Xabier Lete ari zaigu, Gero taldearen izenean, Jon Miranderen idazlan hautatuak (Mensajero, 1976) liburuaren aitzin oharretan. «Jon Miranderen prosa-lan hautatuak argitaratzearekin, lan balios horiek euskal irakurlegoari eskaintzeaz batera, guk denok dugun zorraren zatitxo batzuk bederen, ordaindu nahi izan dizkiogu Miranderen oroitzapenari (...) literatur lan oso baliosa osatu zuen, sail eta jenero desberdinak ukitu eta landuz: ipuina, nobela, poesia, saiakera, literatur kritika, gizarte kritika eta abar (...) Mirande estilista amorratu eta irudimen libreko idazlea zen, eta bi exijentzia horiek behar-beharrezko dira literatur alorrean zerbait baliosik egiteko (...) Jon Miranderen literatur lanak argitaratzea komenigarri, ernegarri eta beharrezko zen, eta, guk, [Txomin] Peillenen laguntzaz, gure zatitxoa jarri nahi izan dugu. Kriselu argitaldariak Miranderen poemak argitaraturik ditu [Orhoituz, 1976]; hori gertatuko zela bagenekien, eta horregatik bilduma honetan ez dugu haren poesia lanik ezarri (...) Esan beharrik ez dago gure liburu honetako materialaren biltzaile eta ordenatzaile Txomin Peillen izan dela». Eta Peillenen beti-betiko esanen arabera, berriz, berak igorria Xabier Letek ez beste inork zuen ordenatu, josi, eta argitaratu: Miranderen prosa hautatua.
Jon Mirande eta politika
Ageriko denez, Txomin Peillenek bere ikusmoldeak agindu zionez antolatu zuen Jon Miranderen gaineko materiala. Letek erran delako material hori on zurrean berregituratu nahi izan zuen, eta hortxe lehen korapiloa. Lete da mintzo Miranderen idazlan hautatuen oharretan: «Hala ere, kapitulu bat falta da, Peillenen bilduman bederatzigarrena izan behar zuena, 'Jon Mirande eta politika' deitua. Hutsune hori nabarmena da, eta Peillen berari jokamolde horren zergatiak adierazi genizkion, eta berak onartu-edo, ez bere buruari bortxakeriarik gabe (...) kapitulu hartan zentsura aldetik ezin argitaratuzko gauza asko zegoen (zoritxarrez); beste zenbait gauza, Mirandek honekin eta harekin izandako eztabaidez zen; (...) hori horrela izanik, kapitulu hartatik ahal zen guztia beste kapitulu batzuetan sartu genuen, materiala berrordenatuz, eta gure iritziz sartu ezin zena bazter utziz. Badakigu erabaki problematikoa eta, beharbada, minberakorra dela, baina ataka batean geunden, eta ez genuen aterabide hobeagorik aurkitu».
Ikusi gehiago:Xabier Lete, Mirandez
1976ko udaberrian argitaratu zuten Miranderen idazlanak biltzen zituen liburua. Aurreko urteko udazken-neguetan gutunez ari zitzaizkion bata besteari Lete eta Peillen, Peillen eta Lete. Eta, horretan, artean aurten, Peillenek eskura jarri zigun garai hartan Xabier Letek idatzi zion gutuna, Jon Miranderen idazlan hautatuak argitaratzea zio. Oharñoa ere egin ohi zion Peillenek Leteren eskutitzari: «Liburua argitaratu eta zentsuratua baino lehen igorria».
1975eko hazilaren 6koa da, Xabier Letek Urnietatik Txomin Peilleni Parisera idatzia.
Eta hasten da...
«Jaso dut zure gutuna (inoiz baino propioagoa 'eskutitza') esan bailiteke!, eta arretaz irakurri dut. Askatasunaren problemaz arras kezkaturik aurkitzen zaitut, eta baduzu arrazoinik asko; hala ere, eta nik baino hobeki dakikezunez, askatasuna, zoritxarrez giza-gogo eta idealismoak sorturiko kontzeptu anti-natural bat da. Eta zerbait izatez gero, egunero eta dialektika sakon eta bihurriaren erdian osatzen joan beharko dugun zerbait besterik ezin liteke izan. Askatasunak edukazio eta ohitura luze eta sakona eskatzen du, eta sozial kondizione onuragarriak; guzti horiek faltatuz gero, oxigenorik gabeko landare bat besterik ez dukezu askatasuna.
»Ez da beraz harrigarri euskaldunak aske izaten ez jakitea, gaurko euskalduna izaki beldurti eta marjinala da eta guztiaren beldur da. Zaharrak gazteen beldur ditugu; gazteok zaharren eta beren susmo-txarren beldur gara; eskuindar ustekoek ezkertiarren beldur izugarria dute eta alderantziz... Eta guzti hori borobiltzeko denak batera Madrilen beldur gara, eta abar. Eta kondizione beldurtsu horietan ideien eta ekintzaren baldintza ahalik eta zabalenak geuk ezin ezarri ditugularik, askatasuna ezinezko amets bat besterik ez da.
»Ni Euskal Herrian ez naiz inondik ere espresatzeko libre sentitzen, eta horrek ez du esan nahi sakon-sakonean eta funtsean librea ez naizenik. Nire buruak ere askotako libertateak dastatzen ditu, eta nire izpirituak berdin; baina bat da norberaren askatasuna eta bestea askatasunaren posibilitate gizartetsu publikoak. Horietaz gaur egun ez naiz batere fido, eta ez dut [uste] hemen libertate horrentzat bide egokirik gaur badagoenik...
»Bestek kontrolatzen gaituen adina kontrolatzen dugu gure burua. Kontrol hori ez daramakitenek, uste dut gure herrian on adina kalte egiten dutela sarri, eta hori egiaztatzeko ez dago azken urte hauetako hainbat polemika, eztabaida, burruka zital ikusi besterik; hori guztia, jakina, askatasunaren izenean egina, askatasunaren eta gizartea aintzinatzearen izenean. Zer nolako gauza barregarri eta samingarria!
»Nolanahi ere, askatasuna ahalik eta zabal-sakonean guztiz beharrezko dugu idazleok batez ere, eta saiatu behar gara lortzen; baina zail eta korapilatsu izanen da, ene iritziz, eta agian gaur-gaurkoz ez dira gureak eskubide guztiak».
Poemak, kusina
«Luzatzen eta zeharkatzen ari naiz? Barka. Bi gauza konkretu aipatu nahi nizkizun, eta zure erantzunean ez zenidan horretaz deusik aipatzen. Bata, Miranderen poemari buruzko planteamendu bat egiten nizun, eta zure erantzunean ez zenidan hortik deusik aipatzen. Zer egingo dugu, beraz, guk dauzkagun poemak argitaratu, ala bilduma osoa Kriselu argitaratzearen zain egon?
Ikusi gehiago:Poema: Magdalena maiteari
»Beste kezka bat badut askoren artean. Seigarren kapituluaren azken partean, Haur Besoetakoa ipuin-berriaren nondik norakoa aipatzen duzularik, Miranderen eskutitz bat ezarri duzu (1956.10.17 fetxaduna) eta eskutitz horretan Mirande kusina gazte batekin Sohütan izaniko harremanetaz mintzatzen da, ez nehori sekretu agertzeko erregutuz. Beraz, eta guk eskutitz hori argitaratzeko igorri didazularik, kezkaturik geratu naiz. Delako kusina hori ez ahal da oraindik bizi? Esposaturik legoke agian? Miranderen sekretuaren deskubritze horrek ez ahal lioke agian emazte horri kalterik egingo? Gauza hori argitaratzeaz gero, ziur naiz Xuberoraino helduko dela asunto horren zurrumurua.
»Mirande hil zen, eta nehork ez liezaioke kalterik egin, baina, ene iritziz, bere kusina hura oraindik bizi bada, alukeria haundia litzateke gertakizuna izan zen bezala aipatzea. Kusina gazte batekin izaniko harremanaren lekuan 'neskato gazte' besterik zehaztu gabe ipini liteke? Zer diozu? Behar den informazionea erdiets ezazu eta azkar erantzun, mesedez; zeren arazo korapilatsu horren azken erabakia, zure eskutan uzten baitut.
»Zure erantzunaren zain bihotzez agurtzen zaitu zure lagun gazte honek».
Mirandek Peilleni 1956ko urriaren 17an igorri gutunaz den bezainbatean, Miranderen idazlan hautatuen liburuan eransten asmatu zuen Letek. Mirande dugu, beraz, Peilleni ari.
«...Gainera, bi poema igortzen derautzut —eta horiek zuhaurentzat begiratzen ahal dituzu—, erdaraz eta euskaraz. Erdarazkoaz ez dut zer erranik, goi-hatsez beterik dela zuhauk ikusiko duzu; euskarazkoak, aldiz, azalpen-hitz zenbait behar ditu: poema erotiko-metaphysikoa duzu, ulergaitz samarra. Azken oporretan Sohütan, neska gazte batekin (15 urte du) ukan ditudan 'harremanak' ditu oinarritzat, eta arimari eta biziari buruz ditudan iritziak bidenabar agertzen dira, hitz-erdika. Paraphrasis bat egin gai deraukot, baina lehenik jakin nahi nuke zuk nola ulertzen duzun; hizkuntza den aldetik, neurria ezarri deraukot zuberotar akzentari jarraikiz; hona hitz zenbaiten azalpena. Gei: gauza, bizkaiera zaharrean; ohar nendinean: ohartu nintzenean; piztu zezanean: piztu zuenean, arkaismo bat da; joran: irriki, nahikari bizi...». Eta Mirandek poemako hitz horien azalpena egiten duelarik, eta hitz horien aztarnari segika, jakiten ahal dugu zein den poema erotiko-metafisiko hori; alegia, beti-betiko Larrazken gau batez (edo the mad pride of intellectuality) [intelektualtasunaren harrotasun eroa], zeina baita Mirandek «Magdalena maitea» gogoan hartu eta ondu poema. Magdalena. Kusina. Sohütako neska(to) gaztea.
Egiaz eta begiaz
Xabier Letek Txomin Peilleni (Mirandez)
Iragan abenduaren 9az gero hari luze mehe batek loturik dira Txomin Peillen Karrikaburu eta Jon Mirande Aiphasorho. Elkarren lagun eta adiskide izan ziren Parisen eta, Mirande 1972an zendu zenetik, haren argi-itzal eta gordegi bihurtu zen Peillen. Bi paristar zuberotarren arteko zubi, Xabier Leteren gutun bat 1976an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu