Ingalaterra iparraldea, 2016an. The Old Oak pubaren jabea da TJ Ballantyne. Dibortziatuta dago, eta semeak ez du harekin hitz egiten. Herritarrak biltzen diren lekua da puba; garai batean bertako meategiak ustiatzeaz bizi ziren herritarrak, eta egun amorruz beteta elkartzen dira herriaren egoeraz kexatzera: ez dira errekuperatu haien ogibide ziren meategien itxieratik, etxebizitzen espekulazioaren eraginak bizi dituzte, eta herritar asko pobrezian bizi dira.
Autobus bat iritsiko da orduan herrira: bertan Siriako errefuxiatuak daude, gobernuak herrian ostatu eman die eta. Bizilagunen harrera bortitza izango da: mehatxu bezala ikusiko dituzte, eta konfiantzarik ezarekin eta biolentziaz hartuko dituzte. TJ Ballantynek, ordea, haren tabernako atzealdeko gela irekiko du komunitatearentzat, bai siriarrentzat, bai bertakoentzat, afariak eskaintzeko. Hala, Yararen adiskide egingo da; Yara Siriako emakume gaztea da; anaiarekin eta amarekin iritsi da Erresuma Batura, eta aitaren berrien zain dago, preso baitago haren jaioterrian.
Badira hamar urte Ken Loachi buruzko zurrumurru bat zabaldu zela: erretiratzeko prestatzen ari zen. Erresuma Batuko politikaren egoerak, berriz, filmak egiten jarraitzera bultzatu zuen: bazuen zer kontatu, zer salatu. Horrela, trilogiatzat hartu den filmak aurkezten hasi zen; berrietan azaltzen ez ziren gatazka eta istorioak azaleratzeko asmoz. I, Daniel Blake filmak bihotzeko arazoak dituen gizon baten gatazkak erretratatzen ditu: gobernuaren laguntzak jasotzen jarraitzeko lan egitera behartzen dutenean zentzurik ez duen burokrazia sare batean murgilduko dena. Sorry we missed you 2008ko krisi ekonomikotik zorretan itota bizi den familiaren istorioa da, furgoneta bat lortu ondoren etxerako banaketa enpresa bat sortuko duena. Trilogia ixten duen filma dirudiena da The Old Oak.
Paul Laverty gidoilariarekin berriro ere taldea osatuz, Loachek gobernu britainiarraren immigrazio politika xenofoboei erantzuna eman nahi izan die bere azken filmean. Hala, komunitatean jartzen du begirada, eta langile klasearen solidaritatean esperantza. Erdigunean protagonista bat duen arren, TJ Ballantyne, film koral gisa eraiki du The Old Oak, eta, bi komunitate ezberdinen arteko topaketa erakusteaz gain, kontraesan eta ñabarduraz beteriko ahots indibidualen erretratua eskaintzen du. Errua herriko langileengan jarri ordez, enpatiaz tratatzen ditu haiek, eta, Siriako errefuxiatuak bezala, merkatuak eta interes politikoek agintzen duten errealitate baten biktima direla ondorioztatzen du.
Loachen filmekin gertatu ohi den bezala, ordea, kritika bananduta dago. Batzuentzat, sentimentalismoaren esplotaziora jotzen du, eta gehiegizko azalpen eta deskribapen didaktikoz beteta, inozentea izatera iristen da. Besteentzat, zinemagileak publikoarekin eta haren emozio eta enpatiarekin konektatzea lortzen du, eta egun beharrezkoa den esperantzari aukera bat ematen dio.
'THE OLD OAK'
Zuzendaria: Ken Loach.
Gidoilaria: Paul Laverty.
Aktoreak: Debbie Honeywood, Andy Dawson eta Trevor Fox.
Argazkia: Robbie Ryan.
Generoa: drama.
Urtea: 2023.
Iraupena: 110 min.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Estreinaldia: azaroaren 17an estreinatuko dute Hegoaldean.
Komunitatearen indarra
Ken Loachen azken film luzeak, 'The Old Oak'-ek, bi komunitateren arteko talka erretratatzen du: ekonomikoki arazoak dituzten Ingalaterrako biztanleena eta hara doazen Siriako errefuxiatuena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu