Baionako Ametzondoko Carrefour hipermerkatuak isildua du musika,eta apaldua argia; autistendako. Bezeroei egin zieten inkesta batean agertu zen soinu eta argi azkarregiek uxatzen zituztela autistak.
Hala, bi oreneko isiltasunarekin abiatu zen iaz denda, baina musika makina panan erori zen handik zalu. Alta, berrezarri zutelarik, hainbat bezero kexatu zen.
Geroztik, goizaldeko oren bakan batzuetan salbu, egun osoan musika isildu eta argi apala baliatzen dute. Odile Rigaud zuzendariak laburtu du: «Bereziki autistei begirako lote bat da: soinua kendu genuen, eta argia apaldu, baina askok eskertzen dute, aitatxi amatxiek, langileek... askok!».
Uxue Azaolari harrabotsak ez dio haurtzaroan bezain bertze eragiten. Ttipitan, konparazione, ezin izan zioten erradiografia bat egin, makinak egiten zuen asotsagatik: ez baitzuten lehenagotik abisatu ahal izan. Orain, 26 urte ditu. Markel nebak eta haren bikotekideak lagundu berri dute Bilboko jaietako barraketara, leitu baitzuten azantz gutiagoko egunak izanen zirela: «Zarata bazegoen, baina ez larregi», laburtu du Ibone Sanzek, Uxueren amak.
Alta, suziriak ikustera joan ziren gero: «Zarata handiago bat entzutean jauzi txiki bat egiten du. Suzirien azkeneko traka hori oso zaratatsua izan zen, eta ezin izan zuen jasan; negarrez hasi zen. Laster pasatu zitzaion, baina disfrutatu beharrean, beretzat ez zen momentu atsegina izan».
Bilbon bezala, Donostiako bestetan ere halako neurriak ezartzen dituzte. Gisa berean, Angeluko (Lapurdi) zinema aretoan autistentzako egokitu dituzte filma emanaldiak uda honetan aste betez. Neurri horiez satisfos da Fernandez-Valtierra, APNABI Autismo Bizkaia elkarteko aisialdi arduraduna, alta, argi du ez dela aski: «Zailtasunak ez dira leuntzen ordubeteko zaratarik gabe, edo toki batzuetan piktogramak jarriz. Baina dena da lagungarri kontzientziatzeko, eta autismoaren gaineko jakintza gero eta gehiago orokortzeko. Autismoa duten pertsonek eta familiek ohitura aldaketa iraunkorrak behar ditugu, gure eguneroko bizitzetan txertatzeko. Horretarako, funtsezkoa da arazoaren ikusgarritasuna eta sentsibilizazioa. Autismoa duten pertsonek behar dituzte baliabideak espazioen ulermena edota komunikazioa errazteko, baina batez ere noiznahi laguntzeko prest diren pertsona irisgarriak bizitza osoan».
Maialen Arrastia, Donostiako Gautena elkarteko aisialdi koordinatzailea ere akort da, eta aitzinamenduak ikusi ditu: «Gizartea sentsibilizatzen ari da poliki poliki, denbora kontua da».
Inklusioa da zioa
«Denetarat abian gara, jendeak ikusi behar ditu autistak, har dezala haien usaia», erran du Maialen Pintok.
Iragan berri diren Larzabaleko (Nafarroa Beherea) bestetan egon dira, herritarrekin batera haien ospatzen. Herrian berean dagoen Bizideki helduentzako egoitza medikalizatuan astialdiaz arduratzen den hezitzaile berezia da Pinto, duela hogei urte.
Bertan bizi diren 27 egoiliarrak autistak dira. Aisialdi mota guziak praktikatzen ditu haiekin, nornahik bezala, baina bakoitzaren beharretara egokituz. Badaki autismoak eragiten diela funtzionamendu pertsonaleko bi arlori: komunikazioan eta gizarte elkarrekintzan, batetik, portaeraren eta pentsamenduaren malgutasunean, bertzetik. Konpromiso dorpea, non ere baita: talde jarduerak eta aldi berean pertsonalizatuak.
Fernandez-Valtierrak ere gauza bera uste du: «Diagnostiko bera duten arren, ez daude autismoaren espektroaren nahasmendua duten bi berdin, bakarrak eta errepikaezinak dira».
Horregatik ere, Arrastiak azpimarratu du: «Moldatzen gara beraien beharretara. Saiatzen gara eskaintzen bakoitzari behar duen aisialdi mota, pertsonalizatua da. Talde batek bestearekin ez dauka zerikusirik».
Bizidekiko gela sentsorialean urezko ohe berotua dute, argi ezti koloretsua eta musika paratzeko parada, ohe kulunkaria, masaje xokoa, kolore eta formen bidez pianoa jotzekoa... Intimitatea du helburu, norbera bere baitaratzeko ezinago gune egokia. «Egun guziez baliatzen dugu, errotik lasaitzen dira gela honetan, dena neurtu daiteke izarira: bolumena, argia...», erran du Pintok.
Gelaren bortan itsatsirik diren argazkiek belkroa badute saihetsean, argazki berdin-berdina itsasteko. Autistenak dira: aktibitate bakoitzeko badute irudi edo piktograma bedera. Goizero jakin behar baitute xuxen egunaren sekuentziak zein izanen diren.
Egoiliar bederak badu bizi proiektua, zeinaren xedeak eguneko aktibitate orotan lantzen baitituzte transbertsalki. Aktibitateek «trama» bat dute: «Antzinetik jabetu behar dira noiz zer eginen duten, jakiteko noiz, norat eta norekin joan». Gisa horretan, eguneko lehen aktibitatea ibiltzera joatea bada, egitarauan ibilaldiari lotutako irudi bat ukanen dute, autista bakoitzak bere erreferentzien araberakoa. Irudia harturik, egoitzaren ate nagusira joanen da, eta ibilaldiaren irudi berdinaren ondoan kolatuko du.
Pasaietatik landa, itzuliko da sekuentzia taulara, eta hartuko du ondoko aktibitateari dagokion irudia, eman dezagun, igeri lekua. Donibane Garazikora joateko usaia baitute, astean behin.
Haientzako da barneko igerilekua egun horretan: «Beste igerilariak ezagutu ezean, izutu daitezke, ur ziliportak bisaian bilduz edo. Haurrak, izutu daitezke ere, autistak ikusteko usaia faltaz. Ez da beti erraza. Aski estigmatizatuak gara, ez dugu gehiagoren beharrik», oroitarazi du Pintok.
Inklusioa dute helburu denek, eta, autisten aisialdian hauta bada ere, artikulu honetan mintzatu direnek azpimarratu dute oraino badela bide puska urratu beharra.
Larzabaleko zentroko autistena da adibideetako bat: egoiliar bat Jutsiko (Nafarroa Beherea) etxalde batera joaten baita gasnatzera, eta bertze bik beharretan direnei apairuak banatzen dizkiete.
Honerainoko bideari esker, mota orotariko astialdia praktikatzen du Azaolak ere, behar bereziak dauzkatenentzako egokitua: padel, ekitazio terapeutikoa, saskibaloia, sukaldaritza, arte Nahiarte elkartean, dantza garaikidea... Baina baita ikus-entzuleorori eskainia zaiona ere: «Oso pozik doa. Proposatzen dizkiete ere haiei egokitu gabeko planak», erran du Sanzek. Gorabide elkarteari esker, larunbatero doa bolotan aritzera, zinemarat, musika entzutera...
Nota koloretsuak
Musika solas, aipagarria da Mondragon Unibertsitateko Jose Ramon Vitoria irakasleak landu zuena: Ascheroren metodologia baliatuz, euskal musika ezarri zuen autisten eskuragarri Ostadarren hotsaz (Hik Hasi, 2001) liburuan, Jose Mari Auzmendi zenaren laguntzaz. Musikaren hizkuntza kolore eta formen bidez adierazten du metodologiak.
Musika eskolako zuzendari zela jin zitzaion gaia lantzeko beharra: «Downen sindromedunei begira, lehenik, baina zabaldu nuen autistentzako ere, gero. Doktore tesia egitean deskubritu nuen gaitasun oso bereziak dauzkatela, autistek bereziki. Arazoa ez da haiena, ezgaitasuna gurea da, ez baikara egokitzen beraien mundura. Musika oso baliagarria izan da haiekin harremantzeko, eta haiek disfrutatu eta lasaitzeko. Sekulako gaitasuna daukate jolasteko intentsitatearekin, soinuarekin, altuerarekin... Ez badiegu laguntzen barruko sentikortasun hori ateratzeko irtenbiderik bilatzen, hor gelditzen da ezkutatuta, hori da pena!».
Larzabaleko zentroan ere lantzen dute bide hori, musikari bat etortzen baitzaie maiztasunez. Pinto: «Zentzumenak gureak baino garatuagoak dituzte, hipersentikorrak dira entzumenari, hunkipenari, usaimenari dagokienez; harrigarria da».
Urrezko laguntza
Dilan 26 urteko autista da. Jean Marc Abadiak adoptatu egin zuen 3 urtetan, haren amaren bikotekidea bilakatzearekin. Geroztik, ofizio ere bilakatu da, laguntzen baitu jende autista lan munduan sartzen. Hirurak batera bizi dira Lapurdi kostaldean: «Dilanek ura eta goratasuna maite ditu. Zaldiz ibili izan da, surfean... Guri bezala, denboran gustuak alda dakizkioke. Ezin du joko kolektiboetan parte hartu, ezin baititu arauak ulertu. Ttipitan haur parkea lasterka inguratzen zuen besoak pinguino batek bezala astinduz. Aldi oroz haurrengana nindoan azaltzeko zer den autismoa, ez dela eritasuna, ez baita sendatzen: hala sortzen dena, hala hiltzen baita. Mendirat eramaten dut, batzuetan marmarika ari bada ere, segitzen du. Beti prest da norabait mugitzeko. Ez du egokitzapen berezirik behar, salbubeti lagundua izan behar duela».
Dilanek ez du solasik egiten, ez ditu monosilaboak baizik igortzen, baina Abadiak argi du: «Ezin mintzatuak ez du erran nahi komunikatu ezin denik». Hezitzaile berezi batekin bi urteko lanketa gaitzaren ondotik, kausitu du adierazten zer nahi duen eta zer ez: «Bere burua ulertaraztea gizaki batentzako sekulakoa da!». Azpimarratzekoa da Dilanek bizpahiru urteko haur baten ahalmen intelektuala duela.
Gautenako gazte autistekin elkar entelegatzeko, Arrastiak ohartarazi du lagun bederak baduela bere manera: «Haurraren arabera piktogramak erabiltzen ditugu, baina bakoitzak komunikatzeko bere era dauka. Izan irudi errealak, objektuen bitartez, beste kasuetan keinu hizkuntza...».
Dilanek, adibidez, bi tableta dauzka komunikatzeko, bata elikadura eta astialdiari dagokionez,argazkien bitartez. Beste tabletan, berriz, jokoak ditu, denetarik, batzuk egokituak autistentzako, bertze batzuk ez. Krisian delarik edo izatekotan delarik, ematen diote. «Janaria eskatzeko gehiago baliatzen du!», gehitu du irriz Abadiak.
Autisten atizak astialdian
Autistei egokitutako aisialdi eskaintzak zabaltzen ari dira, soinua eta argia apalduz. Kasu batetik bertzera ez duenez zerikusirik, autistak aisialdian laguntzen dituztenak haien beharretara egokitzen dira. Talde jokoak salbu, oro har, edonorentzako aktibitateetan parte hartzen dute, lagunduak diren ber.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu