Ramon Gonzalo. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea

«Euskararen lekua handitu nahi dugu pixkana unibertsitatean »

Ramon Gonzalok Nafarroako Unibertsitate Publikoaren hazkunde prozesuaren bukaeran hartu du erakundearen lema. Medikuntza eta beste sei gradu berri ezarri dituzte aurten; aurrerantzean, xedea eskaintza «sendotzea» izanen dela uste du.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Zalantzan ibili zen, hauteskundeetara aurkeztu ala ez aurkeztu. Azkenean egin zuen. Eta irabazi. Iragan maiatzetik, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore berria da Ramon Gonzalo (Logroño, Espainia, 1972). Kargua eskuratu duen lehen ikasle ohia da, eta uste du «belaunaldi aldaketa» nabarituko dela.

Bost hilabete daramatzazu karguan. Nola ikusten duzu zeure burua orain?

Egia kontatuko dizut, ala... [barrezka hasi da]?

Egia osoa.

Ados. Aitortu behar dut Alfonsoren [Karlosena, aurreko errektorea] erabakiak jokoz kanpo harrapatu ninduela, eta zalantza handiak nituen. Buelta asko eman behar izan nizkion kontuari, ez baita gauza bera errektoreorde izatea eta errektore izatea. Dirudien baino alde handiagoa dago.

Ardura handiagoa duzu orain?

Bai, eta postua bera ere oso bestelakoa da. Errektoreorde baten lana betearazlea da: harreman zuzena du bere sailarekin eta eguneroko jardunarekin. Errektorearen lehen egitekoa, berriz, ardurak errektoreordeen esku uztea da. Errektorearen tokia atzeragoardian dago: politika orokorrak eta unibertsitatearen ildo nagusiak diseinatzen, inbertsioak onartzen, ikerketa eta ikasketa programak zehazten...

Orain arte egindako urratsarekin pozik zaude, beraz?

Bai. Lehen hilabeteak konplikatuak izan dira, baina oso pozik nago, batez ere, bildu dudan lantaldearengatik. Gaitasun handiko profesionalak dira denak, eta ederki heldu diote erronkari.

Zure hautagaitza kontinuistatzat jo zuten askok, Ikerketako errektoreorde izan zinelako Alfonso Karlosenaren zuzendaritza taldean. Hala al da?

Alfonsorekin oso harreman ona dut irakasle izan nuenetik, baina ez dut uste nire agintaldia harenaren luzapena izanen denik. Erreparatu zuzendaritza taldeko izenei: errektoreorde bat kenduta, gainerakoak berriak dira. Hor ez da kontinuismorik antzematen. Karlosena eta haren aurrekoak gure irakasleak ziren, eta orain, nolabait, jauzia eman dugu, NUPen hasieratik ikasitakoak heldu garelako ardura postuetara. Beste belaunaldi batekoak gara gehienak. Eta nabarituko da, lan egiteko moduan.

Esana duzu zure helburua dela NUP izatea «pertsonen unibertsitate bat». Zer da, eta nola lortzen da hori?

Edozein talde, elkarte, enpresa zein erakunderen oinarrian pertsonak daude. Gure unibertsitatean ere, pertsonek egon beharko lukete erdigunean: langileek. Administrazio alorreko profesionalen kasuan, adibidez, lantaldearen egitura duela 30 urteko bera da, eta horrek arazoak sortzen ditu: lan karga desorekatuak, formakuntzarik eza, langileen gaitasunetara egokitu gabeko postuak... Horri guztiari heldu beharra dago, giza kapitala antolatzeko programa baten bidez. Kudeatzaile bat lanean jarri dugu dagoeneko, egoeraren ikerketa egin eta programa ondu dezan. Bestalde, irakasleei eta ikertzaileei dagokienez ere, desoreka ugari antzeman ditugu, profesionalen prestakuntza mailaren eta lanpostuen ezaugarrien artean. Saiatuko gara ahalik eta postu gehien egonkortzen eta lan deialdiak egiten, legeak uzten digun abagunearen arabera.

Aurreko legealdiko mugarrietako bat izan zen Nafarroako Gobernuarekin sinatutako hitzarmen ekonomikoa. Pozik zaudete lortutakoarekin?

Bai, zenbait urterako hitzarmena sinatzeak lasaitasun eta egonkortasun handia eman dio unibertsitateari, aukera ematen diolako inbertsioak planifikatzeko eta arnasa luzeko proiektuak diseinatzeko. Adibidez: ikerlari gazteentzako beka deialdi bat atera genuen duela bi urte; bada, halako egitasmo bat ezinezkoa zatekeen hitzarmen ekonomikorik gabe, ezinen genituzkeelako diru iturriak urte batetik bestera aurreikusi.

Nafarroako Gobernua ere aldatu da, ordea. Hitzarmena berritzeko prest ikusi dituzue arduradun berriak?

Bai, euren asmoa da hitzarmen berria 2020an sinatzea. Orain arte, aukera izan dut hitz egiteko Maria Txibite lehendakariarekin eta Juan Cruz Cigudosa Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariarekin, eta bide horretan sakondu nahi dutela ematen du. Asmo horren isla da Unibertsitateko Departamentua bera sortu izana. Apustu garrantzitsua da, eta aldebiko harremana hobetuko du.

Iaz, graduen eskaintza handitu zuen NUPek. Zabaltze politika horri eutsiko diozue?

Ez da hori lehentasuna, ez. Aintzat hartu behar dugu iaz zazpi gradu berri ezarri zirela, eta hori aldaketa handia izan zela NUP bezalako unibertsitate txiki batentzako. Espainian, gradu eskaintza txikieneko unibertsitatea ginen lehen. Jada, ez. Oraindik ere badugu hazteko aukera, baina, uneotan garrantzitsuagoa da eskaintza hori sendotzea, kopurua handitzea baino.

Medikuntza da gradu berri horietako bat...

Bai, eta horri lotuta dago legealdi honetako beste lehentasun bat: Osasun zientzietako campus berria. Eta martxan jarri da Medikuntza, Psikologia, Erizaintza eta osasun zientzietako beste gradu batzuk eskainiko dituen eraikina egiteko prozesua. Abendurako argitaratu nahi dugu baldintzen txostena, arkitektura proiektuak aurkezteko, eta lanak 2021erako hasiko lirateke.

Medikuntza unibertsitate publikoan jartzea eskari historikoa zen Nafarroan, eta aurten, azkenean, eskaini ahal izan duzue. Presioak eta kontrakotasuna nabaritu dituzu?

Kontrako iritziak baziren lehendik, eta badira gaur egun ere. Hala ere, uste dut Nafarroako gizartea, oro har, Medikuntza ikasketak sare publikoan jartzearen alde dagoela. Eta uzkur diren horiek ere noizbait konturatuko dira inbertsio onuragarria izan dela gizartearentzat. Noiz? Ez dakit. Unibertsitate gradu baten arrakasta ezin da urtebetean neurtu. Hamar bat urte beharko ditugu, gutxienez, orain Medikuntza graduan hasitako ikasle horiek Nafarroako osasun sisteman lanean hasi eta fruituak ikusten ditugunerako. Gauza bera gertatu zen NUPen sorrerarekin ere: kexu azaldu ziren batzuk. 30 urteren ostean, baina, unibertsitatea —eta handik atera diren ikasle eta profesionalak— aktibo garrantzitsua bihurtu dira. Osasungintzaren sektorean, zehazki, onura handiak ekar ditzake Medikuntza fakultate publiko batek: ospitale gunean arituko diren profesionalak, bertan eginen diren tesiak eta ikerketak, bertan hezitako irakasleak nahiz kanpotik etorriko den talentua, ikerketa eta garapenaren alorreko enpresa berriak... Ekosistema aberatsa sor daiteke hor.

Karlosenak kritikak jaso zituen, ez zuelako euskarazko eskaintza handitu. Zer asmo duzu alor horretan?

Gai honetaz esan dezaket Euskara Plana ezartzen ari garela, eta tinko eusten diogula hasierako asmoari. Uneotan, gure eskaintza akademikoaren %21 inguru egiten da euskaraz. Urrun gaude oraindik Euskal Herriko Unibertsitatearen kopuruetatik, jakina, baina gure helburua da ehuneko hori handitzea urtetik urtera.

Irakasletza kenduta, gainerako graduetan ikasgai solteak besterik ez duzue eskaintzen euskaraz...

Bai, desorekak antzeman ditugu. Irakasletzako gradu batzuetan, euskarazko eskaintza ia erabatekoa da, eta Ingeniaritzako adar batzuetan ere ikasgai dezente egin daitezke euskaraz. Beste batzuetan, berriz, eskaintza oso txikia da.

Erizaintzan, adibidez?

Erizaintza da horietako bat, bai. Hori aldatzeko asmoa dugu. Batzuetan, denbora eta baliabide kontua da. Zenbait kasutan, zailtasunak izan ditugu lanpostu elebidunetarako baldintzak beteko dituzten hautagaiak topatzen. Irakasle laguntzaile postu bat baino gehiago bete gabe gelditu izan zaigu horrexegatik. Baina egoera hori konpontzeko bidean gara:D ereduaren orokortzeari esker, doktoretza tesia egin eta unibertsitatean eskolak emateko adinean direnen belaunaldia euskaldunagoa da, duela 10-15 urtekoa baino. Horrek aberastu egiten du unibertsitatea, eta aukera ematen digu euskara eskaintza handitzeko. Gure asmoa hori da: eskaria dagoen graduetan euskarazko taldeak sortzea eta, pixkanaka, euskarak unibertsitatean duen pisua handitzea.

Berdintasun Plana ere iragarri zuen NUPek, iaz. Zertan da plan hori?

Lehentasuna da. Nire hauteskunde programan jasotako 11 neurri estrategikoetako bat da Berdintasun Planarena, eta heldu den urtean ezarriko dugu, aurrekontu partida propioarekin. Begoña Perez errektoreordea arduratzen ari da horretaz: diagnostikoa egin eta 2020ko udan jarri nahi dugu indarrean. Argi dago horren beharra baduela NUPek. Askotan, amatasun baimenekin edo eszedentziekin, ikerlari eta langileen ibilbidea gelditu egiten da, eta desoreka horiek gainditu nahi ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.