxeak. Kultur eta kirol ekitaldiak ere bertan behera gelditu dira azken bost hilabeteotan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Herritarren egunerokoa aldatzearekin batera aldatu dira espazioak, paisaiak eta karrikak.
«Gure egunerokoa beste manera batez antolatzera behartuak gara». Horrela laburbildu du egoera Julien Thouin baionesak. Errobi ibaiaren kai bazterrean bazkaltzen ari da, inguruko jatetxe bateko menua eramateko hartuta: pasta Thailandiako erara. «Ez dugu beste aukerarik karrikan jatea baino, terrazak hetsiak direnaz gero. Eguraldi onarekin, goxo da kai bazterrean bazkaltzea. Euria denean, autoan bazkaltzen dut; ez da gauza bera». Terraza bilakatu dira espaloiak, plazetako zolak eta murru zokoak, zutik edo jarririk bazkaltzeko.
Baionako jatetxe gehienek eramateko zerbitzua eskaintzen dute: eguerdian, bezeroak doaz bazkarien bila. 18:00etatik aitzina, berriz, banatzaileen joan-etorriak dira baimendutako bakarrak. Ostatu guztiak, anartean, hetsirik. Erakusleihoetan estalki beltzak zintzilikatu dituzte urtarriletik, protesta gisa. Kasu, kasu, ostalariak kexu, Hiltzen ari gara, Beharrezkoak gara. Horiek dira irakur daitezkeen mezuak.
Ostatuen irekiera berantesten du Ellande Agerre ikasleak. Euskal Ikasketetako lizentzia egiten du Baionako campusean, hirugarren urtean. Urritik, klaseak etxetik hartu behar izan ditu, eta badira bi aste aurrez aurreko klaseetara itzuli zela, fakultateak hala egiteko baimena eman ondotik. «Beharrik, klasera itzuli gara, baina, bestenaz, ez da aise bakarrik egotea egun osoan». Ipar Euskal Herrian, gainera, COVID-19 kasu guti dira azken asteotan, eta uste du neurriak malgutzeko «garaia» dela. «Ostatuak irekitzen ahalko lituzkete, neurriekin, eta etxeratze agindua gibelatu edo kendu». Bazkaltzeko, unibertsitateko jatetxera doa Agerre, klasekideekin bazkaltzeko aukera baitu: «Guti da, baina ez da gaizki».
Lucie Thion ez da neurriak malgutzearen aldekoa. Ikaslea da hura ere, Kudeaketa Ikasketetan. «Frantziako Gobernuak beste gisa batez egiten ahalko balu, egingo luke. Uste dut neurriak errespetatu behar ditugula denek ahalik eta azkarren ateratzeko krisitik». Aitortu du, halere, etxeratze agindua «pisu» egiten zaiola batzuetan. «Saiatzen gara elkar sostengatzen, eta, egunean zehar elkar ikusten dugunez, errazagoa da».
Maddi Etxart merkatuko plazan eseri da, bazkalondoko kafea hartzeko. Ostalaritzan egiten du lan, eta egunak «luze» zaizkio lanik gabe. Etxeratze aginduarengatik eta lanik gabe denaz gero, bizitza soziala arrunt murriztera behartua izan da. «Kalte psikologikoak handiak dira, batez ere ikasle eta adinekoentzat, bakartuak baitira. Ez nuke ikasle izan nahi garaiotan». Etxartek pentsatzen du neurriak malgutzeko garaia etorri dela. «Arrunt kasu guti dira gure eskualdean; Frantziako Gobernuak kontuan hartu beharko luke hori, lekuko errealitateetara egokitzeko». Denboran irauten duen etxeratze agindua «geroz eta pisuagoa» egiten zaio. Udaberriaren hurbiltzearekin, egunak luzatzen hasiak dira, eta honela mintzatu da Etxart: «18:00ak goizegi da. Lana, etxea, lana, etxea: ez da besterik». Urte bat bete du pandemiak, eta burua aireztatzeko beharra sentitzen du Etxartek. «18:00etan oraino eguzkia badugu; gogoa dugu hondartzara joateko eguzki sartzea ikusteko, lagunekin kanpoan gelditzeko, baina ezin dugu, eta pisu da», deitoratu du.
Egunak luzatzearekin, gogorragoa egiten zaio neurria Mathieu Giraudi ere. Baiona Handiko saltoki batetik atera da erosketaz beteriko bi zakurekin. 17:30ak dira, eta presaka atera da, saltokiko langileek hestearen abisua eman ondoan. «Erosketak egiteko, beste gisa batez antolatu behar ditugu gure egunak. Haurrekin, ez da aise. Eskolara joan behar duzu bila, eta tarrapataka erosketak egin». Egokitu da neurrira, baina onartu du «historiako garai tristeak» ekartzen dizkiola gogora etxeratze aginduak. «Eskolan ikasi dugu gerren garaiko zerbait dela, eta bitxi da hori bizitzea. Kontraesan anitz badira, eta zaila da denen ulertzea».
Aurrera doa denbora: 17:50. Irekiak diren saltokietako erakusleihoak hesten hasi dira, eta bertako langileek etxerako bidea hartu dute. Xaho kaia bazterrean, zenbait lagun talde garagardoen azken zurrupez baliatzen dira. Bizikletan ibiltzen diren bi Frantziako polizia ikusita, altxatu eta etxerako bidea hartu dute horiek ere.
Pixkanaka, hustu dira karrikak, eta eguneko giroari gaina hartu dio arratsekoak: banatzaileen joan-etorriak eta etxera presaka itzuli behar duten langileek eragindako auto metaketen harrabotsak. Fanny Duboisek, ordea, lanera joateko tenorea du. Katedral ondoko karrikan egiten du lan, sukaldari eta saltzaile. Ogitartekoak, kebabak eta patata frijituak saltzen ditu, besteak beste. «Banatzaileekin lan egitera behartua naiz. Batzuetan, zentzu gutxi du, auzoko jendeak nahi lukeelako nire jatetxean afaltzekoa manatu, baina ez dute banatzaile bat etorraraziko hamar pauso egiteko. Nik, ordea, ez dut eskubiderik bezeroak 18:00etatik goiti hartzeko». Duboisentzat, banaketa zerbitzua proposatzea«egunero lan egitera etortzeko» molde bat ere bada. «Jasangaitza da bizitza sozial arrunt moztua izatea. Luze da biziki. Ea noiz bukatzen den...», galdetu du.
Koronabirusa
Neurri arinagoen zain
Urtarrilaren 16an ezarri zuten etxeratze agindua Ipar Euskal Herrian: 18:00etatik 06:00etara. Herritarren egunerokoa baldintzatu du neurriak: erosketak, lanaz kanpoko aktibitateak, ateraldiak... Ostalaritza eta kultura iragan urteko urritik daude itxita, bestalde. Ondorioak agerikoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu