
Jakinaren gainean joan ziren emakume batzuk, eta aurretik Australiara joandako senargaiarekin ezkondu ziren han. «Beste askok, ordea, ez zekiten plan horretako parte zirenik ere. Hasi dira orain argazkiak-eta ikusten, eta orduan konturatzen dira: 'Noski, horregatik etorri nintzen ni neskaz betetako hegazkin batean... Izan ere, niri parrokian galdetu zidaten ea Australiara joan nahi nuen, eta nik baietz esan nien'. Orain jakin dute», azaldu du Natalia Ortiz Zeberiok, Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile donostiarrak. 28 urte daramatza Australian, eta immigrazioari buruzko bere tesia prestatzen ari zela egin zuen topo Marta planarekin: «Gizonezkoek egindako bidaiei buruz bazegoen lan bat eginda, dokumentazioa eta datuak zeudelako, baina emakumezkoei buruz ez zegoen ezer».
Ikusi gehiago:«Misiolari gisa bidali nahi gaituzte»
Eta ikertzen hasi zen, eta ikerlanaren emaitza dira dokumentala —Javier Castro zuzendariarekin batera egin duena— eta bidean datorren liburua. Ez da lan erraza izan. Elizak ez zien hegaldietan joandakoen izenik eman nahi izan, ezta Australiako Gobernuak ere. Hegaldien kopuruaren eta dataren berri baino ez zieten eman: hamahiru hegaldi izan ziren guztira, 1960tik 1963ra; eta hegaldietan iritsi zirenen kopurua: 700 inguru. Hortik aurrerakoa dena izan da ikerketa eta dena elkarrizketa: 120 testigantza inguru.
Ortizek laburbildu du funtzionatzeko era: «Elizak errekrutatzen zituen. Haiek egiten zuten propaganda. Emakume oso elizkoiak eta katolikoak eraman nahi zituzten, eta parrokien bidez, publikazio erlijiosoen bidez konbentzitzen zituzten». Bi urterako lan kontratu bat sinatzen zuten, Australiako familietan etxeko lanak egiteko printzipioz, eta bi urteren ostean bueltatu egingo zirela agintzen zieten. Madrilera eramaten zituzten lehenengo, eta Alcobendasko komentu batean «prestatu»: Accion Catolicako emakumezkoek erakusten zieten sukaldaritza, ingeles apur bat, portaera, eta «balio kristauak». Martek gogoratzen dute denak «elkarrekin» egoten zirela, denak «gustura», dena zela «berritasuna» haientzat. «Baina iritsi Australiara, eta banandu egiten zituzten: bata Sydneyko punta batera, eta bestea bestera. Ez zituzten behartzen, baina egoeraz baliatzen ziren. Behartu, ez zituen inork behartu: egoerak behartu zituen, bakardadeak... Herri txikietatik zetozen, ez zuten bertako hizkuntza hitz egiten, ez zuten ezer ulertzen».

Non ezagutzen zuten orduan elkar? Gazteleraz emandako eliza eta sermoietan. Eta elizak berak ondorenerako antolatzen zizkien dantzaldietan. Gogoan ditu Ortizek bi testigantza: «Kontatu zidan emakume batek nola esan zion gizonari: 'Bakarrik zaude? Ni ere bai. Ezkonduko gara?'. Beste batek: 'Bera ez zegoen gustura; ni oso triste nengoen; eta galdetu zidan: 'Ezkonduko gara?'. Eta ezkondu egin ginen'». Ortizek dio «babestuta sentitzeko modu bat» zela emakumezko haientzat ezkontzea: «Aurrera egiteko eta egoera hartatik irteteko. Askori agindu zieten Australian dirua zuhaitzetatik irteten zela, dirutza irabaziko zutela, bi urteren buruan itzuliko zirela... eta iritsi zirenean konturatzen ziren ez zela inolaz ere horrela».
'Marta' izena, zergatik?
Erregimen frankistak eta Australiako Gobernuak lortutako akordio baten emaitza izan zen Marta plana. Baina lehen akordioa gizonezkoen eskulanari buruzkoa izan zen: Kanguru plana. Gizonezko haiei ere —euskal herritar asko tartean— bi urterako zihoazela esaten zieten, eta bi urteren ostean itzultzeko aukera izango zutela. Itsasontzian joan ziren, 1956 eta 1959 artean. Eskulan ona eta merkea nahi zuten; gizon indartsuak. «Baina haietako asko hasi ziren aberriratzeko eskatzen, oso bakarrik sentitzen zirela esaten... Suizidioren bat ere egon zen. Hor sortu zen emakumezkoak eramateko ideia», azaldu du Ortizek. Ez dago kopuruari eta halakoei buruzko akordiorik idatzita. «Zegoen akordio bakarra zen 35 urtez azpiko emakumezkoak izan behar zutela, ezkongabeak —inork ez zien galdetu amak ziren eta haietako batzuk ama ezkongabeak ziren— eta katolikoak».
Eta planaren izenak ere badu bere azalpena: «Konnotazio erlijiosoa dauka». Marta Betaniakoa Bibliako pertsonaia bat da: Lazaroren arreba eta Maria Betaniakoaren ahizpa, eta Lukasen eta Joanen ebanjelioetan agertzen da. Jesusekin joan zen Kalbarioraino. «Maria zen intelektuala eta Jesusen hizketaldiak entzuten zituena, eta Marta zen garbitu, jaso eta etxeko lanak egiten zituena. The Handmaid's Tale telesaileko emakume zerbitzariei ere horrela deitzen zaie: Marthas».
Ortiz ikerlariak argi utzi nahi izan du 700 esperientzia horietan denetarik egon zela: senargaiarengana zihoazenak, ahalordez ezkontzera zihoazenak, eta benetan zertara zihoazen ez zekitenak. Eta azken horiek zirela gehienak: «Uste zutelako bi urterako zihoazela lanera, eta itzuli egingo zirela gero. Ezin da esan denak engainatu zituztela, eta egia da asko kanabera ebakitzaileekin ezkondu zirela, baina beste asko artzainekin, igeltseroekin edo basomutilekin ezkondu ziren».

Kontua da Francoren erregimenaren helburua zela espainiarrak espainiarrekin ezkontzea, eta Australiako Gobernuarena ere bai kanpotik zetozenak australiarrekin ez nahastea — «oso arrazista izan da Australiako gizartea», zehaztu du Ortizek—. Horregatik dio istorioa kontatu nahi izan duela, baina bi herrialdeetako jendeak jakin dezan: «Ezin diogu istorio honi galtzen utzi. Ez alde batetik, eta ez bestetik. Australiak garai hartan ez zeukan harreman diplomatikorik Espainiarekin, baina sinatu zuen tratatu bat diktadura batekin eskulana bertara eramateko. Hori kontatu egin behar da, eta heziketarako gida moduko bat egin dugu, eta Australiako institutuetan eta unibertsitateetan ere sustatuko eta banatuko dugu, iraganari esker ikasteko».
Emakume ikusezinak
Ikertzen jarraitzen du Ortizek, eta testigantza gehiago ari da jasotzen. Pandemia sartu zen tartean ikerketa betean, eta Australiatik irten ezinda egon zen ia bi urtez: «Pentsatu nuen: emakumezko hauek hiltzen badira, haiekin batera hilko da haien historia». Eta hil dira haietako asko, eta seme-alaben eta ingurukoen bidez ari da Ortiz materiala jasotzen —urrian entregatuko du liburuaren lehen zirriborroa, eta n.ortizceberio @unsw.edu.au helbidean segitzen du testigantzak jasotzen—. «Emakumezkoen istorioak historian presente egotea nahi dut, zeren erabat isilarazita gaude: badirudi ez garela existitu. Emakume horiek Australiara joan eta haurrik izan ez balute, Australiako komunitate espainiarra ez litzateke existituko».

1960ko martxoaren 10ean iritsi zen lehen hegaldia Australiara, eta martxoaren 3rako ekitaldi bat antolatu dute Espainiako Gobernuak, Cervantes Institutuak eta Australiako enbaxadak. Dokumentala emango dute, eta marta izan zirenek eta haien senitartekoek elkar ikusteko modua egin.