Euskara. Mintzapraktika egitasmoak 30 urte

7.000 kide ari dira mintzapraktikan, egitasmoa hasi eta 30 urtera

Parte hartzaileen artean soslairik ohikoena hau da: emakumea eta 51-60 urte artekoa. Ehunka talde daude, baina gehiago izango lirateke bidelagun moduan aritzeko jende gehiago egongo balitz

7.000 kide ari dira mintzapraktikan, egitasmoa hasi eta 30 urtera.
Julen Aperribai.
2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Euskaraz aritzeko espazio bat, inguru bat ematen die Mintzapraktika egitasmoak horretarako ohiturarik ez dutenei, eta ohitura hori eskaintzekoa haiekin elkartzen direnei. Sinplea da ariketa formaz: elkartu eta hitz egin. Baina ez, haatik, alferrikakoa. Milaka lagunei eman die eta ematen die aukera euskararekin nahiz hizkuntza horrekin lotutako mundu ikuskerarekin harremana estutzeko.

Duela 30 urte jarri zituen martxan lehen mintzalagun taldeak Bagera Donostiako euskaltzaleen elkarteak: elkarteko sei kide euskaltegietako sei ikaslerekin elkartu ziren, euskaraz aritzeko. Lasartera (Gipuzkoa), Arrasatera (Gipuzkoa) eta Getxora (Bizkaia) zabaldu zen egitasmoa gero, eta 1998an egitasmoaren bueltako lehen mintegia egin zuten Eibarren (Gipuzkoa). Leku gehiagotara hedatuz joan zen egitasmoa ondoko urteetan, eta, halaber, mintzapraktika egitasmoak koordinatzeko beharra sortu zen. Eginbehar behinena hori du, hain justu, Maite Agirre Euskaltzaleen Topaguneko Mintzapraktika Saileko koordinatzaileak, baita egitasmoan parte hartzen dutenentzako «ekintza bateratuak» prestatzea ere. Azkeneko datu bilketaren arabera, 7.203 lagunek hartzen dute parte, gutxienez, egitasmoan; emakumeak dira %62.



154 herri edo eskualdetan dago aukera mintzapraktikan aritzeko. «Kontuan hartu behar da egitasmo jarraitua dela, eta jende hori astero-astero elkartzen dela beren herrietan», azpimarratu du Agirrek. Astean behin elkartzea da ohikoena, eta ordubete inguruko hizketaldia izatea. Taldeak zaletasunaren, adin tartearen, herriaren eta abarren arabera banatzen saiatzen direla azaldu du.

Parte hartzaile kopurua urtero hazi zen 2020ra arte, baina pandemiak kolpe handia eman zion egitasmoari. «Sarera salto egin genuen, eta hala mantendu genuen asteroko hitzordua, baita ezohiko ekintzak ere», azaldu du Agirrek. Aurrez aurrekoek behera egin zuten, eta sarekoek, gora. Zenbait herritan eten egin zen egitasmoa, ordea, eta, ordutik parte hartzaile kopuruak gora egin badu ere, oraindik ez da iritsi pandemia aurrekora. Hala ere, goranzkoa da joera, eta azken kontaketan izen emate berriak gehiago izan ziren uzteak baino.

Adin tartearen araberako argazkia ere egina du Topaguneak, eta argia da: parte hartzaileen erdiak 50-60 urte artean dituzte, %34ek 41 eta 50 urte artean, %6k 31 eta 40 artean, eta %9k 61 baino gehiago.

Bidelagun falta

Bestalde, balantza ez dago orekatuta bidelagun eta bidegile kopuruari dagokionez. Izan ere, nabarmen gehiago dira euskaraz aritzeko espazio bila ari direnak, bidegileak, eremu hori sortzeko modua egiten dutenak, bidelagunak, baino. Azken kontaketan, ondorioztatu zuten egitasmoen %37,5ek bidelagun falta dutela.

Ondorioz, bidelagun gehiago izanez gero, aukera legoke talde gehiago egiteko; egun indarrean dauden talde batzuk zatituta, adibidez —bidegile batek baino gehiagok parte hartzen du, sarritan, talde bakarrean—. Horregatik, berriki zabaldutako izen emate kanpainan, bidelagunen funtzioan jarri dute azpimarra. «Haiek dira talde horretan erritmoa jartzen dutenak, euskarazko beren sarea zabaltzen dutenak. Euskaraz hitz egin bai, baina euskara praktikatzeko baliabideak ere eskaini nahi ditugu. Eta hori bidelagunak egiten du, haren presentziak», azpimarratu du Agirrek.

Ikusi gehiago: Hizkuntza, helburu beste bitarteko

«Euskaltzale moduan», bidelagun izateak, pertsona batzuei espazioa zabaltzeaz gain, euskararen normalizazioan «modu oso aktibo batean» parte hartzeko aukera ematen duela ere gogoratu du: «Astean behin ordubetez euskaraz hitz egin nahi duen jendearekin elkartuta, gure herriko euskararen kaleko erabileran eragiten ari gara zuzenean».

Askotariko arrazoiek eramaten dituzte bidegileak egitasmoan izena ematera, Agirrek dioenez, baina errepikatuenak dira «euskaraz gehiago hitz egin nahi dutela» eta «jariotasuna lortu nahi dutela». Motibazio praktikoagoak ere badira; hala nola oposizio bat gainditzea edo senideren batekin euskaraz egiteko gai izatea. Hala ere, behin hasieran ezarritako helburuak lortuta, jarraitzeko arrazoiak aldatu egiten direla azaldu du Euskaltzaleen Topaguneko kideak. Izan ere, taldeko giro eroso eta atsegin bat sortuz saiatzen dira euskaraz egiteko eremua sortzen, eta horiek bihurtzen dira segitzeko arrazoi sarritan.

Praktikotasuna

Euskara ikasteko eremu ez-formal bat ere eskaintzen du egitasmoak. Horregatik da «oso eraginkorra», Agirreren ustez: «Eremu formalean ikasitakoa praktikan jartzen dute taldean, eta aisialdi eremuan». Egunerokoan ikasten ari diren horri «baliagarritasuna» ematen diote, dioenez. Egitasmoan dabiltzan hainbatek egunerokoan ez baitute, gainera, «euskara erabiltzeko gune naturalik», zehaztu duenez. Halaber, mintzalagun taldea bera baino zabalagoa da, gehienetan, bidegileari zabaltzen zaion harreman sarea. Taldekideak izan ohi dituzte gertuen, baina horien bidez jende gehiagorengana heltzeko aukera ere izaten dutela nabarmendu du Agirrek.

Ariketa are kolektiboagoa izan dadin, badira egitasmoaren beste aldaera batzuk ere, aldian behin egiten dituztenak: irteerak, txangoak, euskarazko kultur emanaldiak... «Saiatzen gara taldean landutako hizkuntza ohiturak egunerokora eramaten, eta sarea zabaltzen, eta baita euskarazko askotariko eskaintzara atea zabaltzen ere», azaldu du Agirrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.